Komunitatea

Aritz Gorrotxategi

Mitoak posterrean

Astelehena, 2016-01-18 | Aritz Gorrotxategi
 

Jon Kortazarrek Luma eta lurra liburuan dioenez, Atxaga Gabriel Arestiren harria suntsitzen saiatu zen Etiopian. “Harea (Etiopiako sinbolo indartsuenetako bat) hori poesia sozialaren sinbolorik nagusienaren ironia da. Gabriel Arestik, gaurko euskal poesiaren fundatzaile eta aita freudianoak, Euskal Herria sinbolizatzeko harriaren ikurra erabili zuen. Hareak jadanik ez den harria adierazten du, harri desegina, harri joa, harri desagertua”. Denborarekin, esan daiteke Atxaga bera bihurtu dela euskal literaturaren aita freudianoa. Hots, beste aita (edo ama) batzuk ere badaudela esan daiteke, eta horietako batzuen itzala Atxagarena baino luzeagoa ere badela. Nolanahi ere, ez da kontu berria, ezta gurea bakarrik ere.

Harold Bloomek, Poetic Origins and Final Phases saiakeran, subjektu poetaren eraketa ezaugarritzen duten lau etapak zehazten ditu. Lehen etapan, subjektua poesiaren itsasoan murgilduko litzateke. Bigarrenean, aitzindari batekiko identifikazioa helduko litzateke. Hirugarrenean, berriz, aitzindari hori gainetik kentzea etorriko litzateke; eta laugarrenean poetak bere burua eta, batez ere, bere ahots poetiko propioa bilatuko luke.

Roberto Bolaño idazle txiletarrak ziklo honen bertsio edo interpretazio moduko bat eskaintzen digu Los detectives salvajes nobelan. Nobelako protagonistak diren Ulises Limak eta Arturo Belanok, real visceralismo eskolako poetak biak ere, gogor kritikatzen dute Octavio Paz, horretarako pisuzko arrazoirik ematen ez badute ere. Bitxiki, Cesarea Tinajero poeta surrealistaren lorratzak bilatzen dituzte Sonorako basamortuan; eta izan, badira, Tinajeroren eta Octavio Pazen artean zenbait antzekotasun. Roberto Bolañok berak atiortu zuen elkarrizketa batean “Octavio Paz gorrotatzen zutela”. Hego Ameriketatik datorkigun beste adibide nabarmen bat Pablo Neruda eta Nicanor Parra poeten arteko tirabira izan zen. Parrak Nerudaren molde poetikoa desaktibatu nahi izan zuen neurri handi batean Poemas y antipoemas liburuarekin.

Benetako bizitzan ez ezik, bizimodu literarioan ere oso zabaldua dago Ediporen konplexua. Gehienetan, aita izaten da jo-muga, baina badira poesia bera hil nahi dutenak, edo hilda dagoela diotenak. Sarrionandiak adierazi zuenez, poesia hilda zegoen, baina ez zuen berak hil. Badira, izan, poesia eurek hil dutela aldarrikatu dutenak. Nietzschek jainkoa hil zuenetik, belaunaldi ezberdinek norbait edo zerbait hiltzeko behar gorria izan dute beren buruak askatzeko. Edo besteengatik ezberdintzeko eta arrastoa uzteko. Egia esan, konplexuak askorako ematen du. Niri bi hipotesi ildo nabarmen eragiten dizkit kontuak.

Batetik, zer gertatzen da mundua eurekin jaio dela uste dutenekin? Alegia, adanismoak jota daudenekin? Noraino heltzen da beren buruarekin duten identifikazio maila? Nola askatuko dira aitzindariaz beren buruaz askatu ezean? Aita hil ordez —metaforikoki, esan nahi baita—, beren buruak hil beharko lituzkete. Literarioki, noski, eta ez hitzez hitz.

Bestetik, zer gertatzen da subjektu poetikoa kolektiboa bada eta herri baten literaturaz ari bagara? Zer egin behar du herri batek bere ahots poetiko propioa bilatzeko? Bere aitzindariak hil? Batzuetan, aitzindari horiek belaunaldi berrien lepoan harri bihurtzera ere hel daitezke, ikonografia eta imaginario jakin bat betikotuz. Bitxiki, orain gutxi irakurri diot poeta bati euskal literatura Sarrionandiari egindako oin-ohar zerrenda izan litekeela. Oharkabean galde egin diot nire buruari, ez ote da heldu etorkizuneko euskal poesia marinel zaharrez, itsas-nostalgiaz eta galtzetan gordetako koblez askatzeko garaia? Nago garai batean hari identifikatzaile gisa funtzionatu duen (eta, neurri handi batean, funtzionarazi den) epikaren eta mugagabearen estetikak bere onenak eman dituela, eta desakralizazio garai bati ateak irekiko dizkioten hari berriak behar ditugula, hainbat konplexu eta estetika zurrun eta kalezulo tankerakoak gainetik kentzeko. Bestela, susmoa dut gurean itsasoa harri bihurtzeko arriskua ere badugula.

Mitoak posterretan bizi zirela entzun nion behin futbol entrenatzaile bati. Futbolari gazteak beti datoz mitoak ordezkatzera, oraina gizentzera. Mitoaren erorketa denboraren gurpilaren logikaren barruan sartzen da. Mitoak zaharrenen memorian bizi dira zuri-beltzean. Garai bakoitzak, tradiziotik abiatuta eta harekiko haustura bilatuz, bere mitoak eraiki beharra du. Eta zikloa berriro hasi. Hareatik. Guri ere halako zerbait egitea tokatzen zaigula esango nuke.


Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)

Zer da Komunitatea? Nola izena eman?

Zer da uberan.eus web orriko Komunitatea?

uberan.eus web orrian euren sormen lanak partekatu nahi dituzten kideek osatuko dute Komunitatea.

uberan.eus web orriaren baitan propio sortu den atal honetan, beraz, sormen lan horiek denak batuko dira. Eta bertan egongo dira erakusgai.

Komunitateko kideez gain, uberan.eus web orrira hurbiltzen den edonork ere bisitatu ahal izango du uberan.eus web orriko Komunitatea.

Zeintzuk dira Komunitateko kideak?

  • Norbanakoak. Norbanakoak dira izen-abizena duten erabiltzaileak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.
  • Kolektibo literarioak, elkarteak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.

Zer egin Komunitateko kide bihurtu eta edukia gehitzeko?

Kide izateko eskaera bideratuz: beherago dagoen formularioa bete eta igorri behar duzu. Benetako datuak eman dituzula konprobatu ondoren, Komunitateko kide izateko eskaera onartuko zaizu.

Gida liburuxka bat bidaliko zaizu, eta gida horren bitartez zure sormen lanak uberan.eus orriko Komunitatera igotzeko xehetasunak jasoko dituzu.

Hortik aurrera, zure sormen lanak uberan.eus-era lotzeko aukera izango duzu.

Oharra: Ezingo da mezu iraingarririk argitaratu. Halakoetan, post hori ezabatzeko eskubidea izango du administratzaileak. Eta arazoa errepikatuko balitz, kidetza etengo litzateke.