Komunitatea

Aritz Gorrotxategi

Gatazka: literatura eta etika

Asteazkena, 2016-03-02 | Aritz Gorrotxategi
 

Isiltasun pisua

     Orain gutxi, Itxaro Bordak artikulu deigarria argitaratu du Argiaren edizio digitalean, Traumaren tramak izenburukoa. Hartan gatazka armatuak euskal literaturan egin duen ibilbidea aztertu du, gordin eta garbi aztertu ere. “Abertzale lehorretako idazleek, egia, ez zuten gaia anitz eta zuzenki jorratu. Anti-euskaldun izaera leporatuko zitzaiela herabe zitezkeen, espainolismo aitzakian, Aresti baztertua suertatu zen eran”. Bordaren ustez, “nehork ez zuen ezker abertzalegoaren doxa nagusiaren norabidea larriki zalantzan eman”, nondik ondoriozta baitaiteke ideologia jakin batek bahitu antzean eduki duela gure kulturaren zati handi bat. Bahitze horren ondorio izan da Bordak iradokitzen duen isiltasun pisua —dela beldurragatik dela adostasunagatik—, neurtzen zaila dena baina oso presente izan duguna, hura apurtzeko edo salatzeko ahalegina egin duten gutxi batzuen salbuespena kenduta: Jokin Muñoz, Felipe Juaristi, Andu Lertxundi, Saizarbitoria, Inazio Mujika Iraola, Hernandez Abaitua, Olasagarre, Zaldua...

     Gogoan dut Edu Zelaietak eta Ibon Egañak zuzendu zuten Maldetan sagarrak liburu kolektiborako artikulu bat idaztea egokitu zitzaidanean, gurean eman zen jauzi kualitatiboa azpimarratu nahi izan nuela. 80ko eta 90eko urteetan, oro har, gatazkaz aritzeko orduan, aktibista/terrorista/gudariaren ikuspegia zen nagusi (Ehun metro, Gizona bere bakardadean, Exkixu, Pasaia Blues...); hau da, ETAren barruan zegoenaren —edo egon zenaren— begirada, hausnarra, noiz zalantzaz betea noiz zirrikiturik gabea zein heroitasunera emana. Eta kutsu psikologikoaren atzean, alabaina, kontzeptu labainkorragoak ikus ditzakegu: traizioa, desenkantua… Galtzailearen ikurrak, batik bat. Belaunaldi baten arrastoak. Sarritan gertatzen da batzuk hasi zuten gatazka ondorengoek jarraitzen dutela eta, segidan, ondorengoen ondorengoek; eta, azkenerako, inork ez du gogoratzen zergatik ari garen borrokan. Minari ordaina bilatzeko ez bada. Yasmina Khadrak oso ondo azaltzen du sentipen hau A quoi révent les loups eleberrian: “Gazteei ez zitzaien axola. Ez zuten iraultza ezagutu. Eta euren amesgaizto puska erreklamatzen zuten”.

     Koldo Izagirreren Vladimir narrazioaren azken ataleko pasarte bat datorkit gogora: “Gerra ez duk amaitu…! (...) Ez geunden bakarrik. Gure lagun guztiak ez zeuden kartzelan eta hilerrian…”. Vladimir bizi dela ohartzen dira gazteak, eta narratzaileak erresistentzia zabaldu beharra aldarrikatzen du: “Erresistentzia zabaldu beharra zegoen, zokoak harrotu, bazterrak sutu, etsaia urduriarazi. (...) Udalak festetarako ekarritako zezenplaza mugikorrak su hartu zuen gau batean eta, taldeak, poster bat egin zuen egunkari errekortez, plaza errearen argazkiekin. (...) Zorro batean sartu eta probintziako egunkarira bidali genuen. Gerra ez zela amaitu. Oraindik ez gintuztela derrotatu. Izanen zutela aurrerantzean gure berri”. Nire belaunaldiko idazle askok jo izan dute ildo horretatik, borrokaren eta erresistentziaren estetikaren lilura pean. Justiziari dagokionez, eta inperatibo kategorikoetan sartu gabe, esango nuke sarritan konpara ezinak ziren egoera eta borroka armatuak konparatu direla, are alderaketak zenbaitetan irrigarri (eta axolagabe) izateraino, gurean ezagun egin zen Soweton Euskal Herrian baino hobeto leloaren kasuan bezala. Stalinen pean bizi zen Errusian 30eko purgak heldu zirenean —eta askoz geroago ere— oraindik asko ziren purga horiek bidezkotzat jotzen zituztenak Ideia Nagusiaren (edo Alderdiaren) izenean. Horren erakusle garbi dugu Evgenia Ginzburgen Bertigoa lekukotza gogorra. Hemen ere —kuantitatiboki eta kualitatiboki neurri askoz txikiagoan, jakina— antzeko zerbait gertatu dela esango nuke —eta horrekin ez ditut Euskal Herria eta 30etako Errusia erkatu nahi—, eta sarritan Independentziaren edo Askapenaren ideia (Askapen Mugimenduarena) beste ezeren gainetik egon da, baita pertsonen bizitzaren gainetik ere, eta hura kritikatzea Askapenaren beraren kritikatzat jotzen zen, eta, ondorioz, onartezintzat edo zigorgarritzat. Alde horretatik, aitor dezadan nahiko aparte sentitu izan naizela nire belaunaldi kideen artean, eta faltan sumatu izan dudala heterodoxia eta diskrepantzia gehiago. Labur esanda, aniztasun gehiago, gauzak kolokan jartzeko joera gehiago.

