Komunitatea

Aritz Gorrotxategi

Literatura enlatatua

Asteartea, 2015-09-01 | Aritz Gorrotxategi
 

Gero eta maizago gertatzen den kontua da: liburuez hitz egiteko edo haiek saltzeko orduan, literaturarekin zerikusirik ez duten gauzez, gailuz edo produktuz inguratuta azaltzea liburua. Literaturaren inguruan egiten diren zenbait ekitaldi edo adierazpidetan gero eta nabariagoa da joera hori. Liburua omen da ardatza, baina liburuarekin zerikusirik ez duten hainbeste gauza agertzen dira adierazpide horietan, ezen batek azkenean ez daki literatur ekitaldi batean, ekitaldi gastronomiko batean edo txiste lehiaketa batean ote dagoen.

Liburua zerbaitez inguratzea da helburua, liburua janztea, liburua bera jendearengana berez heltzeko gai ez balitz bezala. Eta liburua gauzez inguratzean horixe bera aitortzen ari gara: ez duela funtzionatzen. Edo ez duela funtzionatzen nahi genukeen bezainbeste. Lorez eta galtzerdiz apain ditzakegu liburuak, antzerkiz eta ikuskizunez, ipuin-poteoz eta triki-poesiaz, teilatuetatik edo zuhaitzetatik zintzilikatu liburuak, joko olinpikoen pare iragarri... Liburua promozionatzeko kanpaina gisa funtziona dezake, baita zenbait jende erakarri eta letren munduak bizi duen publiko eskasia zuritzeko ere, baina argiak itzali, eguneroko errealitatera itzuli, eta liburuari heltzen diogunean, alegia inguruko antzerki eta pantomima guztia alde batera utzi eta liburua soil-soilean hartzen dugunean, hitzak eta esaldiak baino ez daude. Haiek eta gu. Eta jende askori hori aspergarria iruditzen zaio. Gutxi batzuoi ez, baina beste askori bai. Liburuak ezin du beste denbora-pasekin lehiatu. Liburua ez da guai edo cool. Ezin du teknologia berriekin, sare sozialekin, bideo-jokoekin eta abarrekin lehiatu. Edo, bai, lehiatu dezake, baina oso maila txikian. Liburuak irakurlearekin ezartzen duen komunikazioa ez da berehalakoa, ez da gigatan edo megatan neurtzen. Liburuaren mundua (edo merkatua) modernizatu daiteke, baina irakurketak harreman berezi bat sortzen du testuaren eta irakurlearen artean, harreman intimo bat. Eta harreman horrek gehiago du erritotik edo kultu minoritariotik ikuskizunetik eta txinpartatik baino. Artea sentimendu baten transmisioa zela zioen Tolstoik. Eta gehitzen zuen: “Artelan bat izan daiteke poetikoa, harrigarria, entretenigarria..., baina ezaugarri horiek guztiek ezin dute artearen ezaugarri nagusia ordezkatu: artistak bizi izandako sentimendua. Gainerakoa, efektuak besterik ez dira”.

Irudipena dut liburua inguratzen duten gauza, gailu eta abar asko efektu hutsa besterik ez direla. Azken batean, liburuak denbora eskatzen du, isiltasuna, pentsatzea, irudikatzea, hitzak jostea... Behin irakurrita, ederra da esperientzia konpartitzea, baina oso pertsona gutxirekin parteka dezakegu. Hori da errealitatea. Nahi genuke gehiago izatea, baina ez dakit horrek justifikatzen ote duen liburuaren inguruan sortzen den ikuskizun edo simulakroa. Eta, zenbaitzuetan, baita fribolitatea ere. Asmo onez egina izan daiteke, eta ez dut horren dudarik, baina susmoa dut parafernalia horrek guztiak arroztasuna eta harridura sorrarazten duela hainbat irakurlerengan. “Txalo enlatatuez” mintzo zen Harkaitz Cano Txalorik ez, arren saiakeran; eta niri, bederen, begitantzen zait ikuskizunaren eskutik doan eredu horrek baduela literatura enlatatutik. Jendeak ondo pasa duela? Jakina. Dibertitu direla eta barreak egin dituztela? Nola ez ba! Ardo eta pintxo artean, eta lagun artean berriketan ez da zaila dibertitzea. Baina zer egiten du hor liburuak? Zein da bere benetako funtzioa? Bufoi moduko bat bihurtu ote da? Ez ote gara efektuak bakarrik bilatzen ari? Itxura denez, hitza motz geratu zaigu, ez zaigu aski. Apaindu egin behar dugu hura ahalik eta jende gehiagorengana zabaltzeko, inork libururen bat edo beste irakurtzeko (edo, gutxienez, erosteko). Festaz mozorrotu behar dugu. Agian, besterik gabe, kontuak ez du gehiagorako ematen, eta simulakro bat sustatzen ari gara, egunkarietako kultura orrialdeak betetzen laguntzen duena eta ilusio enlatatu halako bat bizirik mantentzeko asmoa duena. Agian, gauza asko birplanteatu behar ditugu.


Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)
  • 64x64

    Atxagak esaten omen zuen ez dagoela gauza tristeagorik literatur saio bat amaitu eta publikoko norbaitek "Gizendu haiz" agurtzea baino...Hildo horri jarraiki, literaturaren esparrua aspaldi bihurtu da beste edozer saltzeko eremu, aldarrikapenen orgia, ikusgarritasunaren amildegi ... Eta are gehiago, dibertigarria ez bada, ez du ezertarako balio, sare sozialek dena iresten baitute... Auto-fikzioaren modak, halaber, soka beretik tiratzen du...Lar apolakiptiko jarri gabe, ordea, badago alde positiborik ere...Des-dramatizazioaren garaiotan, dena da zilegi muga berrien atzetik abiatzeko...

    2015-09-01 16:07hasier
  • 64x64

    aupa lagunok

    Euskal literaturaz ari zarete? Ezpañakoaz? Frantziakoaz? AEBetakoaz? Adibideren bat duzue gogoan? Irakurle klubez ari zarete? Literatura Eskolaz? Idazle Eskolaz? Literaturiaz? Ahotseneaz? Durangoko Azokaz? Hilbeltzaz? Mikelazuloko Poesia Asteaz?... Niri asko lagunduko lidake zuen iruzkinak ulertzeko, nik ezagutzen dudan euskal literaturak oso gutxi baitu, salbuespenak salbu, aipatzen dituzuen ezaugarrietatik. Nik bizi dudan literaturak ez du parafernaliatik ia deus, arean apaintzen da batzuetan, baina lotsatia da oso. Nik bizi dudan euskal literaturak ez daki bere burua nahikoa ezagutarazten. Iruditzen zait idazleok gehiegitan ahazten dugula agian idazten dugunagatik ez dugula irakurlerik, agian idazle txarrak garela irakurleen gehiengoarentzat, agian publikatzeari utzi beharko geniokeela idazten dugunak ez diolako inori zipitzik ardura, kontalari eskasak garelako, agian geure burua gainbaloratzen dugula eta gure liburuak saltzen ez badira, kritikoek laudatzen ez bagaituzte, komunikabideek elkarrizketatzen ez bagaituzte beti dugula errua zeini egotzi, beti direla besteak gure gaitasuna antzemateko gai ez diren itsuak.

    2015-09-03 08:51gotzon barandiaran arteaga
  • 64x64

    Kaixo, Gotzon.

    Euskal literaturaz ari nintzen, baina seguru beste literaturetan ere gertatzen dela. Adibideak jartzearren, Literaturia etortzen zait gogora. Eta literatura eta beste diziplina batzuk nahasten dituzten zenbait ikuskizun. Eta, oro har, gehituko nuke, susmoa dudala idazten dena baino dezente gutxiago irakurtzen dela. Eta aipatu “parafernalia” gabezia hori estaltzera letorkeela iruditzen zait. Irakurtzeak bakarrik egotea eskatzen du. Ordu dezente bakarka igarotzeak. Eta ez dirudi garaiotan “bakardade” horrek estimu berezia duenik. Nonahi eta noiznahi egon nahi baitugu erakusleihoan.

