Albisteak

Euskarara ekarri dute Jende normala, Sally Rooneyren eleberri arrakastatsua

Asteazkena, 2020-12-09

Nazioartean arrakasta izandako eleberri garaikide bat argitaratu berri du Alberdaniak: Sally Rooneyren Jende normala, Irene Aldasorok itzulia. Connell eta Marianne gazteen arteko harremana erakusten du, lau urtean zehar, besteak beste klase sozialaren eta indarkeriaren korapiloei erreparatuz.

Maiatzean, Irene Solàren Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak –Joxean Elosegik euskaratua–; orain, berriz, Sally Rooneyren Jende normala –Irene Aldasorok itzulia–, azken bi urteotan nazioarteko literatur sisteman ospea lortu duen autore irlandarraren bigarren eleberria: Alberdaniak joeratxo bat erakutsi du azkenaldian, gure mugetatik kanpo sona bildu duten autore garaikideak euskarara ekarriz.

Rooneyk, izan ere, lerroburu asko bildu ditu bere bi liburuei esker –Conversations with Friends izan zen lehena, 2017an; Jende normala, berriz, 2018an kaleratu zuen–. Lehenago ere aipatu dugu egilea atari honetan; Paul Beitia kolaboratzaileak erreportaje bat osatu baitzuen hari buruz. Zera aipatu zuen Rooney fenomenoari tiraka: «Hari buruz irakurtzen nuen edozerk interesa are gehiago pizten zidala iruditzen zitzaidan. Nor zen “Snapchat belaunaldiko Salinger” eta “lehen idazle millennial handia” deitzen zioten hori? Zer dela-eta borrokatu ziren mundu anglosaxoiko argitaletxerik garrantzitsuenak gazte baten bigarren nobela argitaratzeko? Nor zen bere burua lehenbizi marxistatzat duela zioen eta ikasgelako lotsatienaren itxura zuen hori? Zergatik hitz egiten zuten guztiek neska bisai-zurbil horretaz? Nolako nobelak idazten ote zituen Instagrameko bideo batean bizi dugun garaiaren gauzarik onena gero eta gazte gehiagok sistema kapitalista zalantzan jartzea dela zioen horrek?»


 

Agertoki nagusi bat, pintzelada ugari

Esan bezala, Connell eta Marianne gazteen bizitzari jarraitzen dio eleberriak, gutxi gorabehera lau urteko epe batez. Connaclea izeneko hirixka batean bizi dira, biak, institutu berean ikasten dute, baina bien artean amildegi bat dago liburuaren hasieran: Marianne ez da ondo moldatzen institutuko jendearekin; Connellek, berriz, futbolean jokatzen du eskolako taldean, eta denek maite dute. Familia aberats bateko alaba da Marianne, eta haren etxea garbitzen du Connellen amak. Egun batean, Connell amaren bila lanera joan dela-eta, hizketan hasiko dira, eta harreman gorabeheratsu baina luze bati ekingo diot.

Institutuko azken urtean hasi eta unibertsitateko garaiak biltzen ditu liburuak. Aldasorok nabarmendu duenez, unibertsitateko giro hori, Dublingo Trinity College eta haren ingurukoek, osatzen dute nobelaren agertokia: ikaskideen arteko elkarrizketak, festak, unibertsitateak ematen dituen bekak eskuratzeko azterketak… Agertoki horren barnean, era askotako gaiak agertuko dira, politika, historia garaikidea, indarkeria, klase sozialaren eta generoaren eragina, laguntasuna… Nolanahi ere, Aldasorok aipatu du gaiok ez direla sakonean lantzen, idazleak hor uzten ditu, amu gisa.


 

Idazkera eta pertsonaiak

Itzultzaileak, egilearen idazkera azpimarratu du. Beitiak, berriz, pertsonaien eraikuntza nabarmendu zuen bere erreportajean: «Rooneyk berak elkarrizketa batean dio bigarren nobela hau bi gazteren istorioa dela, baina ez dela bi pertsonaiei buruzko istorioa, ezpada haien artean sortzen den harremanari buruzkoa. Horretan bat datoz bi nobelak. Rooneyk maistraki eraikitzen ditu bere pertsonaiak, berdin protagonistak zein bigarren mailakoak. Bizi-biziak dira guztiak, beren keinu, jokamolde eta iritziak ikaragarri sinesgarriak dira, xehetasun handiz daude deskribatuak. Oso erraza da inork bere burua pertsonaiekin identifikatzea. Baina irudi lezake Rooneyk hain pertsonaia bizi eta egiantzekoak sortzen baditu, haien arteko harremanak ere biziak eta egiantzekoak izan daitezen egiten duela. Finean, fikzioaren kontratu soziala da hori: pertsonaiekin identifikatzen bagara eta haiengan sinesten badugu, sinestuko dugu haiek egiten dutenean ere. Eta, hain zuzen, harremantzeko moduek, besteekiko hartzen dituzten erabakiek, talde txiki eta handietan beren buruak ikusteko duten moduek egiten dituzte Rooneyren pertsonaiak bizien, egiantzekoen, interesgarrien».

 

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)