     Baina natorren harira. Gure literaturak, nagusiki, ekintzailearen ikuspegia jorratzen zuela esan dut arestian. Haatik, Jokin Muñozen Bizia lorekin eta Andu Lertxundiren Zorion perfektuarekin, esango nuke ikuspegi “berri” bati ateak zabaldi zitzaizkiola. Arreta gatazkaren kalteak jasandakoengan jarri zen, eta, hala, gatazkarekiko ikuspegi etiko bat abian jarri zuten idazleok, Orwell, Camus, Sciascia edota Coetzeeren ildoari jarraiki. Euskal literaturari asko kostatu zitzaion modernitatearen bidetik sartzea, eta modernitatearekin gertatu bezala, hala gertatu zaigu ikuspegi etikoarekin. Kosta egin zaigu bide hori urratzea. Olasagarrek utopiaren desenkantua ekarri zuen hizpidera Ezinezko maletak gogoangarri hartan. Aski ahaztuxea dugun Joxe Belmontek ere egin zuen bere ekarpena, Hamar urte barru nobelarekin. Ondotik etorri dira beste zenbait: Hasier Larretxearen Azken bala, Uxue Apaolazaren Mea culpa, Elorriagaren Iazko hezurrak... Baita apur bat baztertuta geratu den Andu Lertxundiren beraren Etxeko hautsa ere, gure herriak bizi izan duen gatazka modu ezin adierazkorragoan azaltzen duena, eskola guztietan gazteek irakurri beharreko liburuen zerrendan jarriko nukeena.

     Itxaro Bordaren artikulura itzuliz, idazle baionarraren ustez, “mihiak askatzen ari direla dirudi”. Eta zehazten du: “Orokorki, fikzioaren hegal pean, euskaldunon ezpondatik, ez da oraindik bost hamarkadako berunezko txapa galdekatzen, piztia bere baitan handitzen uzteagatik herriaren ardura ikertzen, hainbat denboraz etsaia deituarenganako begirunerik hedatzen, bestearen dolorea ulertze-idazte aldera”.

     Belaunaldiak, pertsonak eta gatazkaren nondik norakoak aldatzen doazen neurrian, gatazka literarioki abordatzeko moduak ere aldatuz joan dira. Belaunaldi batek beste bati utzi dio leku. Ikuspegi batek besteari. Eta, batez ere, ETAren zama gainetik kentzeak askatasun ikaragarria ekarri du, eta ekarriko du oraindik ere. Presoen auziak konpontzeak ekarriko duen bezala.

        Bertsolaritzaren adibidea

       Literaturaren kasuaz ari naiz, ezagutu izan dugun isiltasun pisuaz, baina askoz esanguratsuagoa da bertsolaritzarekin gertatu dena. Azken bertsolari txapelketan Amets Arzallusek kantatutako bertsoetako bat izan daiteke bizi izan dugun uztarriaren adibide argigarria. Joxan Rekondok Euskal literatura, larderia eta dogmaren azpian artikuluan gogorarazten digunez, gai jartzaileak gaia eman zion Arzallusi: “egoerak beste aldean jarri zaitu, eta bertsolariak guardia zibilaren rola hartu bazuen ere, Ezker abertzaleak duen diskurtsoaren moldera hitz egiten zuen guardia zibila entzun ahal izan zen mikrofonoetatik. Arzallusek ezin izan zuen edo ez zuen nahi izan ‘beste aldekoaren’ egoera islatu. Akaso, “hamahiru mila lagun haien aurrean, eta, normalean, ideologia jakin bateko pertsonen aurrean ari zelako kantatu zuen kantatu zuen moduan, Bernardo Atxagak Argiako elkarrizketa batean aitortzen zuen bezala. Hain zuzen ere, orain urte pare bat egindako elkarrizketa horretan idazle asteasuarrak zera zioen Bertsolari txapelketaren finalari buruz: “Talentu handiko jendea dabil hor, dohain izugarria duena hitzekin, baina zalantzak ditut kontzeptuaz. Irabazle izango zenari halako gaia jarri ziotenean –aita atentatuan hila zuen umearena edo–, eta horri buruz bat-batean kantatu zuenean, haren erantzunak kontzeptuan arazo izugarria zegoela erakutsi zuen. (...) Nik, erretorika guztietatik kanpo, esan behar dut berak esan zuena ez zela kontzeptualki onargarria, ezin zela unibertsala izan, ezin zela eternala izan”. Hamahiru mila entzule zeuden, normalean ideologia berdinekoak, “etxekoa” gogotik txalotzeko eta “etxekoa ez dena” gogotik txistukatzeko irrikatzen.

