Komunitatea

Aritz Gorrotxategi

Artea arte gabe

Asteartea, 2015-01-06 | Aritz Gorrotxategi
 

                                                                    I

Gaur egun “artista” hitzak badu halako prestigio bat, sormenarekin, asmatzeko gaitasunarekin lotua. Jainkotasun puntu bat ere baduela esan liteke, haren dirdira apurka-apurka gutxituz doan arren. Paradoxikoki, jainkotze horrek ez du zerikusi handirik artea sortu zen sakratutasun testuinguruarekin. Greziar tragedia klasikoa, esaterako, Dionisosen gurtzaren irudikapenetik sortu zen. Mahats-biltze garaian ditirambo izeneko ereserki batzuk abesten ziren haren omenez. Pixkana, hasierako zeremonia mimetikoa aberastu egin zen mozorroen eszenaratzearekin. Garatuz eta garatuz, tragedia klasikoaz erditu zen gurtzea. Platonek, bestalde, Ion elkarrizketan, rapsoden inspirazioa jainkotiarra zela ondorioztatu zuen, eta beraz, bigarren eskukoa. Hau da, poetak Jainkoengandik jasoa, ez poetari berari bururatutakoa. Odisean bertan jainkoen eskua aipatzen da VIII. atalean, “Jainkoen borondatea izan zen huraxe, hainbaten hondamendia bilbatzea, etorkizuneko gizakiei zer kantatua emateko”.

Jacques Maritainek Art et scolastique obrako pasarte batean azpimarratzen duenez, Erdi Aroko zibilizazioaren egitura sendoan, artistak artisau maila baino ez zuen, “eta indibidualismoarekin lotutako garapen anarkiko oro debekatuta zegoen, diziplina sozialak baldintza murriztaileak ezartzen baitzituen. Errenazimenduak asmatu zuen artista, artisautik ezberdindu eta honen lepotik goraipatzen hasi zen hura. Hasiera batean, artista izena arte maisuei ematen zitzaien: filosofo, alkimista edota magoei. Margolari, eskultore, musikari eta poetek ez zuten artisau izaerarako eskubidea baino". Artisau, bai; artista, ez. Maritainek aurrerago azaltzen duenez, 1762tik aurrera Frantziako Akademiako Hiztegian esanahi berri batekin jaso zen “artista” hitza, gaur egun ezagutzen duguna, hain justu. Jatorria, ordea, banaketa horretan dago: artisau, artista. Hasiera batean, gainera, egileak ez zuen gaur egun duen garrantzirik.

Ez dakigu nortzuk ziren Altamirako haitzuloetako pinturen egileak, ez eta nortzuk diseinatu zituzten piramideak ere. Iliada eta Odisea olerki epikoak Homero izeneko itsu misteriotsu bati egozten zaizkio, baina era askotariko hipotesiak daude rapsoda haren inguruan, baita hura emakumezkoa zela ere (Robert Gravesek Homeroren alaba eleberria idatzi zuen hipotesi hori maisuki jorratuz). Hain zuzen ere, Errenazimenduaren eskutik (eta Erromantizismoarenetik geroago) etorri zen "egoaren halako dramatizazio bat", George Steinerren hitzekin esateko. Edo Lipovetskyrenekin esateko, "sedukzioa", "inperatibo kategorikorik gabe bizitzea", "res publica desaktibatzea", "neonartzisismoa", "identitatea hustutzea", "munduarekiko ezaxola"… Gaur egun, egilearekiko obsesioa izugarria da. Artistaren sinadurak nahiz bizitzak balio ikaragarria dute berez. Sarritan, obrarena berarena baino gehiago. Adibide bat: halako batean, gizon bat hurbildu zitzaion Picassori, ustez Malagan jaiotako margolariarena berarena zen koadro bat eskutan zuela. Autentikoa ote zen jakin nahi zuen. Picassok segituan sinatu zuen koadroa, eta esan zion gizonari: “Orain, bai”.

Artearen bilakaera ikusita, ez dirudi, jada, jainkoa erdigunea denik; ezta gizakia ere. Era berean, mitoa eta sakratutasuna oso urrun daude erdigunetik. Lekutan gaude, baita ere, Maritainek nabarmendutako artista-artisau binomiotik. Artista jainkotzea artisauaren jatorrizko homo faber izaerarekin kontrajarria legoke, haren ustez. Artearen bilakaera, bestalde, ezin da ulertu gizartearen bilakaerarik gabe; biak lotuta daude, bata bestearen isla dira. Artea norantz, gizartea harantz. Edo, alderantziz. Baina nola hitz egin arteaz, gaur eta orain, arteak berezkoak zituen ezaugarriak galdu baditu? Arteak ez badu giza izaera artikulatzen duten sentimendu eta minez hitz egiten, ez bagaitu bestearen lekuan jartzen irakasten, ez bagaitu senidetzen, indar katartikoa galdu badu… Denbora-pasa hutsaren pare geratzen bada, eta, ondorioz, sukaldaritzaren edo futbolaren pare.

