Komunitatea

Aritz Gorrotxategi

Literatura konprometitua

Asteartea, 2015-01-27 | Aritz Gorrotxategi
 

Sartreri zor diogu neurri handi batean literatura konprometituaz gaur dugun zentzua, baina pentsalari frantziarrak aldarrikatutako konpromiso hura alderdi komunistarekin hertsiki lotua zegoen argiki; esan nahi baita, alderdi horrekiko konpromiso leial eta zenbaitzuetan itsuarekin. Garaia ere horretara emana zegoen: aldarrikapen irmoak, diskurtso zorrotzak, disidentziaren mamua... Bitxiki, konpromiso maila ez txikiagoa erakutsi zuen Camusek egurra jaso zuen handik eta hemendik, baita Sartreren aldetik ere —ezagun da Sartrek Camusen L'homme revolté gogor kritikatu zuela Les Temps Modernes aldizkarian idatzitako artikulu batean—, ezkerraren barruko eztabaida eta dotrinez harago, alderdikeriaz harago, bere indarrak bizitzaren zentzuaren bilaketan eta senidetasunean jartzeagatik. George Orwellek ere ezkerrarekin engaiatutako intelektual konprometitu gehienen arbuioa jaso zuen bere garaian Stalinen gehiegikeriak salatu zituenean.

André Gide, adibidez, kexu azaltzen zen bere egunkarian, idazle ez-konprometitutzat hartzen zutela eta. "Horixe da, hain justu, belaunaldi berriko liderrekiko gehien ezberdintzen gaituena, obra bat haren berehalako eraginkortasunaren arabera epaitzen dutela". Giderentzat arteak mugagabean jarduten zuen, eta lohitu egiten zen morroi lanak egiterakoan, baita arrazoi nobleenen alde egitean ere. Idazle frantziarrak aitortu zuen bere garaiaren lekukotza eman behar izan zuenean halaxe egin zuela; horren lekuko dira, esaterako, Ez ezazue epaitu edota SESBetik itzulera lanak, baina Gide beraren aburuz, lan horiek ez zuten ia harremanik literaturarekin.

Geroztik, literatura konprometituaren definio herren eta alderdikoi bat daramagu arrastaka. Sartreren iturrietatik soilik edaten duena. Izan ere, uste dut literatura eta konpromisoa binomioak askoz esparru zabalagoa barne bil dezakeela.

Bere obra XX. mende hasieran eta erdialdean garatu zuen idazle belaunaldi batentzat konpromisoa erlijioarekin lotuta zegoen. Adibidez, Joyceren eta Elioten obretan katolizismoak pisu berezia du (hots, Joyceren kasuan, haren katolizismoa maila etikoan planteatzen zen, eta ez maila doktrinalean). Kafkaren kasuan ere, azpimarratzekoa da haren judutartasuna. Egia da Max Brodek erlijioaren argitara bakarrik mugatu nahi izan zuela idazle txekiarraren obra, eta horrek haren esanahia zertxobait ito zuela; izan ere, hori baino gehiago ere bazen. Baina hori ere bai. Zer esan Updike, Bellow, Roth eta konpainiaz? Idazle konprometituak al dira egun "literatur konprometitutzat" ulertzen dugun horren ikuspuntutik? Bestalde, sonatuak dira Chesterton, Wells eta Bernard Shawen arteko eztabaidak. Edota Evelyn Waugh, Graham Greene edota Paul Claudelen konbertsioak. Graham Greenek berak erdi txantxetan esaten zuen bera ez zela idazle katolikoa, idazten zuen eta katolikoa zela suertatzen zen idazlea baizik. Hor ditugu Flannery O´Connorren narrazioak, Nelly Sachsen eta Celanen poesia… Kontuan izan XX. mendeko libururik salduena (eta irakurriena) Eraztunen jauna, bokazio erabat kristauarekin (katolikoa, zehatzak izateko) idatzia izan zela, eta hala aitortzen duela Tolkienek berak. Gurean ere badugu Unamunoren kasua, ikuspegi espiritual batekin eta fedearekin erabat konprometitua, bere gorabehera, kontraesan eta distira uneekin. Edo José Antonio Pagolarena. Tolstoiren senidetasunaren aldarria ere hor dago, erlijio-kontzientziaren ildotik. Camusek, arestian esan bezala, fede handia zuen gizakiaren senidetasunean, Izurria eleberrian erakutsi zuen bezala, eta ezaguna da haren konpromiso etikoa. Gurean ere, baditugu ildo horretatik edan duten idazleak, besteak beste, Jokin Muñoz edota Andu Lertxundi. Beste hainbeste esan liteke Orwelli buruz. Ideologia jakin batera muga genezake haren obra, eta arestian esan bezala, ideologia jakin horretako buruzagiek tu egin zioten aurpegira, baina, Orwellen konpromisoak ideologia guztiak gainditzen ditu, gizakia baitu helburu, eta gizakiaren duintasuna. Zentzu horretan, biziki argigarria da Orwellek berak Henry Milleren Tropic of Cancerri eskainitako Inside the Whale (Balearen sabelean) saiakera laburra. Millerren liburutik abiatuta, XX. mende hasierako Ingalaterrako literaturaren erradiografia zorrotza eskaintzen du, belaunaldi ezberdinen (Joyce, Eliot eta konpainia batetik, eta Auden, Spender eta abar bestetik…) konpromiso maila eta konpromiso horren nondik-norakoak xehe-xehe aztertuz. Camus eta Orwell disidentetzat hartu zituen ezker ortodoxoak, alderdi bakar eta ofizialarekin ezkondu ez zirelako. Denborak bere tokian jartzen gaitu, eta Camusen eta Orwellen kasuan hala izan da. XX. mendeko erreferente garrantzitsuenetakoak dira, eta haien konpromisoa are argigarriagoa iruditzen zaigu orain. Bestalde, nola uler daiteke Gianni Rodarik edo Michael Endek irudimenaren alde egindako aldarria harekiko konpromiso mota bat bezala ez bada?

