Elkarrizketak

Iparragirre Saria 2015 (II): Leire Alonso Allue

Ostirala, 2016-07-15

Oihana Iguaran Barandiaran (poesia), Leire Alonso Allué (narrazioa) eta Ekaitz Goikoetxea Asurabarrena (bertsopapera) izan dira 2015eko Iparragirre Sariko irabazleak. Aurten plazaratu dira hiruen lanak liburu bakarrean, Bermingham argitalexearen eta Urretxu eta Zumarragako Udalen eskutik. Horrelako argitalpenek merezi dutena baino oihartzun apalagoa izan ohi dute, baina bertan literatur harribitxiak topatzen ahal dira sarri. Irakurleak harrapatzeko eta asaldatzeko moduko testuak topatu ditugu ale honetan topatu ditugunak, kasu. Hiru protagonistak elkarrizketatu ditugu banan-banan.

Iparragirre Saria 2015 (II): Leire Alonso Allue

Leire Alonso Allue

Gorritik morera dantzan (narrazioa)

"Izenik gabeko neska gazte kanpotarra zen New York handiko antzoki ahaztu batean. Bere gorputzarekin adiskidetzeko beharra zuen emakumea zen. Atlantikoaren alde batetik bestera ihesean, Atlantikoaren alde batek kendutakoa bestean aurkitu nahian.

Lehen emanaldiaren aurretik aitortu zion Erikari beldur zela. Ez zela sekula jendaurrean biluzik agertu. Biluztasunak beldurtzen zuela aitortu zion Erikari lehen emanaldiaren aurreko ezinegonean.

Behar zuela. Behar zuela erantzun zion ea emanaldia zrgatik egin nahi zuen galdetu zionean. Ez zela nahi hutsa, ez zela ideia bat, beharra zela. Bere gorputza aldarri bihurtzeko beharra sentitzen zuela, beldurtu arren".

“Literaturari dagokionez, etxeko istorioak entzuteak zaletu zuen ipuinetara. Eskolako bertsolaritza klaseetan deskubritu zuen idazketa. Bidean topatutako lagunek irakatsi diote literatura egitea zer den.” Lerro horiek topatu ditugu zure biografian. Zer da egun, beraz, zuretzat literatura?

Irakurtzea ezinbesteko dut. Eguneroko lana osatzeko matematika dibulgazioa irakurtzen dut. Egunerokotik ihes egiteko bestelako literatura. Idazteari oso denbora gutxi eskaintzen diot. Institutuan zaletu nintzen eta oraindik ere izaten ditut lanen batean murgiltzeko boladak. Buruan ipuin bat sortzeko moduko ideia bat bueltaka dudanean gustatzen zait hariari tiraka ibiltzea, eta inoiz ipuin izatera iristen da jolasa. Poemak ere idazten ditut tarteka, neure buruan bilduta maiz, lagunen batekin elkarlanean inoiz. Lagunarteko literatura dut gustuko, harremanez elikatzen dena eta harremanak elikatzen dituena. Literatura jolas izan dut beti.

Eta zer eman dizu lehiaketara honetara aurkezteak, eta batez ere, zure testu bat argitaratzeak?

Ipuina idaztea dibertigarria izan zen. Lehenago saiatu gabe nengoen kontu batzuetan zentratzen saiatu nintzen estiloari dagokionez. Ohi dudanez, esaldi motzak erabili nahi nituen, baina gaian sakonduta edo behintzat pisuzko gai bat argi, zuzen aurkeztuta. Behin ipuina saritu zutela jakinda, argitaratzeko bidea gozoa izan zen. Aurretik halakoetan ibili gabea nintzen, eta Felix Maraña gidari ona izan da bidea ezagutu eta prozesuaren parte sentitzeko. Oihana eta Ekaitzen lanen artean nirea agertzea ederra da, mimoz gordeko ditut liburua eta Iratik sarreran idatzitakoak.

Narraziogintzarekin duzu loturarik estuena, edo landu dituzu beste genero batzuk ere?

Ipuinak idaztea da gehien dibertitzen nauena, irribarre gehien lapurtzen didana aritu bitartean. Poema sorta txikiren bat edo poema solte batzuk ere idatzi izan ditut. Landu, ez dut inolako generorik landu. Institutuan Ekaitz Goikoetxeak lagundu gintuen idazten hasi ginenean. Halere, garai hartan bai eta batez ere handik aurrera, buruarekin baino, erraiekin idaztekoa izan naiz.

