Elkarrizketak

Iparragirre Saria 2015 (III): Ekaitz Goikoetxea Asurabarrena

Ostirala, 2016-07-15

Oihana Iguaran Barandiaran (poesia), Leire Alonso Allué (narrazioa) eta Ekaitz Goikoetxea Asurabarrena (bertsopapera) izan dira 2015eko Iparragirre Sariko irabazleak. Aurten plazaratu dira hiruen lanak liburu bakarrean, Bermingham argitalexearen eta Urretxu eta Zumarragako Udalen eskutik. Horrelako argitalpenek merezi dutena baino oihartzun apalagoa izan ohi dute, baina bertan literatur harribitxiak topatzen ahal dira sarri. Irakurleak harrapatzeko eta asaldatzeko moduko testuak topatu ditugu ale honetan topatu ditugunak, kasu. Hiru protagonistak elkarrizketatu ditugu banan-banan.

Iparragirre Saria 2015 (III): Ekaitz Goikoetxea Asurabarrena

Ekaitz Goioetxea Asurabarrena

Urrian abendu bada... (Bertsopapera)

(5.)

Zergatik egin didate

belarrietatik tira?

Zergatik burla, iseka

eta barre aurpegira?

Mehatxatuen ezpainak

matxinatuko balira,

antzaldatuko lukete

nire begien distira.

Horrelako erasoak

salatzea komeni da,

laguntza eske jarri naiz

helduagoei begira,

baina helduentzat ere

umeen kontuak dira.

Bat-bateko bertsolaritza, bertso jarriak. Elkarren talkan bizi dituzun adierazpideak dira, edo elkarren osagarri?

Irakurtzen eta idazten ikasi nuenetik, irakurtzea eta idaztea izan dira gehien asebete izan nauten zaletasunak, aisialdian denbora gehien eskaini diedanak. Oro har, ezagutzen nautenek bat-bateko jardunetik edota bertso jartzaile gisa ezagutzen banaute ere, hitzezko adierazpide ezberdinak landu izan ditut, ahozko nahiz idatzizko ipuingintza, poesia, aforismoak, haur-kantak… Irakurri ere denetik irakurtzen dut, poesia eta saiakera batez ere. Sormena, sortzea maite dut bere adierazpide eta adiera guztietan.

Bertsoei dagokienez, aldi berean eta maitasun eta denbora bertsua eskainiz landu izan ditut bat-batekoa nahiz idatzia, eta normala denez, nire bat-bateko jardunean nabarmena zen idatziaren eragina, bakarkako ariketetan baliabide literario eta irudietarako nuen joeretan batez ere. Adierazpide ezberdinak elkarren osagarri, eta, batez ere, neure burua osatu eta aberasteko ezinbesteko ihesbide eta helduleku modura bizi ditut.

Talkak eta borrokak neure buruarekin izaten ditut, ikaragarrizko errespetua diot kanporatzen dudan hitz bakoitzari, eta ez dut paperean hilezkortuko dudan hitzak ordezkatuko duen zuriuneak adinako esanindarra izango duela sentitu arteko onik izaten. Etxean, norbere bakardadean, sortzen dena epaituko duten begi-belarriak norberarenak baino ez direnean, zilegi, eder eta aberasgarri irizten diot hitz bakoitza horrenbeste bihurritzeko ahaleginari. Baina idatziz zilegi dena, zailegi da bat-bateko jardunean, entzuleak noiz hasiko zain-zain dauzkazunean. Asko kostatzen zitzaidan bat-batean bertso txarrak bota nitzakeela onartzea.

Liburuko biografian irakurri dugu duela urte batzuk sorkuntzan murgildurik ibili zinela, eta gerora etenaldi luze bat egin zenuela. Zer behar duzu sortzen hasteko, edo agian zehatzago esanda, sortutakoa plazaratzeko?