          Maila ideologikoan ematen den jokabide hori oso esanguratsua da. Izan ere, bertsogintzak berritasun ugari ekarri ditu azken urteotan, batez ere estilistikoak eta ikuspegizkoak, baina nik faltan bota izan dut, euskal gatazkaren kasuan, beren buruak paper "deserosoetan" jartzen dituzten bertsolariak. Eta hori ez da erraza normalean ideologia berberekoak diren hamahiru mila pertsonen aurrean. Galdetu Euzkitzeri… Esaterako, bertso-saioetan sarritan agertu izan da kartzelaren gaia (bertsolaria da kartzelan dagoena edo bertsolaria kartzelan duen lagun bat bisitatzera doa), gutxiagotan atentatuarena. Halakoetan, nekez entzungo dugu bertsolaria ekintza armatua jasan duenaren larrura lerrokatzen. Ataka interesgarriak sor litezke hortik baina: “maite dut nire laguna, bat egiten dut haren ideiekin (edo ez), baina hark egindako ekintzek zalantza edo ondoeza eragiten didate”. Giza ikuspegitik ulergarria litzateke. Aberasgarria ere bai ikuspuntu hori jorratzea.

          Horixe bera planteatzen du neurri handi batean Aitor Merinoren Asier eta biokfilmak. Zer gertatzen da maite dugun lagun horrek guk ulertzen ez dugun zerbait, guk gaitzesten dugun zerbait egiten badu? Eta egindakoak eginagatik ere, oraindik maite badugu? Haatik, nola hartuko luke publikoak ildo horretako bertsorik? Txalotuko al luke? Euskal gatazkari buruz norberak duen iritzia alde batera utzita, bere horretan ariketa interesgarria iruditzen zait, errazkeriatik eta txalo kutsakorretik ihes egiten duena. Minaren aurpegi guztietara inguratzea ariketa osasuntsua iruditzen zait. Eta fikzioak asko lagundu dezake horretan. Gainera, beste gai askori dagokienez, bertsolariek sarritan jokatu izan dute ikuspuntuarekin (euskal gatazkaren kasuan izan ezik).

     Azken batean, zer bilatzen du bertsolariak? Ikuslea hunkitzea, arrazoi borobilak ematea, zirikatzea… Hori ere lor daiteke ikuspuntu ezberdin bat jorratuz, bestearen larruan jarriz, ohiko topikoetan eta norabide bakarkerian erori gabe. Txalogarria litzateke erronka horri heltzea, sorkuntzaren ikuspegitik (eta ez harenetik soilik) desafio ederra litzatekeelako. Baina horretarako presio barik jardun behar da, aske. Eta hamahiru mila lagunek, normalean ideologia berdinekoek, asko inposatzen dute. Galdera da nork jartzen dion presioa bertsolariari: zale horiek ala bertsolariak bere buruari.

    Beharbada, idazleak ez du milaka lagun horien presioa sumatzen, eta, alde horretatik, askeagoa dela esan liteke.

 


Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)
  • 64x64

    Aritz Gorrotxategi etikoa da. Beste euskal idazleak ez.

    Aritz Gorrotxategi, Anjel Lertxundi, Uxue Apaolaza, Unai Elorriaga, Hasier Larretxea eta Jokin Muñoz etikoak dira. Gainerako euskal idazleak ez.

    Aritz Gorrotxategi dogmatikoa, berriro ere, euskal idazleek zertaz eta nola idatzi behar duten esaten, gailentasun moraletik, suposatzen dut. Alaporai!

    2016-03-04 09:47Jon Mikel
  • 64x64

    Kaixo, Jon Mikel.