                                                           II

Azken batean, artearen ikuspegitik, zerk ezberdintzen ditu Messiren gol bat eta gaur egungo literatur lan bat? Edo pelikula bat, edo instalazio bat, edo kanta bat… Zerk egiten du artistikoago performance bat Iniestaren golerako pase bat baino? Alegia, zein da erabili beharreko irizpidea orain arte artetzat genuen hura eta milioika pertsona hunkitzeko gai den gol bat edo jokaldi zoragarri bat ezberdintzeko? Nekez ukatu ahal da Messi artista (artisau?) bat denik. Are gehiago, inor gutxik ukatuko du, futbolaz apenas dakien norbait izanagatik ere Messik baloiarekin egiten duena beste dimentsio batekoa denik, grabitatearen eta tximistaren arteko fantasia sismiko bat. Maltzurrago esanda, zergatik hunkitzen da gehiengoa askozaz nabarmenago Messiren gol batekin Beethovenen 9. sinfoniarekin baino? Edo Miles Davisen pieza batekin baino? Edo adibide hurbilago bat jartze aldera, Xabier Leteren kanta batekin baino?

Bestela esanda, zergatik da artea mendi batean auto-ilara bat sortzea edota jende mordoa larru gorritan fotografiatzea eta ez Messiren golak?

Zein da, egiazki, diferentzia? Hainbati, akaso, artistikoagoa irudituko zaizkio Messik baloiarekin egiten dituen “bihurrikeriak” gaur egun artetzat jotzen diren lan asko baino. Zenbatetan ez ote zaizue garbigailu-aurpegia geratu erakusketa baten aurrean? Arrazoi sinple bat egon daiteke atzean: jendea gehiago hunkitzen da Messiren golekin. Edo ulergarriagoa zaio, behintzat. Hurbilagoa.

Dirudiena baino labainkorragoa da auzia. Arte kontuetan interaktuazioa eta ludikotasuna nagusitzen doazen heinean, espazio publikoari buruzko berrirakurketa eta abar…, gutxituz doa futbolaren eta artearen arteko diferentzia. Helburua jendeari espazioaren gainean eragiten uztea bada, norberaren esperientziak arte-lana sor dezan uztea, non interakzio handiagoa futbol zelai batean jokalari eta zaleen artean ematen dena baino?

Messiren abildadeek dilema latza sortarazten digute. Zer eskaintzen digu materia klasikoetatik (oleoa, harria, brontzea, egurra, akuarela…), arestian aipatu homo faberratik gero eta gehiago urruntzen ari den arte parte hartzaileak gaur egungo futbolak ez duenik? Futbolari zor dizkiogu Messiren jokaldi bideo-jokozkoak, Mourinhoren behatzakadak, Guardiolak inspiratutako coaching teknika berriak… Ados, ez dira Da Vinci, Tolstoi edo Mozart. Hala ere, gustatu ala ez, mundu erdia haiei begira dago. Haiek ditugu erreferentzia, haiek ditugu gaurko sortzaile eta intelektualak, haien esaldiek betetzen dituzte egunkari eta komunikabideak, futbolarien zuntz-hausturek Joycen Ulises eleberriak baino hipotesi zerrenda handiagoa eragiten dute. Futbolaren munduak bereganatu du gaurkotasuna. Begiratu besterik ez dago zer tarte jaten duen albistegietan… Panem et circences, esan lezake norbaitek. Arreta galarazteko modu bat. Kobazuloko itzalei begira gu… Eta bitartean…

Arazoren iltzea inon bilatzekotan, beha dezagun erreferente horien mamian. Edo mami ezan. Liluratzen gaituzten futbol-jokaldiak edo arte lan ludiko-parte hartzaileak izeberg bat balira, zein portzentaje geratuko litzateke horietatik ur azpian? Ekar dezagun hizpidera ipuinari buruzko Hemingwayren teoria. Alegia, garrantzitsuena ez dela inoiz azalean kontatzen dena. Azpiko istorioa, funtsezkoena, esan gabekoarekin eraikitzen baita, aipamen eta iradokizun soilarekin. Hartara, zer da erreferente horien itsas-sototik atera daitekeen funtsezkoa? Zer erakusten digu Messiren gol batek? Zer, gizaki biluziz betetako argazki batek? Denbora pasatzen laguntzen digu, hori bai. Entretenitzen. Amets egiten. Sare sozialak iruzkinez betetzen. Eta zergatik ez, zoriontsu izaten. Une batez, bederen. Baina gauzak banalizatzeak eta eztitzeak badu tranpatik, itxuren atzetik jotzen baita, benetan esentziala eta transzendentea izan daitekeena alde batera utzita. Ezinbestean, Pascalen gogoeta gordin hura datorkit burura: "izatez bagina benetan zoriontsu, ez genuke jolasik beharko hartaz ez pentsatzeko".