Sortzeari ez diot sekula utzi nahiz eta bat-bateko jarduna utzi eta urte askoan lehiaketetara ez dudan lanik aurkeztu. Ikasketak bukatu eta nerabezaroan ez ditugun egiteko eta ardurei heldu behar izaten zaie gaztaroan, eta aisialdiko denbora eta lehentasunak bestela antolatzen hasten gara. Zernahi egiten dudala, ahalik ondoen egitea gustatzen zait, eta gaur egun ez dut modurik nahi nukeen guztia egin eta sortzeko, ez nahi nukeen bezain ondo behintzat.

Urte askoan ohiko irakasle lanetan ez ezik, ikasketaburu ere aritu naiz bi ikastetxetan, eta irakasle, ikasle eta gurasoen kezkak, beharrak, arazoak entzun eta guztion ongizaterako gune eta une askeak, elkarbizitza, zubiak, irribarreak sortzea izan dut lehentasun. Entzun egin dut, erreparatu, isiluneak eta begiradak irakurri, ulertu, eta ikasgeletan, ikasleekin eta ikasleentzat, bestelako eguneroko bat sortzen ahalegindu. Hitza bitarteko dela beti, eta ez helburu.

Sortzaile on batek asko irakurri behar du, asko idatzi eta gutxi publikatu. Elvira Sastreri irakurri nion orain gutxi, eta neure egiten ditut bere hitzak.

Dena den, literatura irakasten duzu, literatur saio bat gidatzen jardun zara Segura Irratian (“Itaka”). Letrekin etengabe harremanean egoteak lagunduko zizun idaztera bueltatzeko orduan...

Gehiago edo gutxiago idatzi, nire egunerokoa sormenari oso lotua dago. Segura Irratiko Itaka saioaren aitzakian, sortzaile askoren lanak jarraitu eta gozatzeko aukera dut, eta ogibidez Euskal Hizkuntza eta Literatura irakasten dudanez, letrekiko harremana etengabea da.

Hala ere, urte hauetan bizi eta sentitutakoak (langabezian dauden ikasleen gurasoen egoerak, etxegabetutakoenak, bere buruaz beste egin zuen ikasle ohi batenak, jazarpena sufritzen duten ikasleenak) bila aritu gabe, behartu gabe kanporatzen zitzaizkidala ohartu nintzen bat-batean, aforismo eta bertso forman gehien-gehienak. Eta utzi egin nion esateko nuenari hitz egiten. Horrela ondu nituen etenaldiaren osteko lehen bertso sorta, eta bigarrena. Eta egia esan, oso gustura sentitu nintzen neure buruarekin, aurrez sentitu gabea nintzen horrelako betetasuna. Azken bertsoa papereratu nuen egunean, urtero bezala, barruan Basarri Sariko oinarriak zekartzan gutunazal bat jaso nuen Zarauztik, eta beste inori erakutsi eta kantatu gabe, bidali egin nituen lehiatzeko modukoak zirelakoan. Eta hilabeteren buruan hara! Nire urtebetetze egunean bi sariak irabazi nituela esanez deitu zidaten, zer eta etenaldiaren aurreko azken saria irabazi nuen sariketa berean. Opari ederragorik! Baina benetako saria bertsoak irakurri dituztenengandik jasotako zorion hitzak izan dira. Ederra da zuk sortua jende askoren gozagarri dela sentitzea, batek baino gehiagok sortako bertso guztiak buruz ikasi dituela entzutea.

Laburragoa edo luzeagoa izan, isilunea ezinbestekoa da nire sortze-prozesuan. Isiluneak esatekoak elikatzen dizkit.

Zer funtzio bete dute, zure ibilbidean, lehiaketek? Etapa batean zein bestean, hainbat sari jaso izan duzu...