    Ezker abertzaleak bere adierazpen edo jarreren bitartez, zenbaitetan ETAren jarduerek eragindako minarekiko sentikortasunik eza irudika zezakeela onartu du. Horretaz ari naiz etikaz ari naizenean, eraginak, kalteak eta minak Ideia edo Dogma Nagusiaren gainetik jartzeaz. Otegik lehengoan esan zituenak ez zituen esaten ETA indarrean zegoenean, publikoki ez behintzat. Horretaz ere ari naiz, Itxaro Bordak bere artikuluan aipatzen zuen isiltasun pisuaz. Zenbait idazle horretaz ohartu ziren aspaldi, Imanol abeslaria ere ohartu zen bezala, eta, nire ustez, jarrera ausarta izan zuten bidegabekeria horiek salatuta.

    Era berean, bidegabea da presoekin gertatzen ari den bidegabekeria ikusi nahi ez ikustea, Euskal Herriko kartzeletara etortzeko dauzkaten zailtasunak, sufritutako torturak eta abar... Nik ez diot inori esango zertaz idatzi behar duen, baina gure kulturan ETAren jardunak isiltasun pisu bat eragin duela ikusi nahi ez izatea itsukeria iruditzen zait. Eta egile eta sortzaile batzuek bidegabekeria hori salatu eta ikusgarri bihurtu zuten. Besterik ez. Eta hor jokabide etiko bat dago, eta konpromiso bat. Inork ez baitu konpromisoaren monopolioa, batzuek behin eta berriz kapitalizatu nahi duten arren.

    Uste dut ona dela hori gogora ekartzea, ez inoren gainetik jartzeko, bidezkoa delako baizik. Zentzu horretan, esan bezala, Imanol figura paradigmatikoa iruditzen zait. Hainbat gauza oker egin ditugu, eta horiek adieraztea ez da inoren gainetik jari nahi izatea.

    Ez dut uste gailentasun moraletik idazten dudanik. Are gehiago, arestian aipatu dudan ezker abertzalearen autokritika horrek frogatzen du zenbait kontu egiteke zeudela gurean. Era berean, komenigarria litzateke beste sektore batzuen aldetik autokritika entzutea ere (torturaren inguruan, esaterako). Kontua ez da inoren gainetik edo azpitik jartzea, zenbait gauza gogoraraztea baizik.

    Baina etikaz galdetzen badidazu, esango nizuke etikoagoa dela bortxa eta min bidegabe guztiak salatzea, eta ez bakarrik norberari komeni zaizkionak edo "beretarrek" nozitzen dituztenak. Uste dut artikuluan aipatzen ditudan Orwellek, Camusek edota Coeetzek garbi erakusten dutela zer den hori.

    2016-03-04 10:46Aritz Gorrotxategi
  • 64x64

    Zu zeu-n azaldutako Laia Uranga-ren testuari erantzuna.

    Pozgarria da azken denbora honetan euskal literatura eta gatazkaren harremanari buruz eman den eztabaida. Aritz Gorrotxategi idazle donostiarrari Laia Urangak emandako erantzun luzeaz ari naiz. Azkenean, ezker abertzaleko kide batek bere iritzia plazaratu du gai honi buruz. Esan dezadan lehen lehenik: hainbat argudio eta gogoeten artean ez dizkio hitz xamurrak dedikatzen Aritz Gorrotxategiri: nobelista txarra, epailea, fiskala, apaiza, deitzen dio. “Barne ministroa”rekin parekatzen du. Andu Lertxundi idazleak ez du ere munta gutxiagoko lausengurik jasaten: ABCko eskemen jarraitzailetzat salatzen du eta “botereak eta El corte inglések diruz ordaindutakoek, esaten duten gauza berbera esaten du”ela. Gauza arrunta ohi da hainbat ezker abertzalekoen artean iritzi bat indar korrelazio baten arabera epaitzea, iritzi hori gezurra ala egia den begiratu eta ziurtatu gabe. “Botere”ak, “El Corte Inglesek diruz ordaindutakoek” eta Lertxundik berak egia esan baitezakete, beste edozeinen batek bezala. Baina Laia Urangaren eskemetan, gizaki bakarrak ez omen dira existitzen. Denok omen gara gerran diren gudaroste baten edo bestearen kide. Egiak ez du horrela berezko izaterik, batek edo besteak esan ematen dio izana. Horrela Laia Urangak, Aritz Gorrotxategi, behin eta berriz “zuek” definitu gabeko baten multzoan sartzen du. Pentsatuko du bere aldeko irakurleak jarriko dizkiola “zuek” delako horri nahi dituen buztan eta adarrak.

