Komunitatea

Aritz Gorrotxategi

Zinema, haurrak eta gainestimulazioa

Astelehena, 2015-03-16 | Aritz Gorrotxategi
 

Gauza ohikoa da telesail eta pelikula askotan isiltasunari tarterik ez eskaintzea. Bereziki, haurrei zuzendutako pelikuletan. Azken urteotan, halako mordoa ikusteko aukera izan dut: Shrek, Monstruos S.A., Cars, Madagascar, Kung-Fu Panda, The Croods, Toy Story saila, Bob Esponja, Rango, Frozen, Big-Hero 6, La Lego... Salbuespen batzuk kenduta (batez ere, Wall-e, Up, Brave, The Secret of Kells eta, bereziki, Miyazakirenak eta Ghibli estudioarenak) gehienetan pertsonaiak isildu gabe aritzen dira, hizketan bainoago hitzak bata bestearen atzetik disparatzen, ikusleari arnasa hartzeko astirik eman gabe. Izerdi gorria botatzen dute gidoigileek isilunerik batere egon ez dadin, ikuslea kontenplazio hutsean geratu ez dadin. Disparate baten atzetik hurrengoa, eta, hura irensteko denborarik gabe, hurrengoa, eta, horrela, infinituraino eta harago. Hori guztia, ordu eta erdiko epean. Bisualki ikusgarriak direla aski ez, eta elkarrizketetan zenbat korapilo eta etxafuego. Badirudi haurren arreta obsesiboki bereganatu nahi dutela pelikulek uneoro, segunduro, ehunenekoro, eta arreta bereganatzeko modua sekula ez isiltzea dela. Berdin da entzundakotik haurrek ezer gutxi ulertzen badute. Gainera, emozionalki aztertuta, pelikula gehienak (aipatu ditudan salbuespenak kenduta —Upen lehenbiziko hamabost minutuak antologikoak dira—) topikoak eta epelak dira, azaleko burrundara hutsa, eta ez, inola ere, galderak egitera eta gauzak kolokan jartzera eramaten gaituzten horietakoak. Esaterako, Dumbo, Marco, Heidi, Bambi eta zenbait pelikula zaharragoekin alderatuz gero, zaharragoak askoz heavyagoak dira emozionalki: amak etxea abandonatzen du eta Marco haren bila doa lurralde ezezagun batera; Banbik amaren heriotzari aurre egin behar dio; Dumbori, berriz, ama sartzen diote kartzelan...

Hain zuzen ere, Catherine L´Ecuyer idazle kanadarrak Harriduran hezi liburuan estimulu gaindosiaren gaiaz dihardu. Liburuko atal batean haurraren ikasketa-prozesua barrutik ala kanpotik sortzen den aztertzen du. Montessoriren aburuz, dio kanadarrak, prozesua haurraren baitan hasiko litzateke. Haurra izango litzateke, beraz, protagonista, eta inguruneak eta hezitzaileek prozesu hori erraztu egin beharko liokete, ez prozesua bideratu edo erabaki. Orain urte batzuk, Dan Siegel neurozientzialariak adierazi zuen ez zela beharrezkoa haurra estimulazio sentsorial gehiegizkoarekin bonbardatzea, horrela “burmuin hobeak” lortuko direlakoan. Catherine L´Ecuyer konbentzituta dago kanpoko zaparrada horrek ez dituela haurrak bizkorragoak egiten; aitzitik, azken urteotako ikerketek frogatu dutenez, gehiegizko estimulazioak arazoak ekar ditzake ikasketa prozesuan. Adibide argigarri bat aipatzen du horren harira: 4 urteko haurren gela bat hiru taldetan banatu zuten. 9 minutuz talde bakoitzari estimulu ezberdin bat jarri zioten. Lehen taldeari, Bob Esponja telesailaren pasarte bat; bigarren taldeari, Caillouren pasarte bat; hirugarrena, berriz, marrazten aritu zen. Taldetan banatuta egon ostean, froga batzuk egin zizkieten haur guztiei. Froga horietan, Bob Esponjari begira egon zirenek 12 puntu gutxiago lortu zituzten. Ez hori bakarrik, bi minutu eta erdi itxaron ahal izan zituzten soilik meriendatzen hasi aurretik. Beste bi taldekoak gai izan ziren lau minutuz itxaroteko. Ikerketa aurrera eraman zuen arduradunaren ustez, Bob Esponjak erritmo zoro-sutsuegia du haurrentzat. Izan ere, haurrek berezkoa dute estimulazioa eta jakin-mina. Guk haiek gehiegi estutu gabe, gai dira edozer gauzarekin jolasteko edo jolasak asmatzeko. Gauza txikienarekin gai dira irudimena oso urrutira eramateko. Gai dira isiltasunean jolasteko. Erritmo zoro-sutsuegietara ohitzen badira, ordea, erritmo horiek desagertzean zer egin ez dakitela geratzeko arriskua dute. Aspertzeko arriskua. Droga batekin bezala, dosia beharko dute. Azken batean, pantaila karrankariek eta hitz-burrunbek haurren ikasketa iraunkor bakarra aztoratzen dute: haurrek mundua lehen aldiz (edo enegarrenez) bere kabuz eta bere erritmoan deskubritzea. Hala, loreak, landareak, barraskiloak edo bere itzala arreta handiagoz behatuko dituzte. Eta litekeena da ikasketa modu horri jarraituta hain erraz ez aspertzea.


Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)

Zer da Komunitatea? Nola izena eman?

Zer da uberan.eus web orriko Komunitatea?

uberan.eus web orrian euren sormen lanak partekatu nahi dituzten kideek osatuko dute Komunitatea.

uberan.eus web orriaren baitan propio sortu den atal honetan, beraz, sormen lan horiek denak batuko dira. Eta bertan egongo dira erakusgai.

Komunitateko kideez gain, uberan.eus web orrira hurbiltzen den edonork ere bisitatu ahal izango du uberan.eus web orriko Komunitatea.

Zeintzuk dira Komunitateko kideak?

  • Norbanakoak. Norbanakoak dira izen-abizena duten erabiltzaileak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.
  • Kolektibo literarioak, elkarteak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.

Zer egin Komunitateko kide bihurtu eta edukia gehitzeko?

Kide izateko eskaera bideratuz: beherago dagoen formularioa bete eta igorri behar duzu. Benetako datuak eman dituzula konprobatu ondoren, Komunitateko kide izateko eskaera onartuko zaizu.

Gida liburuxka bat bidaliko zaizu, eta gida horren bitartez zure sormen lanak uberan.eus orriko Komunitatera igotzeko xehetasunak jasoko dituzu.

Hortik aurrera, zure sormen lanak uberan.eus-era lotzeko aukera izango duzu.

Oharra: Ezingo da mezu iraingarririk argitaratu. Halakoetan, post hori ezabatzeko eskubidea izango du administratzaileak. Eta arazoa errepikatuko balitz, kidetza etengo litzateke.