Elkarrizketak

Irene Aldasoro: «Idazle baten lana zeureganatzea eta zeuregandik pasatuta beste irakurle batzuei ematea gauza ederra da»

Ostirala, 2021-01-22

Irene Aldasororekin hitz egin dugu: Jende normala (Alberdania, 2020) itzuli du, Sally Rooneyren eleberri arrakastatsua.  

Irene Aldasoro: «Idazle baten lana zeureganatzea eta zeuregandik pasatuta beste irakurle batzuei ematea gauza ederra da»

Sally Rooneyren Jende normala eleberria itzuli berri duzu. Idazleaz/liburuaz izan zenituen lehen inpresioez galdetu nahi nizuke: ezagutzen zenuen Alberdaniak enkargua egin aurretik? Liburua lehen aldiz irakurtzean, zer iruditu zitzaizun?

Ez, ez nuen Sally Rooneyren eta haren arrakasta handiaren aditzerik enkargua jaso aurretik. Ingeleseko testua eskuratu bitartean gaztelaniazko itzulpena irakurri nuen lehenik, eta, egia esan, orduan ez zidan aparteko zirrararik eragin; seguru asko, bi protagonista gazte horien «arazoak» urrun samar geratzen zitzaizkidalako nire adinean, baina, itzulpenean sartu eta gero, beste begi batzuekin ikusi dut nobela.

Zeintzuk dira, zure ustez, haren idazkeraren alderdi azpimarragarrienak?

Nola esan: sentsazio berezi bat uzten du, gauzak frankezia osoz esaten dituen baten aurrean sentitzen duzun bezalako zerbait. Lotsarik gabe, hau da, beldurrik gabe idazten du. Segurtasunez. Arin. Ekintzak bata bestearen atzetik soil zerrendatuz. Elkarrizketak, berriz, oso errealistak dira, eta kontakizunaren barruan txertatuta datoz; paragrafotik kanpora ateratzen dituenean ere ez daramate marra bereizgarririk, kontakizuna etenik gabeko emari baten moduan eman nahi balu bezala. Orainalditik iraganera eta buelta, atzera eta aurrera egiten du kontakizunean, baina lemari tinko eutsiz. Azpimarratzekoa da ere kontalariaren eta protagonisten arteko muga ia bereizezina gertatzen dela askotan.

Itzultzeko garaian, zer buruhauste edo erronka izan dituzu? Gozagarritik ere izan al du?

Buruhauste eta erronka hitzak gogortxoak izan daitezke, baina beti izaten dira zailtasunak, baita esaldiak soilak eta lauak direnean ere, kasu honetan bezala. Engainagarria gertatzen da «erraztasun» hori. Izan ere, hasieran uste baino gehiago kostatu zait euskarazko moldera isuri eta efektu bera, edo bertsua behintzat, lortzea. Gerta daiteke ere jatorrizkoan normal-normal esaten dena hain normala ez izatea euskaraz; esate baterako, sexuaren inguruko esamolde lagunartekoak. Gazte Hiztegia eta horrelako batzuk arakatu ditut, baina uste dut oraindik hutsune handia dagoela horrelako kontuetan.

Gozagarria, itzultzea bera da. Hitz bat ezin aurkiturik, edo esaldi bat edo pasarte bat ezin moldaturik borrokan ibili ondoren hura nahi bezala itxuratzea lortzen duzunean, orduan hartzen da poza. Irakurle bezala izan dezakezun plazeraz gainera, idazle baten lana zeureganatzea eta zeuregandik pasatuta beste irakurle batzuei ematea gauza ederra da.

Liburuaren aurkezpenean aipatu zenuen nobelak gai mordoxka bat aipatzen dituela, baina halako atze-oihal bat osatuz, ez baita gai horietan sakontzen, pintzelada batez agerrarazi bakarrik. Gai horietako batzuk izan daitezke familia barruko gatazkak eta indarkeria, klase sozialen arteko talkak, inbidia eta botere-harremanak, komunikatzeko zailtasunak, «normala» izan nahi izatea… Zer gai, alderdi edo hausnarketa azpimarratuko zenuke zuk?

Sally Rooney berak esana da berari interesatzen zaiona pertsonaien arteko dinamika dela. Nik honela ikusten dut: Rooneyk ingurune bat jartzen die bere protagonistei, batzuetan pintzelada batekin eta beste batzuetan gehiagorekin marraztua: institutua, unibertsitatea, honelako edo halako familia, lagunarte bat, norbera, giro bat, azken batean, eta hor mugiarazten ditu. Ingurune horretan gertatzen da Marianneren eta Connellen arteko harremana eta haren bilakaera, eleberriaren gai nagusia. Familiako indarkeriaren gaia, esate baterako, paisaia horretan dagoen zirkunstantzia bat da, Marianneren familiaren ezaugarri bat da, baina ez da gehiago sakontzen, ez da esaten nondik datorren edo zergatik gertatzen den. Hor dago. Errealitate bat da, beste hainbat gauzaren artean. Beste adibide bat: Connellek ez du aitarik; amak bakarrik hazi du. Kontakizuna ez da luzatzen horren arrazoiak ematen. Irakurleak bete beharko ditu «isilune» horiek. Hori esan nahi nuen atze-oihala aipatu nuenean. Gai batzuk leku handiagoa hartzen dute, hala nola klase sozialen arazoak —oso presente dago nobelan zehar—, biolentziak berak, sexuak ere bai. Nire iritziz, hausnarketarako gai interesgarrienak protagonistek beren harremanean gauza horiekiko duten jarrera da: norberaren izaerari buruzko zalantzak, segurtasun falta, zer da normaltasuna, diruaren garrantzia, sexua, maitasuna, adiskidetasuna, komunikatu ezina, gaizki-ulertuak, aukerak egin beharra… Oso liburu egokia iruditzen zait irakurle gazte talde batekin eztabaidatzeko.