    Baina artikulu honek fulminazio eta fumigazio alderdi bat badu ere, badu bestelako bertuterik (bertutea baita baten burua mozorrorik gabe bere itsusitasun gordinenean erakustea): ezker abertzalearen zenbait iritzi kanonikoen testigantza ematen du. Baita ezker abertzalearen arrazoiketaren mekanikaren hainbat eredu erakutsi ere. Jar dezadan adibide bat: bere bigarren paragrafoan Gorrotxategiri “ideologiaz” ari dela leporatzen dio, eta ez teknika literarioetaz. Hori esaten du Gorrotxategi eta Lertxundi atzerakoi-sistemikoen zakuan modu errepikakor batean sartu dituen batek. Azpimarratu beharrekoa da: besteek gaizki egiten dute ideologia eta literatura nahastean; baina Laia Urangak ez du besterik egiten. Eta nik diot nire arterako: horretaz konturatzen da, ala besteak ez direla konturatzen pentsatuko ote du?

    Esaten du ere Gorrotxategik “estigmaren zama” jarri nahi diela “ETAren aldeko idazleei”. Era berean dio garai honetako euskal literatura orokorki “ezker abertzalearen aldekoa” dela. Beraz, kontraesan batean harrapatu dugu Laia Uranga: euskal literatura “ezker abertzalearen aldekoa” bada batipat, “estigma” edukiko dute ezker abertzalekoak ez direnak, eta ez aldekoak. Hori da, izan ere, Gorrotxategik aipatu duena Itxaro Bordaren hitzak ekarriz: “nehork ez zuen ezker abertzalegoaren doxa nagusiaren norabidea larriki zalantzan eman”. Argi geratzen da beraz, nola Laia Urangak horren aldeko argudio bat eskaintzen digun. Gaur egun ezker abertzaleak du euskal literaturan “hegemonia” zentzu erabat gramscianoan, ezker abertzaleak espreski bere egiten duen zentzuan. Horrela definitzen baitu hegemonia: “jendartean gailentzen den eredua, eragile batek besteekiko duen nagusitasuna egiten dio erreferentzia” (Ernai, Pentsamendu kritikoruntz, 2013). Ezker abertzalea botere nagusia da, gailentzen den stablishment-a, bai euskal literaturan eta bai euskal kulturan, bertsolaritza barne, Bordak izendatzen duen “doxa-iritzia”ren jabea da.

    Hala ere, Laia Urangak dudan jartzen du (ez da ukatzera atrebitzen) “idazleek zentsura eta errepresio garai latzak pasa izan dituztela, ezker abertzaleak oinperatuta” “tankera horretako lekukotzarik jaso ote du Bordak? Benetako arazo batez, arazo sakon eta hedatu batez ari al zaigu, edo metafisikaz ari da?”. Noski, hau esaten du iritzi nagusiaren talaietik, ezker abertzalearen balkoitik: nola onartuko du, bada, ezker abertzaleak “errepresioa” eragin duela euskal literaturan eta bertsolaritzan? Hain zuzen ere orain, Laiaren zumosoleko lehengusuek beren ekintza armatuak eten dituztenean, eta beldurra apika desagertu denean, horren inguruko testigantzak agertu dira, Bordarena, Gorrotxategirena… Ezker abertzaleak ez du debalde sufrimentuaren sozializazioaren estrategia eraman eta era berean, nahita eta ohartuki, hegemoniaren mesedetan, beldurra sozializatu du, baita euskal literaturaren arloan ere. Laia Urangaren izkribuak testigantza horiek eten egin nahi ditu errotik, bere purrustada propioa erreprimitu gabe: “Ez erantzun, ez ezazu denbora gal”, agintzen dio Gorrotxategiri. Ez al litzateke beharrezkoa izan behar gauza hauetaz libreki hitzegitea? Eta endemas besteari barne-ministrari espainiarra izatearen estigma gaineratu gabe? Ez al da gaineraketa hori beldurra eragite nahiaren adierazgarri? Zeren kontuan izan behar da, herri honetan PP eta PSOEko jende soila erahila izan den “barne-ministraria”ren akolitoak zirela esanda.

    Baina Laia Urangak benetan sutu egiten duena ETAren biktimen gaia da. Horretaz esaten du, Gorrotxategiren ustezko iritzia salatuz (Gorrotxategik ez baitu halakorik esaten!): “Ez: kontua da ETAren biktimez jardutea. (…) idazle bazara, jorratu beharrekoa, idazle oso bilakatuko zaituena, irudiz, ETAren biktimak aldarrikatzea da”. Horren arabera beste perla distiratsu bat dedikatzen dio idazle donostiarrari: “Hori, macarthismo hutsa den hori, zuretzat, ‘etikoa’ da”. ¿Macarthismoa da ETAren biktimez jardun behar dela esatea? Gorrotxategiren benetako iritzira bagoaz berak ez du horrelakorik esaten. Berak dio, Lertxundiren eta Jokin Muñozen zenbait obra aipaturik: “arreta gatazkaren kalteak jasandakoengan jarri zen, eta, hala, gatazkarekiko ikuspegi etiko bat abian jarri zuten”. Esaldi soil honek Laia Urangaren trumoien kutxa ireki egin du eta bertatik ETAren biktimen mamu kolektiboa atera da. Ez al da ikusten hemen “hegemonia”ren mekanismoaren beste zertzelada bat? Ez al zaigu noizbehin gertatu, ezker abertzalekoren batekin hitzegitean, ETAren hilketak aipatzean, bapatean torturadore eta macarthisten bandoan sartzen gaituztela, inolako arrazoirik jarri gabe? Eta hara hemen horiek espreski aipatu beharrik gabe nola jartzen den gure Laia Uranga susmo huts bat usaitu duelako…. Esaten du (eta lerro artean entzun genezake bere hortzaduraren karraska):