Zenbait idazle belaunaldirentzat erlijioa, morala edo etika gai giltzarriak izan ziren. Ez ziren horregatik gutxiago konprometituak —gehiago ere ez—. Kontua da "idazle konprometitua"z gaur dugun zentzua orain hamarkada batzuk baino mugatuagoa eta baztertzaileagoa dela. Ikuspegi horren arabera, Romain Rolland, Thomas Mann, Hesse, Tagore, Zweig, Gabriela Mistral, Heinrich Böll, Sciascia, Bertrand Russell, Octavio Paz eta abar luze bat ez lirateke idazle konprometituak izango, ez eta erreferente moralak ere. Konpromisoaren monopolioaren bandera etengabe astintzea, hura "mailua"ren kolpeagatik bakarrik neurtzea, konpromisoari berari hegoak moztea da nolabait, haren gainean monopolio halako bat ezartzea. Jakina ezkerretik nahiz ezker muturretik egiten den literatura konprometitua dela, baina ez da konprometitua den bakarra. Uste dut ez genukeela izan behar horrela pentsatzeko bezain inozoak. Literatura konprometitua kontzeptu askoz zabalagoa da.

 


Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)

Zer da Komunitatea? Nola izena eman?

Zer da uberan.eus web orriko Komunitatea?

uberan.eus web orrian euren sormen lanak partekatu nahi dituzten kideek osatuko dute Komunitatea.

uberan.eus web orriaren baitan propio sortu den atal honetan, beraz, sormen lan horiek denak batuko dira. Eta bertan egongo dira erakusgai.

Komunitateko kideez gain, uberan.eus web orrira hurbiltzen den edonork ere bisitatu ahal izango du uberan.eus web orriko Komunitatea.

Zeintzuk dira Komunitateko kideak?

  • Norbanakoak. Norbanakoak dira izen-abizena duten erabiltzaileak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.
  • Kolektibo literarioak, elkarteak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.

Zer egin Komunitateko kide bihurtu eta edukia gehitzeko?

Kide izateko eskaera bideratuz: beherago dagoen formularioa bete eta igorri behar duzu. Benetako datuak eman dituzula konprobatu ondoren, Komunitateko kide izateko eskaera onartuko zaizu.

Gida liburuxka bat bidaliko zaizu, eta gida horren bitartez zure sormen lanak uberan.eus orriko Komunitatera igotzeko xehetasunak jasoko dituzu.

Hortik aurrera, zure sormen lanak uberan.eus-era lotzeko aukera izango duzu.

Oharra: Ezingo da mezu iraingarririk argitaratu. Halakoetan, post hori ezabatzeko eskubidea izango du administratzaileak. Eta arazoa errepikatuko balitz, kidetza etengo litzateke.