Komunitatea

Hasier Rekondo

Joan-etorriaren isla gardena

Osteguna, 2015-06-25 | Hasier Rekondo
 

Gerardo Markuletak (Oñati, Gipuzkoa, 1963) bonsaiak inarrosten diren gisara ehuntzen ditu poemak, klasizismoaren eta gardentasun lirikoaren gorazarrez. Haren azken poemario honetan, Denbora bere lekura (Erein, 2015) emeki umotutako poesia berantiarraren harribitxiak laga dizkigu. Poema-bonsai taxugile lan horretan minimalismoaren eta argitasunaren moldeak ditu nahiago Markuletak. Hala nola denbora bere lekura alkimista baten gisa kristalizatu nahian, horrela diosku Argazki albuma poeman: «Bizi unea/ unea oroitzeko./ Oroit uneak./ Hala egin genuen,/ horixe dugu gaur».

markuleta

Orain arte itzulpengintza eta poesiagintza jorratu izan ditu Gasteizko karriketan denbora eta espazioa lekoratu dituen egileak; itzulpengintzaren alorrean, Poeta katalan garaikideak (Elkar-Urrezko Biblioteka, 2014) edizio berritua dastatzeko aukera izan genuen azkenekoz. Oraingo honetan, orain arteko bere seigarren poesia liburuan, 50 poema paratu ditu lau azpiataletan bananduak: Denbora bere lekura, Ezkutuko tiradera, Altzari japoniarra eta Biok egur, biok su. Titulu nagusiak berak iradoki lezakeen denborarekin jokatutako partidaz harago, poetak duela bi urte gainditu baititu 50ak, sinboliko bezain errealak, paradoxikoki liburu guztian zehar usaindu egin daiteke presentearen presentzia bortitza. Poetak apetazko oroimenak islatzen dizkigu, maisuki islatu ere. Pinudia hasierako poema sinbolistan, esaterako, horrela mintzo da: «... Zantzuak/ ulertzeko gauza bide gara orain./ Argi da/ zer diren jabea, masustak, beldarrak,/ zubia, zer den pinudia? Zeinuek/ garden dirudite, eta/ ez dira». Poetak ez ditu «poesiakeriak» laket, gardentasunaren eta neurriaren aldareetan sakrifikatu nahi ditu bere poemak. Denbora bere lekura honetan, halaber, badira historiaren pisu astunegia islatzen dutenak ere, kronika poetikotik gertuago. Neskak mojetara izenekoa horren lekuko distiratsua dugu. Des-heziketa sentimental eta sexual «desbideratu» baten errelatua nolanahi ere. «Gona motz haiek, ordea,/ beti gogoan, oroitaraziz/ edertasuna zeinen den,/ ustez, eskura; zein eskuragaitz/ gehienean./ Ordutik dut/ mojekin errezeloa, eta/ voyeur arima ttipi bat». Egunerokotasunaren poesia eta pentsamenduaren poesia bat eginda, biek ala biek bonsai ederrena inarrostea, edo hautematea, azken xede.

Liburuak aurrera egin ahala, molde poetiko ezberdinak uztartuko ditu poetak. Ezkutuko tiradera bigarren atalean, kasu, maizago agertuko zaizkigu hitz jolasak eta errepikapenak; Balak baleki-n —«Errekan diz-diz/ harri zapalak./ Balak baleki;/ baleki balak./ Hegaz ederki /goian antzarak/ Balak baleki; / baleki balak...»— eta Moroak hiztegian —Carlos Drummond de Andrade poeta brasildarraren zenbait poema akustikoren ildoan nonbait— dira joera horren erakusle nagusiak.

Markuletak erregistro guztiak aise erabiltzen dituela erakusten digu amaiera aldera, izan ere, neurtitz errimadunak lerrokatzeko abilezia finarekin, poeta klasikoen oihartzunak dakarzkigu gogora azken koda horretan. «Hitz bat nahikoa duzu/ —ez zin eta ez promesa—/ bihur gaitezen, printzesa, biok egur, biok su».


Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)

Zer da Komunitatea? Nola izena eman?

Zer da uberan.eus web orriko Komunitatea?

uberan.eus web orrian euren sormen lanak partekatu nahi dituzten kideek osatuko dute Komunitatea.

uberan.eus web orriaren baitan propio sortu den atal honetan, beraz, sormen lan horiek denak batuko dira. Eta bertan egongo dira erakusgai.

Komunitateko kideez gain, uberan.eus web orrira hurbiltzen den edonork ere bisitatu ahal izango du uberan.eus web orriko Komunitatea.

Zeintzuk dira Komunitateko kideak?

  • Norbanakoak. Norbanakoak dira izen-abizena duten erabiltzaileak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.
  • Kolektibo literarioak, elkarteak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.

Zer egin Komunitateko kide bihurtu eta edukia gehitzeko?

Kide izateko eskaera bideratuz: beherago dagoen formularioa bete eta igorri behar duzu. Benetako datuak eman dituzula konprobatu ondoren, Komunitateko kide izateko eskaera onartuko zaizu.

Gida liburuxka bat bidaliko zaizu, eta gida horren bitartez zure sormen lanak uberan.eus orriko Komunitatera igotzeko xehetasunak jasoko dituzu.

Hortik aurrera, zure sormen lanak uberan.eus-era lotzeko aukera izango duzu.

Oharra: Ezingo da mezu iraingarririk argitaratu. Halakoetan, post hori ezabatzeko eskubidea izango du administratzaileak. Eta arazoa errepikatuko balitz, kidetza etengo litzateke.