Komunitatea

Aritz Gorrotxategi

Plaza eta Akademia

Asteartea, 2015-11-24 | Aritz Gorrotxategi
 

Maialen Lujanbiok jakintza Akademikoa eta Plazakoa bereizi zituen EHUko udako ikastaroen inaugurazio ekitaldian. Jakintza mota ezberdinak aipatu zituen, eta esan zuen jakintza horietako batzuek (lengoaiaren artea edo bertsolaritza) ez dutela lekurik jakintza arautu eta ofizialean, eta, batak besteari ezer kendu gabe, komeniko litzatekeela jakintza horiek ere Akademian lekua izatea.

Distira izan dezake Lujanbiok hizpidera ekarritako Lazkao Txiki eta Txillidaren arteko pasadizo adierazgarriak: behin, Gasteizen, Eduardo Txillida eskultorearen lan baten aurrean, honako hau esan omen zuen Lazkao Txikik: 'Hemen zein da artista? Hau egin duena ala hau entenditzen duena?'. Ukaezina da Lazkao Txiki bertsolari handia eta maitagarria izan zela. Txillida, berriz, eskultore bikaina. Baina nahikoa da Txillidari buruz dagoen bibliografiari begiratu bat ematea ondorio argigarriak ateratzeko: Joan Brossa, Carlos Fuentes, Heidegger, Octavio Paz, John Ashbery, Ángel Crespo...

Nolanahi ere, Peru Abarkaren postulatuetara ekarrarazi ninduten Maialenen hitzek. Euskal Herrian oraindik gainditu ez dugun auzia: ilustratuaren eta baserritarraren jakintza, eta bi horien arteko talka eta lehia. Iraun nahiaren nahiez, gureari eutsi behar, gurean geratu behar. Bat nator jakintza batak ez duela bestea kentzen, baina arrisku bat ikusten diot plazako jakintzari kulturaren ikuspegitik: lokalismoan edo autokonplazentzian erortzea. Nik uste, edozein herriren kulturak esportagarria izateko bokazioa behar duela izan, dela zuzenean, dela itzulpenen bidez. Bestela esanda, bokazio unibertsala behar duela izan. Etxepareren Jalgi hadi plazara hark, mundura esan nahi zuen, ez bakarrik herriko plazara. Euskarak, noski, hizkuntza gutxitua izaki, zailtasun handiak ditu munduko plazara ateratzeko, baina Etxeparerena bezalako anbizio handiarekin, ezina ere egin liteke. Alde horretatik, Loreak filma mundura jalgitze horren adibide esanguratsua da. Euskaraz egina dago, baina nonahi funtziona dezake. Istorio hunkigarria da, eta ondo perfilatuta daude pertsonaiak. Horren harira, Argia aldizkarian Eneko Zabala kexu zen Loreak filmak Lasa eta Zabala filmaren kaltetan izan zuen aparraldiaz. Argudio politikoak ikusten zituen bataren loraldiaren eta bestearen erdizkako porrotaren artean (akaso, bera ere argudio politikoak erabiltzen ari zela ohartu gabe). Badirudi euskal kulturak sarriegi euskal gatazka (ikuspegi jakin batetik ikusia, noski) islatzeko zama eraman behar duela bere bizkarrean. Edo ez bada euskal gatazka, euskal folklorea zentzu zabalean. Bada, zentzu horretan, kasu bitxi bat: Antton Abadiaren iloba izandako Harry d’Abbadiek, Chaplinen Urrearen kimeran laguntzaile lanetan aritu zenak, La traviesa molinera errodatu zuen 1934ean. Pelikula hura ikusi bezain laster, Lorca poetak honako hau esan zuen: “hain da atsegina eta ederra pelikula, ezen ez baitu espainiarra ematen”. Beste hainbeste pentsatuko zuten askok Loreakekin: ez du euskalduna ematen. Susmoa dut hainbatentzat xehetasun hori negatiboa izan dela. Niri, ordea, jalgitzearen ikuspegitik, kultura-zentzu zabal baten ikuspegitik, Loreaken kasua oso fenomeno positiboa iruditzen zait. Eta arestian esandakoarekin bat egiten du: esportagarria izatea, unibertsala.

Beste adibide bat: bistan da ez direla gauza bera Dostoievskiren Krimena eta zigorra edo Tolstoiren Ana Karenina eta Joxean Sagastizabalen Kutxidazu bidea Ixabel. Litekeena da Sagastizabalen nobelak gozoa uztea irakurle askoren aho-sabaian (nirean barne). Baina arrazoi horregatik esatea Sagastizabalen ekarpena Dostoievskirena edo Tolstoirena baino handiagoa dela, tarte luzea dago. Adibide sinple  bat baino ez da. Amets Arzallusen bertsoak eta Rilkeren poesia ez dira gauza bera. Beharbada, hor dago kulturaren muina. Eliot poetak, Notes Towards a Definition of Culture saiakeran zioenez, “kultura elitista izateak ez du esan nahi baztertzailea denik, zorrotza baizik”. Batak ez du bestea kentzen, baina ez gaitezen biak nahasten hasi. Bakoitzari berea, ados. Gainera, ziurrenik, kalitateak (eta klixeak eta leku komunak baztertzeak) lehenago eramango gaitu mundura jalgitzera.


Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)

Zer da Komunitatea? Nola izena eman?

Zer da uberan.eus web orriko Komunitatea?

uberan.eus web orrian euren sormen lanak partekatu nahi dituzten kideek osatuko dute Komunitatea.

uberan.eus web orriaren baitan propio sortu den atal honetan, beraz, sormen lan horiek denak batuko dira. Eta bertan egongo dira erakusgai.

Komunitateko kideez gain, uberan.eus web orrira hurbiltzen den edonork ere bisitatu ahal izango du uberan.eus web orriko Komunitatea.

Zeintzuk dira Komunitateko kideak?

  • Norbanakoak. Norbanakoak dira izen-abizena duten erabiltzaileak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.
  • Kolektibo literarioak, elkarteak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.

Zer egin Komunitateko kide bihurtu eta edukia gehitzeko?

Kide izateko eskaera bideratuz: beherago dagoen formularioa bete eta igorri behar duzu. Benetako datuak eman dituzula konprobatu ondoren, Komunitateko kide izateko eskaera onartuko zaizu.

Gida liburuxka bat bidaliko zaizu, eta gida horren bitartez zure sormen lanak uberan.eus orriko Komunitatera igotzeko xehetasunak jasoko dituzu.

Hortik aurrera, zure sormen lanak uberan.eus-era lotzeko aukera izango duzu.

Oharra: Ezingo da mezu iraingarririk argitaratu. Halakoetan, post hori ezabatzeko eskubidea izango du administratzaileak. Eta arazoa errepikatuko balitz, kidetza etengo litzateke.