Lehiaketekin ala gabe, saritua izan ala ez, idazteko eta kanturako nuen grina ikusita, uste dut berdin-berdin jarraituko nukeela sortzen. Hala ere, idatzi nuen lehen ipuina saritua izateko zori ona izan nuen, eta gerora ere parte hartutako lehiaketa ugari irabazi ditut. Eta sariak beti dira sortzen jarraitzeko akuilu, aurkeztutako lanak gutxieneko maila bat baduen berme. Hasiberritan, eta ez hain hasiberritan ere bai, ikaragarri eskertu izan ditut epaimahaiko eta adituen aupada eta hitzak. Gaur egun, ahalik hartzaile anitzenaren iritzia eta sentsazioak hartzen ditut kontuan, arrebarena, gurasoena, lankideena, ikasleena, bertsozale eta literaturzale izan ala ez. Hunkitu egin ninduen ikasgelan “Urrian abendu bada…” bertso sorta kantatu eta 15 urteko ikasle bati ostia, ze ona! entzuteak.

Ume etorkin baten gorabeherak landu dituzu ”Urrian abendu bada...” lanean. Nola iritsi zara gai horretara? Zerikusia izan du hezkuntzan duzun esperientziak?

Bai, jakina. Irakasle, ikasketaburu, eta, batez ere, hezitzaile modura, orotariko egoerak kudeatzea egokitzen zaigu: etorkinen integrazioa, elkarbizitza, jazarpenak, erasoak,… Eta ikastetxe askotan bezala, gurean ere badira lan bila etorritako etorkinen seme-alabak, azal ilunxeagoa dutelako, betaurrekoak daramatzatelako, gizenxeagoak direlako, dena delakoagatik irainak eta mesprezuak pairatu behar izaten dituzten ikasleak.

Egunerokoan bizi izandakoa, laguntza eske etorritakoei entzundakoa, ikusitakoa papereratzea, horixe da egin dudana. Baina oraingo honetan ere berez-berez azaleratu zaizkit hitzak, barruak kanporatzeko beharra izango balu bezala.

Eta bide batez, aurreiritziak gainditzeko aukera ematen digute bertso hauek. Besteak beste, bertako ahots nagusia euskaraz mintzo delako bere etorkin izaeraz...

Bizi dudanaren lekukotza baino ez dira nire bertsoak. Gaur egun, gero eta ohikoagoa da ikasgeletan euskaraz mintzo diren etorkinak ikustea. Euskal Autonomia Erkidegoan herri askotan beste aukerarik ez dagoelako, eta Nafarroan ere, oraindik gutxi, baina gero eta gehiago direlako D ereduan ikasteko hautua egiten dutenak. Urtebete-biren buruan euskaraz txukun eta egoki mintzatzeko gai dira. Izan ditut eskolaz kanpo ere beren artean euskaraz egiten duten anai-arreba etorkin ikasleak. Inguru euskaldun-euskaldunean ama eta aita-hizkuntzak euskara dituzten neska-mutilak gaztelaniaz entzuteak kezkatzen nau ni.

Euskaldun jendartean, ezkertiarrenen artean batez ere, agian ez gara nahi genukeen bezain irekiak gai batzuetan? Etorkinen gaia izan daiteke adibide bat, baina baita ere matxismoa, edo animaliei errespetua...

Euskaldun nahiz munduko edozein txokotako herritar izan, jarrera irekiagoa, errespetutsuagoa, hurbilagoa, eta batez ere iraunkorragoa izan behar genuke etorkinekiko, animaliekiko, naturarekiko, euskararekiko, presoekiko, errefuxiatuekiko, sufritzen ari diren guztiekiko. Zer esanik ez, geure burua ezkertiartzat dugunok. Urtean behingo elkarretaratze eta diskurtso hutsaletara mugatzen dugu gure jarrera, baina jarrerak eta ekarpenak eraginkorrak izango badira, aktiboak eta iraunkorrak izan behar dute, une orokoak.

