Komunitatea

Edu Zelaieta Anta

Eskolak galduko du mundua

Ostirala, 2015-10-02 | Edu Zelaieta Anta
 

 “Eskolak galduko du mundua”. Hala esaten omen zuten aspaldian Euskal Herriko zenbait txokotan. Berako osaba Joxe Marik kontatua didanaren arabera, berak ere entzun zuen inoiz arestiko esaldia mutiko koskorretan, duela 50-55 urte inguru. Nonbait, herriko zaharrak ez ziren fio eskolan egiten ziren kontuekin, bertako hezkuntzaren bidez sartzen ziren ideia berriak ez baitziren ordura arteko bizimodu tradizionalarekin bat etortzen beti. Hori zela eta, eskola ez zen denen gogoko: munduaren akabera etorriko da noizbait, eta, eskola izango da hondamendiaren erruduna. Eskolak galduko du mundua.

Orduz geroztik gauzak asko aldatu direla esan gabe doa, nahiz eta tradizioaren eta modernitateren arteko tira-birak indarrean dirauen. Uste baino gehiago, beharbada; beste era batera, beste guardasol baten azpian, beste itxura batekin, baina indarrean: zaharrak gaztea galbidean ikusten du, gazteak zaharra garaiz kanpo ikusten duen legez. Belaunaldi bakoitzak arrazoi du... belaunaldi bakoitzaren arabera.

Gaurko ikuspegitik begiratuta bitxi samarra gerta daiteke pentsatzea eskolak galduko duela mundua. Sinpatikoa, kasik: nekez galduko du eskolak mundua, ezpada munduak eskola galduko duela. Halako sentsazioa dute behintzat hezitzaile askok eta askok: eskolan poliki ehuntzen dena ti-ta desegiten duela telebistak, hezkuntza sistemak eraiki nahi duena gupida barik eraisten duela errealitate gordinak. Alde horretatik, irakasle ugariren kexa da umeak ez ezik, gurasoak ere hezi behar izaten dituztela sarritan, azken honek dakartzan oztopo eta zailtasun agerikoekin (Ruperrek kantatzen zuen “Berreziketaren zailtasunaz” gogoan).

Egia da gure artean inork ez duela esan “Eskolak galduko du mundua”, baina tradizio horrekiko nolabaiteko atxikimendua antzeman dut behin baino gehiagotan, adinez eta rolez kide ditudan hainbat gurasoren artean (geu ere herriko zaharrak izatera bidean ote?). Izan ere, hezkuntzan egiten den lana erraz kritikatzen dute hainbatek, eta ez gurasoon artean bakarrik. Tamalez, ezjakintasunetik jaurti ohi dira hezkuntzako profesionalen aurkako harri astunenak, harrikaden ondorioei gehiegi erreparatu gabe. Baina, tira, eskolaren kontra egiteko gauza handirik ere ez da jakin behar; ez lehen eta ez orain. Nago, jendarte bezala ditugun arazoak zeharo konpontzen ez dizkigun bitartean, eskolak erruen ontzian segituko duela. Eta guk esker txarreko. Mesfidati.

 


Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)

Zer da Komunitatea? Nola izena eman?

Zer da uberan.eus web orriko Komunitatea?

uberan.eus web orrian euren sormen lanak partekatu nahi dituzten kideek osatuko dute Komunitatea.

uberan.eus web orriaren baitan propio sortu den atal honetan, beraz, sormen lan horiek denak batuko dira. Eta bertan egongo dira erakusgai.

Komunitateko kideez gain, uberan.eus web orrira hurbiltzen den edonork ere bisitatu ahal izango du uberan.eus web orriko Komunitatea.

Zeintzuk dira Komunitateko kideak?

  • Norbanakoak. Norbanakoak dira izen-abizena duten erabiltzaileak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.
  • Kolektibo literarioak, elkarteak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.

Zer egin Komunitateko kide bihurtu eta edukia gehitzeko?

Kide izateko eskaera bideratuz: beherago dagoen formularioa bete eta igorri behar duzu. Benetako datuak eman dituzula konprobatu ondoren, Komunitateko kide izateko eskaera onartuko zaizu.

Gida liburuxka bat bidaliko zaizu, eta gida horren bitartez zure sormen lanak uberan.eus orriko Komunitatera igotzeko xehetasunak jasoko dituzu.

Hortik aurrera, zure sormen lanak uberan.eus-era lotzeko aukera izango duzu.

Oharra: Ezingo da mezu iraingarririk argitaratu. Halakoetan, post hori ezabatzeko eskubidea izango du administratzaileak. Eta arazoa errepikatuko balitz, kidetza etengo litzateke.