    Ez da nahikoa polizia, ez da nahikoa kartzela, desterrua, gerra zikina, torturak eta sakabanaketa. Ez. Justizia osoa izan dadin, biktimei buruz idatzi ez duten idazleen zerrenda egin behar dugu (egin zenuen lehenago ere). Eta hori, guzti hori, literaturaren izenean esaten duzu, zuk, idazle batek. Ba, zer nahi duzu esatea: ni zure kolega idazlea banintz, ez nuke zurekin garagardo bat hartzeko gogo berezirik izango.

    Gorrotxategi bere kolega idazleekin garagardorik ez hartzera kondenatzeko desioa azaldu du Laia Urangak, ezker abertzaleak hainbatetan erabili izan duen mekanismo horietako bat ezinobe ilustratuz: disidentea isolatu eta bakarrik utzi, berotasun humanorik ezean izoztu dadin. Sar zaitez taberna batean, beste guztiak, Far Westen bezala, alboratuko direla… Zenbat jendek bizi behar izan duen horrelako esperientzia bat gure herrian. Eta gertatutako hauek, Laia Urangarentzat “metafisika” omen dira. Ez, horiek dira gure herriko egunerokotasun kafkianoaren seinale. Ikusi nahi dituenak ikusten ditu eta bestela, Laia Urangari bezala, “metafisika” iruditzen zaizkio. Aditu nahi ez duenik bada / itxi bitza belarriak , Txirrita dixit.

    Laia Urangak bakarrik errealitatearen alderdi bati egiten dio arreta eta ez du konturatu nahi gauza batzuk besteekin loturik direla: polizia, kartzela, desterrua, gerra zikina, tortura eta sakabanaketa alde batean dira eta bestean ETAk eragindako ia mila hildako, estorsioa, bahiketa, mehatxua, erasoa, kale ertzeko bullying delakoa, euskal literatura eta bertsolaritzan gertatu den zapalketa eta koakzioak, Laura Urangak ahazturaren intxaurretan uzten dituena. Ez al da hau jarrera etiko berezi baten adierazpide? Ez al du jarrera etiko horrek euskal literatura tindatzen? Laia Urangak uste baitu mundua eta Euskal Herria bitan banatzen direla, batzuk zapaltzaileak direla eta besteak zapalduak, eta ezker abertzalea “antikolonialista dela, zapalduaren aldekoa”. Zer esango lukete horretaz tibetarrak, kosoviarrak, lituaniarrak, estoniarrak, tirania iraultzaile baten menpe bizitza pairatu behar izan dituzten hainbat herrik eta ezker abertzalearen elkartasun izpirik sekula jaso ez dutenak, aldiz, beren menperatzaileen alde agertu izan direlarik? Laia Urangak, literaturaren onurak eta politika nahasi egiten ditu berriz ere:

    Gatazka armatu guztien ingurumarian sartutako literatura aipagarriena, salbuespenak salbuespen, gehienetan izan baita zapalduen leinukoek boterearen kontra idatzitakoa. Arrazoia sinplea da: boterearen aurka jarduteak irudimena eskatzen du, ideia berrien bilatze ezinbestekoa, ia obsesiboa, eta, gainera, epikoa da.

    Noski, zeinek ukatu dezake borroka armatuaren epika? Homerok ez al zituen gerreroen ekintzak kantatzen? Zer da Mio Cid mertzenario baten omenaldi kanta baino? Ez al dira Islandiako sagak pirata batzuen ibileren kontakizunak? Eta Hernan Cortes-en konkista Mexicon? Zer James Bond-en filmei buruz? Genero horretan kokatu behar baititugu ETAkideen ekintzak. Baina hemen Laia Urangaren balorazio batekin ez nagoela ados esan beharko dut. Ez baizait iruditzen ETAko kidea zapaldua eta PPko zinegotzi erahildakoa zapaltzaile papera hain borobilki betetzen dituztenik. Borreroa eta biktimaren kategoria erreala sahiesten du Laia Urangak zapaldu-zapaltzailearen aitzakiarekin. Zeren eta bera ez baita gai (oraindik) ETAren biktimen kategoria ukatzeko. Biktima direla uste du, hori aipatzen duelako. Orduan ETAren biktimak zapaltzaileak dira?