Gatozen “Gorritik morera dantzan” narraziora. Badago lotura bat biluzik sentitzea eta oholtzara ateratzearen artean. Horrela bizi duzu zuk?

Bideak alderantzizkoa izan behar duela esango nuke, eszenatokira atera eta biluzik sentituz gero zerbait ez dela erabat ongi egin. Biluzten ikastea lehenagotik egin beharreko lana da. Biluzten ikasi duenak lortzen du eszenatokira atera eta ase sentitzen. Eszenatoki batera irteteko modu asko dago, baina duena eskaintzeko, biluzteko prest irteten ez denari beti falta zaio zerbait.

Ipuinean, Garazi literalki biluzik azaltzen da agertokian. Baina hasieran esaten du, Gaur sentitu da biluzik lehenengoz, orain dela sei hilabete New Yorken emanaldia hasi zuenetik. Biluzik egotea eta biluzik sentitzea ez da gauza bera.

“Bere gorputzarekin adiskidetzeko beharra zuen emakumea zen”, irakurriko dugu une batean, “Behar zuela. Behar zuela erantzun zion ea emanaldia zergatik egin nahi zuen galdetu zionean. Ez zela nahi hutsa, ez zela ideia bat, beharra zela. Bere gorputza aldarri bihurtzeko beharra sentitzen zuela, beldurtu arren”. Biluzik sentitze horretan, zer nolako oholtza da gorputza?

Badira bizitzan norberak aukeratu edo aldatu ezin dituenak. Bat da gorputza. Gorputza bat eta bakarra du bakoitzak, eta horretan bizitzen ikasi beharra dago. Zaila da, ordea, batzuetan, norbere gorputzean bizitzen ikastea. Traba fisikoak izaten dira. Baita traba sozialak ere. Gizarteak eragin handia du nork bere gorputzarekin duen harremanean, emakumezkoen kasuan bereziki. Zailtasun hori islatu nahi izan dut Garaziren istorioarekin.

“Baina emakume asimetrikoak ez dira konpainia handiekin agertokira irteten”. Eta zer nolako aldarria da gorputza, aldarri ere izanez gero?

Gorputza betidanik izan da aldarri. Norbere askatasun eta existentziarekin erabat lotuta dago. Ipuinari dagokionez, Garazi dantzaria da, gorputza du lanbide. Halakoetan are gogorragoa da gizartearen, estereotipoen pisua. Garaziren gorputza eraldatu da eta kostatu egiten zaio bere burua ispiluan aurkitzen. Horretaz gain, lana galdu du. Lana galtzeak, inguruak ez onartzeak areagotu egiten du bere gorputzarekin duen liskarra. Bere gorputza maitatzen ikasi behar du egoerari aurre egiteaz batera. Eta biluzten ikastean, berradiskidetzean, gorputza aldarri bihurtzeko beharra sentitzen du. Erabaki du ez duela inoren baimenik behar bere gorputza arte izan dadin.

Narrazio honetan agertzen dituzun ardatzak oso potenteak dira, egungo garaietako jendarte-kezketan segur aski zeresan handia eman dezaketenak. Narrazio honetan agortu zaizun bulkada da gai horietan murgiltzekoa, edo gehiago ere eman dezakeena?

Emakumeari eta gorputzei buruz idazteko joera dut aspaldian. Neure kezka eta interesei jarraituz alde batetik eta baita lagun feministek irakatsitakoek eraginda ere. Gure inguruan lana behar duen gaia da. Borrokak kalean jarraituko du, dena dela.

Baduzu bestelako idazketa proiekturik esku artean?

Literatura egin nahiko nuke maite ditudan gaiei buruz. Matematika dibulgazioa egiten ikasteak ilusio berezia egingo lidake. Musika eta literatura uztartzen asmatu nahiko nuke. Baina proiektu baino, epe luzerako ametsak dira horiek.

EGILEARI BURUZ

LEIRE ALONSO ALLUÉ (Burlata, 1994). Pablo Sarasate kontserbatorioan egin zituen biolontxelo ikasketa profesionalak. Bartzelonako Unibertsitatean hasi eta egun EHUn egiten ari da matematikako gradu ikasketak. Hezkuntzaren arloko boluntariotzetara zaletu da azken urteotan.

Literaturari dagokionez, etxeko istorioak entzuteak zaletu zuen ipuinetara. Eskolako bertsolaritza klaseetan deskubritu zuen idazketa. Bidean topatutako lagunek irakatsi diote literatura egitea zer den.

IKUS egilearen bloga

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)