    Noski, literatura bizitzeko moduak daude. Niri deigarria egiten zait hitzak ikuskizunaren mesedetan zenbaitzuetan galtzen duen protagonismoa. Horrek zer pentsa ematen dit. Hots, horrek ez du kentzen jende askok asmo onez (eta askotan aziertoz) egiten duen lana. Zuk aipatzen dituzun Irakurle Klubak, Ahotseneak eta abarrek betetzen dute literatura irakurlearengana hurbiltzeko funtzioa. Baina, esandakoa, literatura bizitzeko eta ulertzeko moduak daude. Eta hitzaren edo liburuaren inguruan bestelako zalaparta ikusten dudanean (zenbaitzuetan fribolo samarra ere bai) zerbaitek klik egiten dit buruan. Azkern batean, liburua zerbaitez inguratzea eta janztea helburu bihurtzen bada, nolabait aitortzen ari gara liburua jendearengana berez heltzeko gai ez dela. Beharbada puristegia naiz, baina hor zer hausnartua badugula iruditzen zait.   

    Idazleei buruz egiten duzun iruzkinari dagokionez, egia da oso gizatiarra dela errua besteei egoztea. Nik harago joko nuke; beharbada idazleak gara erdipurdikoak, baina ez dut sumatzen gizarteari interesa pizten diogunik. Eta ez da gaurko kontua. Koldo Mitxelenak esaten zuen, seguraski Lardizabalen "Testamentu Zarreko eta Berriko kondairak" izan zela libururik irakurriena Gipuzkoan 1860-1960 urteen bitartean. Hots, ordutik hona dezente modernizatu edo kaletartu gara, baina argigarria da nondik gatozen ikustea. Bestalde, zenbaitzuetan, euskal kultura beste zerbaiten bitarteko gisa ere ageri zaigu (asmo nazionalak eta antzekoak). Agian, frakaso edo ezintasun kolektibo bat aitortu beharrean gaude, edo, agian, gezur bat puzten ari gara komunikabideen kultur orrialdeei bazka emateko. Nolanahi ere, liburuek (eta idazleek) bidea egingo badute, denbora behar dute. Esaterako, Lizardik ez zituen hirurehun irakurle baino gehiago bere garaian. Eta irakurleak ezinbestekoak dira.   

    Bistan da, Gotzon, bizi dugun euskal literatura ezberdina dela, baina hori sanoa eta aberasgarria iruditzen zait. Are gehiago, zuk egiten duzun lana errespetagarria eta beharrezkoa iruditzen zait.

    2015-09-03 11:00Aritz
  • 64x64

    Ni ez nintzen presezki euskal literaturaz ari, egun literaturaz dugun ideiaz baino...

    2015-09-04 01:59Hasier
  • 64x64

    Portzierto, kritikoek euskal literatura laudatzen ez dutela ez da guztiz zuzena. Ibon Egañak aurten kaleratutako euskal kritikaren gaineko liburuan jasotako azterketa kuantitatiboaren arabera, azken 30 urteotan iruzkinen %90 positiboa da...

    2015-09-04 02:08Hasier

Zer da Komunitatea? Nola izena eman?

Zer da uberan.eus web orriko Komunitatea?

uberan.eus web orrian euren sormen lanak partekatu nahi dituzten kideek osatuko dute Komunitatea.

uberan.eus web orriaren baitan propio sortu den atal honetan, beraz, sormen lan horiek denak batuko dira. Eta bertan egongo dira erakusgai.

Komunitateko kideez gain, uberan.eus web orrira hurbiltzen den edonork ere bisitatu ahal izango du uberan.eus web orriko Komunitatea.

Zeintzuk dira Komunitateko kideak?

  • Norbanakoak. Norbanakoak dira izen-abizena duten erabiltzaileak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.
  • Kolektibo literarioak, elkarteak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.

Zer egin Komunitateko kide bihurtu eta edukia gehitzeko?

Kide izateko eskaera bideratuz: beherago dagoen formularioa bete eta igorri behar duzu. Benetako datuak eman dituzula konprobatu ondoren, Komunitateko kide izateko eskaera onartuko zaizu.

Gida liburuxka bat bidaliko zaizu, eta gida horren bitartez zure sormen lanak uberan.eus orriko Komunitatera igotzeko xehetasunak jasoko dituzu.

Hortik aurrera, zure sormen lanak uberan.eus-era lotzeko aukera izango duzu.

Oharra: Ezingo da mezu iraingarririk argitaratu. Halakoetan, post hori ezabatzeko eskubidea izango du administratzaileak. Eta arazoa errepikatuko balitz, kidetza etengo litzateke.