    Boterea, eta horretaz ez da Laia Uranga konturatzen edo ez du konturatu nahi, gauza erlatiboa baita beti. Ez al dago Aritz Gorrotxategi boterearen kontra euskal kulturan ezker abertzaleak duen hegemoniaz kritikoki diharduenean? Ez al da Laia Urangaren diskurtsoa boterean dagoenaren parekoa, eskomikuak eta bedeinkazioak alde batera eta bestera banatzen baititu? Erraza da gora begiratzea, hitz potoloak errealitate anitzen gainean jartzea, pertsona bat edo batzuk izen horrekin identifikatzea eta hori gertatuta PPko afiliatu den karamelo saltzaile bat edo Loiolako kuartelean sukaldari dabilen beste hori “boterea” dira eta orduan erakunde armatuaren objetibo zilegiak. Zapaltzaile eta zapalduen erretolika errebisatu behar dugu bestela injustiziarik larrienak heroi batzuen justizia irudituko baizaigu.

    Berak ere dio: “Munduko kazetari onenetako bat, Rodolfo Walsh, Argentinako militarrek erail zuten (bere alaba ere bai: ez ziren errukitzen militar haiek)”. Eta ez du esaten, itsasoa zeharkatu beharrik gabe, hemen, gure artean, Santiago Oleaga, Diario Vascoko Kontseilu administraritzan zegoelako ETAk hil egin zuela. Eta beste kazetari bat, Lopez de la Calle hil egin zuen Andoainen, El Mundon artikuluak idazteagatik; eta ETAk bidalitako bonba batek moztu ziola eskua beste kazetari bati, Gorka Landabururi Zarautzen. Horietaz ez da oroituko, gure Laiak seguruenik zapaltzaileen lerroetan jartzen dituelako. Beren heriotzak akaso ez du lan literario bikainik ekoiztu baina erakunde batek adierazpen askatasunari egindako erasoa erakusten du. Iritzien adierazpena jotzen duten ekintza hauek ez dute beldurraren itzalik sortzen euskal kulturaren barnean? Metafisikaz ari naiz?

    Baina Laia Urangak ez ditu bakarrik ahierreko erreferentziak erabiltzen. Badira ere maite dituen idazleak, eta gainera mugarri etikotzat ditu: “kontua da moral aldetik zinez librea izatea, bakana, eta, beraz, berritzailea. Sarrionandia da horren adibide gorena, edota Koldo Izagirreren Agirre zaharra, zeina, zuek ETAren orbitan jartzen duzuen arren, guztiz parodikoa baitzen”. Guztiz parodikoa omen da Gorrotxategik jartzen duen zita non eta Izagirreren obran aipatzen den “zokoak harrotu, bazterrak sutu, etsaia urduriarazi” behar direla. Gertatzen dena da Izagirrek hain modu deskojonantean deskribatzen duena gure kale bazterreko paisaia dela ezker abertzaleko enkaputxatu koadrillek benetan bazterrak sutu egiten dituztenean eta etsaia urduriarazi dutenean beren propietateak edo pertsona fisikoak erasoaz. Eta zer esan Sarrionaindiaren “zinez libre”ari buruz, Cubako irla diktatorialean bizi dena eta hemen demokrazia burges honetan saritua eta publikatua dena? Gauza arrunta da, normala eta bidezkoa bakoitzak bere idazle eta idazki kutunak edukitzea, baina gusto-plazera den zer edo zer hori errebindikatzeko ez da, Laia Urangak egin bezala, errealitate printzipioarekin hain deblauki puskatu behar. Sarrionaindia eta Izagirre ezker abertzaleko idazle ofizialak dira eta euskal literaturari dagokionez stablishment dira eta ez zoko bazterreko frankotiradoreak.

