Komunitatea

Hasier Rekondo

Porrotak zizelkatutako garaipen ametsa

Asteazkena, 2015-05-27 | Hasier Rekondo
 

Mikel Antzaren (Donostia, 1961) ibilbide literarioak antzerkiaren eta narrazioaren itsaso “arrazionalagoak” zeharkatu ditu orain arte. Argitaratutako lehen poemario honetan, Ametsak ere zain (Susa, 2015), ibilbide politiko zein existentzialaren gaineko ahots lazgarri bezain barnerakoiak uztartu nahi izan ditu, ametsaren molde “irrazionalagoa” zizelkatuz. Joseba Sarrionandiaren hitzaurrean bertan ematen zaigu kontraesankorra ere gertatu litekeen askatasun egarri baten berri, “askatasuna kanpotik helduko litzatekeen zerbait ez dela eta kartzelan bilatzen du presoak, non eta azken txokoan, norberaren baitan, eta lagunengan”.

Norberaren baitako hori iruditu zait Antzaren ahots poetikoaren alderik lortuena eta erakargarriena, ezbairik gabe. Militantearen testigantza politikoaren aztarnak liburu osoan zehar barreiatzen badira ere, liburua bera testigantza horren oximoron poetikoa izanik, Antza poetak ez du inoiz galduko irudigintza ferekatzeko grina. “…hemen nago / ihes ederrean baitaratua / aurreikusi gabekoa idazten / hatz herdoilduetan elur gorri / begietan antzigar gandu / mihi izotz ezpata hauskor…”.

Liburua sei azpiataletan banatuta dago, bakarrizketa poetikoaren moldeari jarraiki betiere, poema luzeak maisuki ehunduz: Intro, Bellum, Carcer, Mors, Invictus eta De Profundis. Guztietan emango zaigu “ETAkoa / nintzen / naiz / eta izango naiz” pertsonaia publikoaren berri, modu pertsonalagoan edo publikoagoan eman ere. Politikaz edo poetikaz idatzi beharraren gaineko dikotomia antzuetan erori baino lehen, esan dezadan, egilearen nondik norakoa ezagututa liburuak aurreiritzi ugari jasoko dituen arren (zenbaitzuk hegaldatu dira honezkero iruzkin literarioen gordelekuetan barrena), kalitate literarioa ezin zaiola ukatu, esaterako, Susa argitaletxeak azkenaldian kaleratutako kartzelako liburu lar errepikakorrei aise gailentzen baitzaie.

Lehen lerroan bizitako gerraren gaineko testigantzan damu aztarnarik bilatu nahi duenak jai du. “… ez al duk deus esan behar odolaz?” bere buruari gaztigatu galdera jakinari horrela erantzun baitio poetak: “ez dut nik hautatu herri hau / ez dut nik hautatu hizkuntza hau / altxatu naiz / herritarrak zapaltzen dituztenen kontra / garaiturik gabeko garaipena amets”. Ezer hautatu ez badugu, zertarako hautatu zerbait? Hitzon egileak berak “baina lasaigarriagoa izango da esatea: geu gara kapitalismoa” adieraziko du Carcer atalean. Kontraesanak kontraesan, zerbait baldin bagara kontraesan itzel bat besterik ez, Antza poetak Antza gizakiaren gaineko potretik errealena emango digu Mors ispilu iraulian: “Badoa bizia ausikika / hanketan eta besoetan / bihotzean eta garunean / bide bazterrean zaurituta / hatsanka erori garenoi / jaramonik egin gabe”.

Zenbait pentsamendu “politikoki ez zuzen” ere agertzen ditu poetak, baita politikoki lerrokatzen zaienekin ere. Niri bezainbat bitxi egin liezazkioke irakurleari ere: “… bizi zareten ez-munduaren copyrighta / salatariak eta gezurtiak saritzen / egia eta elkartasuna zigortzen…”. Nork du egiaren copyrighta amets honetan?

antza


Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)

Zer da Komunitatea? Nola izena eman?

Zer da uberan.eus web orriko Komunitatea?

uberan.eus web orrian euren sormen lanak partekatu nahi dituzten kideek osatuko dute Komunitatea.

uberan.eus web orriaren baitan propio sortu den atal honetan, beraz, sormen lan horiek denak batuko dira. Eta bertan egongo dira erakusgai.

Komunitateko kideez gain, uberan.eus web orrira hurbiltzen den edonork ere bisitatu ahal izango du uberan.eus web orriko Komunitatea.

Zeintzuk dira Komunitateko kideak?

  • Norbanakoak. Norbanakoak dira izen-abizena duten erabiltzaileak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.
  • Kolektibo literarioak, elkarteak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.

Zer egin Komunitateko kide bihurtu eta edukia gehitzeko?

Kide izateko eskaera bideratuz: beherago dagoen formularioa bete eta igorri behar duzu. Benetako datuak eman dituzula konprobatu ondoren, Komunitateko kide izateko eskaera onartuko zaizu.

Gida liburuxka bat bidaliko zaizu, eta gida horren bitartez zure sormen lanak uberan.eus orriko Komunitatera igotzeko xehetasunak jasoko dituzu.

Hortik aurrera, zure sormen lanak uberan.eus-era lotzeko aukera izango duzu.

Oharra: Ezingo da mezu iraingarririk argitaratu. Halakoetan, post hori ezabatzeko eskubidea izango du administratzaileak. Eta arazoa errepikatuko balitz, kidetza etengo litzateke.