Hain zuzen ere, hor dago koska, mamian. Gizakia ulertzera baino, giza kondizioa —horrexek ezberdintzen ditu, beharbada, mamidun artea eta mamigabea— saihestera jotzen dute hala futbolak nola arte mamigabeak, transzendentzia ukatzera, fribolitatera. Hots, denok behar dugu jolasa, entretenimendua, baina etengabe jolasean aritzea –helduez ari naiz, noski–, beste zerbaiten sintoma ere bada. Guztiarekin, bai futbolak bai arte parte hartzaileak, biek asko erakusten digute gure gizarteaz eta honen balioez.

                                                        III

Arte kontuetan berritzera “behartuak” omen gaude, denbora-pasa berriro jasangarri egiteko. Bilakaeraren legearen arabera, artelan berriak zaharrak gainditzera letozke. Hala, gaurko performance, instalazio eta abarrek Bach, Beethoven, Mozart, Homero, Shakespeare, Tolstoi, Dostoievski, Da Vinci, Michelangelo, Goya, Bergman, Fellini eta abar luze baten ondarea gaindituko lukete. Hala ote? Azken batean, gizartea mugiarazten duten estimuluez ari gara. Beste adibide bat: Oteiza, Chillida, Aresti, Ez Dok Amairu versus Arzac, Aduriz, Subijana, Berasategi... Zientziaren alorrean, aurkikuntza berri batek bai ezeztatu dezakeela aurreko bat, hura oker zegoela frogatuta. Baina artean, ez dut uste halakorik esan daitekeenik. Kontrakoa gertatzea ere ohikoa da. Alegia, lan klasikoen aurrean, lan berrien itzala oso apala izatea. Lan klasikoak berdindu ezinak direla uste izatea. Haiek esan zutena errepikatzea baizik ez zaigula geratzen uste izatea.

Woody Allenen Midnight in Paris filmaren ardatza Urrezko garaiarekiko lilura zen. Filmeko protagonista, gidoilari eta idazle “hasi berria” berau, liluratuta bizi da Hemingwayk, Scott Fitzgeraldek eta abarrek Parisen bizi izan zuten garaiarekin. Are gehiago, egiazkoagotzat dauka joandako garai oro. Eta horrekin tematuta dago, hain tematuta, ezen bere neskalagunaren lagun irakasle batek “urrezko garaia”ren sindromepean bizitzeaz akusatuko baitu. Esan nahi baita, pelikulako idazleak idealizatu egiten duela joandako garai bat, eta gaurkoarekin aurrez aurre jartzean, orainaldian ez eta joandako garai horretan bizitzea duela amets.

Neurri handiagoan edo txikiagoan, Homeroz geroztik, sortzaile belaunaldi guztiek pairatu dute “Urrezko garaia”ren sindromea. Hau da, iraganean sortutako lanen aurrean, klasiko etiketa eskuratu dutenekin alderatzean, gaurkoek alferrikakoak dirudite, txiki eta ezdeus. Ez dute lehengoen indarra, lehengoen maisutasun eta jakinduria. Horren aurrean, Nietzschek berak Tragediaren sorrera saiakeran aipatzen zuen ia garai eta kultura oro saiatu dela greziarrengandik askatzen, erretxinduta saiatu ere. Izan ere, Grezia edo Erroma klasikoaren argitan, gerokoek zein gaurkoek sortutakoak distira galtzen du, bigarren eskuko kopia bat dirudi. Eta hala, herra moduko bat sortzen da haiekiko, jatorria ezintasunean duena. Azken batean, nor Aristofanes edo Katulo baino hausleagorik? Eta zer esan, Odiseori buruz? Bera da literaturako lehen pertsonaia modernoa, anbiguotasunez eta zalantzez betea, iruzurtia eta leiala era berean, kontraesankorra. Bestalde, gaur egungo auto-laguntzako lerro nagusi gehientsuenak estoikoen eta epikurotarren filosofian aurki ditzakegu.

Kontua da, ez dirudiela oso komenigarria beti atzera begira bizitzea, nostalgiaren gaitzak jota. Hauxe da bizitzea tokatu zaigun garaia, orain eta hemen. Baina, era berean, ez gara orainaldi hutsa. Ezjakintasuna litzateke gizakiaren ondareari ez ikusi egitea. Eta harrokeria. Nietzschek esaten zuenari jarraiki, erosoagoa baita gure buruari sinistaraztea mundua gurekin jaio dela, edo gauza bera besteei sinistaraztea. Erosoagoa, erosotasuna lege den garaian. Eta errentagarriagoa, noski, obra bat berritzat edota berritzailetzat saldu baitaiteke.