    Bertsolaritzari begira, Laia Urangak aipatzen du zer nolako aurrerakuntza eman den bertso modu sinpleetatik konplexuetara. Baina gaitasun teknikoarena ez da arazoa. Arazoa da Euskal Herria leku politikoki anitza bada ez dela horrelako aniztasunik agertzen bertsolaritzan. Agerikoa da zenbateraino ezker abertzaleak inposatu duen bere diktat delakoa bertso saio horietan, gaietatik hasita eta esan beharrekoetatik jarraituta. Ikustea besterik ez dago zenbateko txalo zaparrada jasotzen duen Bilduko ordezkari instituzionalak, zenbait bertsolarik barne, eta txistu eta ojuak bestelako kargudun eta baita zenbait bertsolarik ere, adibidez, Jon Sarasuaren kasua. Honek ezinobe deskribatzen du bertsolaritza txapelketeei gertatzen zaiena kopla polit bezain zorrotzetan. Zergatik ez ditu kopla horiek gurera ekartzen Laia Urangak, Sarasua izendatu arren? Honek hauxe dio, adibide gisa kopla horietan: “Kargudunek erregalo./Zein jator zein txorimalo/bereizi ezean, malo./Lasai jo batzuei txistu/ta beste batzuei txalo”. Eta: “Sari banaketan doa/min subliminal mordoa/baezpare itxi ahoa.” Eta:“Aberriaren genoma/ezkerraren melanoma/Estilo ezagun baten/ustelduraren sintoma”. Eta: “Mini-faxismo boladak/dira gure txistukadak./Porrot historiko baten/azkenengo ostikadak”. Sarasuak egia badio, eta nik horrela uste dut, bertsolaritzaren egoera ez da Laia Urangak deskribatzen duen bezain pinpirina eta askatzailea, oso alderantzizkoa baizik.

    Bestalde, Laia Urangak Amets Arzallusen kasua aipatzen du ere. Jakina denez gero, orain gutxi Amets Arzallus berak eta Jon Maiak ukatu egin zioten bertso saio bat egiteari Iñaki Rekartek Nanclareseko bidea hartutako ETAko kide ohiaren tabernan. Argi dago bertsolaritzan ezker abertzalearen esku izoztuak duen pisua eta Laia Urangak ez du alderantzizkoa demostratu.

    Literatura eta etikaren harremanaren gaiak euskal gatazkaren kontestuan baldintza hauek guztiak kontuan hartu behar ditu. Balorazio etikoa eta estetiko-literarioa desberdinak izan daitezke, dudarik gabe. Jon Mirande eta Ezra Pound idazle naziak ziren eta Nerudak eta Albertik bertso laudagarriak eskaini zizkioten Stalin sarraskigileari: ia badirudi batzutan literatura ona botereak sortu duela, edozein boterek, ustez zapaltzaile ala zapaldua izan berdin dio, boterea pertsona batzuk beste batzueri egindako indarra baita. Indar-jokutik kanpoko epaiak dira estetika eta etika: injustiziak jasandakoa, erreparazio formalik jaso behar ezbadu ere, torturatua izan bada edo hilketaren pairatzaile gertatu bada, badaki justizia berarekin dagoela: torturatzea eta erahiltzea gaizki dagoela. Eta konzentrazio zelaiak ala Gulag delakoak jasan dituzten horien testigantzak literatura zeharkatu egiten du eta giza-irudimenari etikaren kolore horri eransten dio. Epika gogoangarrietaz aparte, ez luke beharko euskal literaturak eta euskal kultura hain bortizki sofritu dutenen testigantzaren aipamenik? Literatura, azken batean, lujo bat delako; baina etika elkarren artean bizitzeko ezinbesteko arau batzuk dira. Ez lioke, kasu honetan, Aritz Gorrotxategik modu aski apalean galdetzen duen bezala, literaturak gu guztiok bizi dugun biziari eta elkar biziari mesederik egin behar?

    AITZOL PAGOETA.

    2016-03-09 22:58AITZOL PAGOETA

Zer da Komunitatea? Nola izena eman?

Zer da uberan.eus web orriko Komunitatea?

uberan.eus web orrian euren sormen lanak partekatu nahi dituzten kideek osatuko dute Komunitatea.

uberan.eus web orriaren baitan propio sortu den atal honetan, beraz, sormen lan horiek denak batuko dira. Eta bertan egongo dira erakusgai.

Komunitateko kideez gain, uberan.eus web orrira hurbiltzen den edonork ere bisitatu ahal izango du uberan.eus web orriko Komunitatea.

Zeintzuk dira Komunitateko kideak?

  • Norbanakoak. Norbanakoak dira izen-abizena duten erabiltzaileak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.
  • Kolektibo literarioak, elkarteak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.

Zer egin Komunitateko kide bihurtu eta edukia gehitzeko?

Kide izateko eskaera bideratuz: beherago dagoen formularioa bete eta igorri behar duzu. Benetako datuak eman dituzula konprobatu ondoren, Komunitateko kide izateko eskaera onartuko zaizu.

Gida liburuxka bat bidaliko zaizu, eta gida horren bitartez zure sormen lanak uberan.eus orriko Komunitatera igotzeko xehetasunak jasoko dituzu.

Hortik aurrera, zure sormen lanak uberan.eus-era lotzeko aukera izango duzu.

Oharra: Ezingo da mezu iraingarririk argitaratu. Halakoetan, post hori ezabatzeko eskubidea izango du administratzaileak. Eta arazoa errepikatuko balitz, kidetza etengo litzateke.