Komunitatea

Hasier Rekondo

Hitzek salbatzen gaituztenean

Asteazkena, 2015-06-17 | Hasier Rekondo
 

Azken aldian, puri-purian dabiltza euskal literaturan genero beltzaren adar ezberdinei heldu nahi dieten joerak. Orain arte aski ez jorratutako Euskal Herriko testuinguru post-industrialean kokatutako nobelak izan ohi dira. Xabier eta Martin Etxeberria anaia zarauztarrek lau eskutara idatzitako Gizon gogorraren sekretua (Elkar, 2015) lanak esaterako argitaletxe honetan bertan berriki kaleratutako Iñaki Irasizabalen Aita gurea ekarri dit gogora. Izan ere, osagaiak nahiko antzekoak dira, “ven y cuéntalo” hartatik urrun oso: grisez tindatutako gainbehera industrialeko gatazka sozialak, bilbatze narratibo ezberdinak, erredentzioaren bila dabiltzan galtzaileak…

Aurretiaz, hiru eleberri dituzte lau eskutara idatziak: Itxoidazu Cafe de Passy-n (2004), Ez dadila eguzkia sartu (2006) eta Arrain abisalak (2009). Bakoitzak bere aldetik, Xabierrek nobelagintza jorratu du gehienbat; Martinek, berriz, irudi poetikoak ehuntzeari heldu dio banakako lanetan. Nobela honetan, argamasa ezinbestekoa osatuko dute irudiok. Inauteri egunetan harilkatutako krimen baten osteko tentsio narratiboa maisuki mantentzen dute bi anaiok, berariazko zaien osagai nagusiaren laguntzaz: brotxa lodiko umorerik agerikoenetik umore finaren arteko etengabeko joan-etorriak.

Erre gizon arrunta da; bere gainbeheran, dena galdu duen gizon arruntaren zantzu guztiak agertzen ditu behintzat. Donostia inguruko pabiloi industrial batean bizi da Realak azkenekoz bigarren mailan eman zituen garaietan. Aita faltsu batek zorrez ehundutako amarruaren ondoren heldu da gainbehera; bizirik uste duen emaztea ere galdua du, eta alkohola du babes bakarra errealitatearen aurka Triniren ermita-tabernan. Inauteriak hastearekin bat, Gorri sindikalista hilik aurkitu gauean hartutako mozkor galantaren ondoren galdutako memoria berreskuratu nahi du Errek, leporatu liezaioketen errua arintze aldera. Izan ere, Laminados del Norte enpresan aurkitu dute Gorri urkatuta, Erreren eskuetara heldu den belarria eta zakila moztuta. Detektibe alderrai horren “laguntzaile” gisa, Jota mutiko “atzeratu” eta filosofo aparta eta Burdel King putetxean lanean ari den eta sexu kontuak arinduko dizkion Eme beltzaran masokista. Errek badu beste ezaugarririk: Jon Alonsoren Camembert helburu (Susa, 1998) irakurtzen du.

“Ez naizenak, izan ez naizenak eta jada izango ez naizenak ematen dit min, mainguari eguraldia aldatzen denean zango anputatuak min ematen dion bezala, Rimbaudi ebaki zioten zangoak min ematen zion bezala”, leitzen du Errek bere bitakora koaderno partikularrean. Xede horrekin ekingo dio hankarik ez bururik ez duen detektibe jolasari, infernurako bidean. Beste ildo narratibo batean, Karmele ertzain arduratsua, kale-borrokan buru belarri sartutako alabaren gatibu, Egunero Hertzainak-en kantuarekin torturatuz, krimenaren bertsio ofizialetik urruntzen saiatuko da. Topikorik gabeko nobela honek badu parabolarako joerarik; infernuaren erdian zaudenean umoreak eta hitzek bakarrik salbatu zaitzakete.

31_Gizon gogorraren_AZALA


Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)

Zer da Komunitatea? Nola izena eman?

Zer da uberan.eus web orriko Komunitatea?

uberan.eus web orrian euren sormen lanak partekatu nahi dituzten kideek osatuko dute Komunitatea.

uberan.eus web orriaren baitan propio sortu den atal honetan, beraz, sormen lan horiek denak batuko dira. Eta bertan egongo dira erakusgai.

Komunitateko kideez gain, uberan.eus web orrira hurbiltzen den edonork ere bisitatu ahal izango du uberan.eus web orriko Komunitatea.

Zeintzuk dira Komunitateko kideak?

  • Norbanakoak. Norbanakoak dira izen-abizena duten erabiltzaileak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.
  • Kolektibo literarioak, elkarteak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.

Zer egin Komunitateko kide bihurtu eta edukia gehitzeko?

Kide izateko eskaera bideratuz: beherago dagoen formularioa bete eta igorri behar duzu. Benetako datuak eman dituzula konprobatu ondoren, Komunitateko kide izateko eskaera onartuko zaizu.

Gida liburuxka bat bidaliko zaizu, eta gida horren bitartez zure sormen lanak uberan.eus orriko Komunitatera igotzeko xehetasunak jasoko dituzu.

Hortik aurrera, zure sormen lanak uberan.eus-era lotzeko aukera izango duzu.

Oharra: Ezingo da mezu iraingarririk argitaratu. Halakoetan, post hori ezabatzeko eskubidea izango du administratzaileak. Eta arazoa errepikatuko balitz, kidetza etengo litzateke.