Ba al dakigu gure ikastetxeetan zenbatek eta zenbat sufritzen duten? Kontziente al gara? Klasea ondo emateaz baino klasekoak (elkarrekin) ondo eramateaz arduratu behar ginateke, lezio eta irakaspenez baino heziketaz, irain, mesprezu eta erasoez gain, traturik eza ere tratu txarra dela jakitun.

Erraza da, eta polita, gure burua euskaldun, ekologista, feminista eta ezkertiar aurkeztea. Badenak ez du, ordea, bere burua izendatu beharrik izaten. Hitzek ez, jarrerek defini gaitzatela.

Ume etorkin baten bizipenak dira, nabardura bereziak ematen dizkio kantatutakoari ume izaerak?

Ume baino, eskolan bullying-a sufritzen duen hamahiru-hamalau urte inguruko nerabe etorkinaren ahotsa da papereratu nahi izan dudana. Ikasle izan nuen nerabe baten bizipozik gabeko bizipenak ahalik zehatzen eta fidelen bildu nahi izan ditut lehenengo pertsonan, berak kontatuak, neuk ikusiak, biok biziak.

Adibidez, berak atsedenaldi batean aitortutako txirrinak jotzean jotzen naute…, zoritxarrez hemen ez du txirrinak bakarrik jotzen, ekarri nuen nire bertsoetako batera. Jota utzi ninduen adierazten zuenaren esanindarrak. Bera izan da puntu hori irakurtzean ostia, ze ona! esan zidanetako bat. Hori biona da erantzun nion nik, eta eskerrik asko mina edertasun bihurtzeagatik. Irribarre egin zidan berak.

Baduzu idatzizko beste proiekturik esku artean?

Laster osaba izango naiz, eta gure ilobatxoari eta beste lagun batzuen seme-alabei kontuak eta kantuak sortzen ari natzaie, beraien lo aurreko uneetan goxagarri bat gehiago izan dezaten. Bertsoren bat edo beste ere ari naiz idazten, esaldi solteak… Patxadan eta isilune eta zuriune bakoitza ondoen ordezkatuko duen hitza bilatzeko ahaleginean beti.

Gainerakoan, proiekturik… Esperantza pobreen kontua dela eta aberatsek proiektuak izaten dituztela irakurri nion behin Benjamin Pradori. Proiekturen bat gauzatzeko esperantzarik galtzen ez duen pobre-aberatsa naiz ni. Sortu sortuko dut, publikatuta ikusiko duzuen… ikusiko dugu. Badakizu, asko irakurri, asko idatzi eta gutxi publikatu.

EGILEARI BURUZ

EKAITZ GOIKOETXEA ASURABARRENA (Beasain, 1980), Gasteizen Euskal Filologian lizentziatu eta lehen lan urteak Lazkaoko Maizpide Euskaltegian igaro ondoren, azken zortzi urteetan Nafarroako hezkuntza arautuan aritu da Euskal Hizkuntza eta Literatura irakasten, Burlatan lehenik eta Atarrabian ondoren. Lau urtez Eusal Hizkuntza eta Literatura ikasketak ikasketaburu zereginekin uztartu ditu gainera.

Txiki-txikitatik izan du hitzekin jolasteko zaletasuna, eta bat-bateko bertsogintzan nahiz bertsopaperetan murgilduago egon bada ere, bestelako adierazpideak ere jorratu izan ditu. 2003an Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalista izan zen, eta 2005ean Orixe Saria irabazi zuen. 23 urte arte dozenaka bertsopaper lehiaketa irabazi zituen, eta hamairu urteko etenaren ondoren, berriz idazteari eman eta azken urte erdian Basarri eta Iparragirre Sariak eskuratu ditu.

Azken hamairu urteetan, Irati arrebarekin batera, larunbat goizak Segura Irratiko Itaka literatur saioa gidatzeari eskaintzen dizkio, eta aisialdia esku artean nahiz hankapean bizitza eta mundua irakurtzeari.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)