Nik neuk itzalean edo gera daitekeen bat aipatu nahi nizuke. Eleberri honekin lotuta, autoreak berak beste gai edo galdera bat ekarri izan du hizpidera: ea pertsonek nolako eragina duten besteengan, ea gai garen gure ingurukoak aldatzeko. Liburuaren amaieran badira halako hausnarketa batzuk, eta idazpuruan ere bai –George Elioten liburu batekoa da–: «Konbertsio deitu izan zaion –egokiro deitu ere– jarrera-aldaketa mental horren sekretuetariko bat da ezen gutariko askorentzat ez zeruak ez lurrak ez duela errebelaziorik harik eta halako nortasun batek eragin bereziz haienak ukitu eta irekitzera makurtzen dituen arte». Zer deritzozu?

Liburuaren amaieran esplizituki adierazten da ideia hori: On handia egin diote elkarri. Egia da, pentsatzen du Mariannek, egia da. Egia da pertsonek elkar alda dezaketela

Nik ez dakit sakon-sakonean aldatu diren, baina garbi dago beren bideak aldatu direla batak bestearengan izan duen eraginarekin. Mariannerengatik izan ez balitz, Connell ez zen joango Trinity Collegera, ez geroago New Yorkera, master bat egitera. Connellek, berriz, mespretxagarria izatearen mina sendatu dio Marianneri. Connellek ontasuna ekarri zion opari.

Nire iritziz, bakoitzak bere barruan duena aurkitzen lagundu diote elkarri. Bai, esan daiteke nortasun batek bestea ukitu duela eta irekitzera makurtu.

Bide oparoa egin duzu literatur itzultzaile gisa: euskaratu dituzunen zerrenda errepasatuta, XIX. mendeko eta XX. mendearen hasierako idazleak ekarri dizkiguzu. Azken urteotan, ordea, idazle garaikideak ere itzuli dituzu, Rooney bera eta Nell Leyshon. Kontatuko zenidake zer-nolako esperientzia izan den literatur garaikidean murgiltzea? Nolako aldeak topatu dituzu idazle batzuetatik bestera? Idazle bakoitzaren berezitasunetatik harago, joera edo aldaketa aipagarririk nabaritu duzu?

Nire itzulpen literarioen bolumena oso txikia da. Gertatzen dena da idazle handiak daudela tartean, eta horrek puzten du pixka bat. Leyshon eta Rooney itzultzea sorpresa atsegin bat izan da. Zer alde, batzuetatik besteetara? Hasteko, idazle klasiko kontsakratuen lanetan serio-serio eta kontu handiz sartzen zara, badakizulako nolako pisua duten literaturan. Garaikide hauekin, berriz, arriskua dago pentsatzeko, idazkera informalagoa edo kolokialagoa edo arruntagoa darabiltenez, di-da batean despatxatuko duzula kontua. Eta ez! Konturatzen zara beste haiek bezain «idazlan» direla hauen liburuak ere, hartzen duten forma hartzen dutela, bakoitzak bere ahotsa duela, eta, harako haiei jarri diezun arreta bera jarri behar diezula, itzulpena ona izango bada.

Orain dela aste batzuk Isabel Etxeberriak elkarrizketa bat egin zion Asun Garikanori gure atarian, eta, euskarazko itzulpengintzan izan diren aldaketak aipatu zituzten besteak beste. Garikanoren ustez, batetik, bide handia egin da itzulpenen kalitatean, baina, bestalde, euskaldun asko «euskaraz sortutako produktuei bizkarra emanda bizi dira». Nola ikusi duzu zuk euskal itzulpengintzaren bilakaera, ala ekoizpenaren zein harreraren aldetik? Zer nabarmenduko zenuke?

Guztiz ados nago Asun Garikanorekin, bide handia egin da itzulpenen kalitatean. Nire ustez, eta niri dagokidanez behintzat, Literatura Unibertsala bilduma eskola ederra izan da, SENEZ aldizkariarekin eta EIZIE elkartearen inguruko beste hainbat ekitaldirekin batera, itzulpengintzaren aurrerapenean, eta orain, berriz, unibertsitatean itzulpen-ikasketak eginda datozen gazteen artean ere badira itzultzaile dotoreak. Ekoizpenari dagokionez ere, garai batetik hona, zabaldu dira aukerak, nahiz eta, krisiz krisi, kopuruak (diruarenak eta argitalpenenak) murriztu. Eta, bai, ados, euskaldun asko «euskaraz sortutako produktuei bizkarra emanda bizi dira», eta produktuok liburuak badira, askoz gehiago, nik uste (irudiaren nagusitasuna, presaka bizitzea…) eta itzulpenak badira, zer esanik ez. Baina itzulpenak zurrunak zirelako lehengo aitzakia hark dagoeneko ez du funtzionatzen. Euskaraz sortutako idazlanen inbidiarik gabeak dira gaurko itzulpenak, eta askotan hobeak. Beste nonbait dago arazoa. Hala ere, dena negarra izan ez dadin, irakurle taldeak aipatu nahi nituzke, gauza positibo bezala. Aspaldi honetan asko ugaldu dira eta esan behar da itzulpenei ere lekutxo bat egiten dietela.

Elkarrizketa honen uberan

Euskarara ekarri dute Jende normala, Sally Rooneyren eleberri arrakastatsua

Sally Rooney edo nola idatzi krisi historiko baten garaian

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)