Paradoxikoki, atzera begira bizitzea —jada existitzen ez den garai batera— kaltegarria izan daitekeen neurrian, kalte bera etor liteke beti aurrera begiratzetik —oraindik existitzen ez den eta existituko ote den ez dakigun garai batera—. Alegia, berritasuna idealizatzetik. Izan ere, egiten diren gauza ustez “berri” guztiekiko lilura, hau da, ustez berria den oro jainkotzea, antzeko ariketa da, zeinetan jo puntua etorkizunean jartzen den: etorkizuna markatuko duten ereduak azpimarratzean, hain zuzen. Ezberdintasuna, akaso, ariketagileei jartzen zaien etiketa da: “urrezko garaia”ren zaleei, antigoaleko; “berritasunaren” sindromepean bizi direnei, moderno. Etiketa da, beraz, aldatzen dena; ez, ordea, ariketa edo funtsa: idealizatzea. Begirada existitzen ez den garai batean jartzea. Egia da, artea bilakaera modura uler daitekeela, gizartearen unean uneko moldeetara egokitzen den hizkera bezala. Hizkera bizia. Hala da, neurri handi batean, baina ezin uka, baita ere, gizakia artikulatzen duten elementuak, funtsean, ez direla larregi aldatu: bizitza, maitasuna, heriotza, botere-grina... Bestalde, ia 100 urte pasa dira abangoardia garaitik, eta ezin alboratu abangoardia sortu zuten gizarte baldintzak, bi Mundu Gerren arteko epealdia, ez direla gaurkoak. Era berean, berritasuna bera helburu bihurtzen denean, hau da, artea berritasun hutsagatik egiten denean, iruzurraren eremurantz labaintzeko arriskua dago. Berritasuna berez etorri edo sortu beharrekoa dateke, eta ez modu prefabrikatuan.

Zorionez edo zoritxarrez, arte kontuetan –eta beste kontu guztietan ere— epaile bakarra dago: denbora. Denborak ematen dio lan bati betierekotasunaren maila. Denborak jartzen omen du nor bere lekuan. Dena da denbora kontua. Haruki Murakamiren Tokio blues eleberrian, bada Nagasawa izeneko pertsonaia bat. Irakurketei dagokionean, garbi dauka Nagasawak: duela 30 urte edo gehiago hil diren egileen liburuak baino ez ditu irakurtzen. Nagasawak berak ematen du horren azalpena: “Kontua ez da ez dudala literatura garaikidean sinesten, baina ez dut denbora alferrik galdu nahi denboraren gurpilak bataiatu gabeko liburuekin. Badakik, bizitza laburra duk”. Klasikoei buruzko definizio garaikidea izan liteke Nagasawarena. Guztiarekin, irakurketa bakar-lana da; eta, tamalez, gero eta denbora gutxiago dugu gure buruarekin egoteko, zaratatik aldentzeko.

(http://www.arteliteratura.org web orrian argitara emana)

 

 


Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)

Zer da Komunitatea? Nola izena eman?

Zer da uberan.eus web orriko Komunitatea?

uberan.eus web orrian euren sormen lanak partekatu nahi dituzten kideek osatuko dute Komunitatea.

uberan.eus web orriaren baitan propio sortu den atal honetan, beraz, sormen lan horiek denak batuko dira. Eta bertan egongo dira erakusgai.

Komunitateko kideez gain, uberan.eus web orrira hurbiltzen den edonork ere bisitatu ahal izango du uberan.eus web orriko Komunitatea.

Zeintzuk dira Komunitateko kideak?

  • Norbanakoak. Norbanakoak dira izen-abizena duten erabiltzaileak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.
  • Kolektibo literarioak, elkarteak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.

Zer egin Komunitateko kide bihurtu eta edukia gehitzeko?

Kide izateko eskaera bideratuz: beherago dagoen formularioa bete eta igorri behar duzu. Benetako datuak eman dituzula konprobatu ondoren, Komunitateko kide izateko eskaera onartuko zaizu.

Gida liburuxka bat bidaliko zaizu, eta gida horren bitartez zure sormen lanak uberan.eus orriko Komunitatera igotzeko xehetasunak jasoko dituzu.

Hortik aurrera, zure sormen lanak uberan.eus-era lotzeko aukera izango duzu.

Oharra: Ezingo da mezu iraingarririk argitaratu. Halakoetan, post hori ezabatzeko eskubidea izango du administratzaileak. Eta arazoa errepikatuko balitz, kidetza etengo litzateke.