Komunitatea

Ian Sancho Linares

Adarra jotzen abere beltzen bizkarretik

Larunbata, 2017-07-22 | Ian Sancho Linares
 

Urallaga haitzuloaren ahotik "Pepita" meatzeko burdina azaleratzen zutenean, lehenik inguruko geltokian metatzen zuten, ondoren aire-tranbiaz eramateko, kilometro batean zehar, Galdames-Sestao meatzal burdinbideari atxikiriko Atxuriagako geltokiraino. Aire-tranbia motor elektrikorik gabe zebilen, burdinaz betetako baldeak Urallagatik Atxuriagarantz beheratzean sorturiko indarraren bidez balde hutsa igoarazten baitzuen.

Egun batean Atxuriagako geltokian gizon langabea agertu zen meatzeko nagusiaren bila, edozein motatako lana eman ziezaiokeen jakin nahian. Baldea deskargatzeaz arduratzen zenak Sauco auzuneko bulegoan galdetzea aholkatu zion. Atxuriagatik bertarainoko ibilbiderik laburrenaren erdian zetzan Urallaga; hortaz, aire-tranbia teleferiko antzera erabiltzeak zekarkion abantaila aintzat hartuz, arrotzak balde hutsaren barruan esertzeko eskaintza ederretsi zuen. Bata, gizon langabea, jasogailura sartu zen eta bestea, arduraduna, jarraian, interfonoaren etxolara, Urallagako geltokian kokaturiko lankidearekin harremanetan ipintzera:

-Zer gertatzen da?

-Baldea jaurti aurretik, bete ezazu ohi baino burdina gehiagoz eta erne ibili gora bidaltzen dizudan txerriarekin.

-Oso ondo. -Ihardetsi zuen goiko arduradunak.

"Txerri bat? Nolatan igortzen dit honek txerri bat?" Pentsatu zuen langileak zuhur.

Baldea Urallagako geltokira iristean, arduradun xaloak urdearen ordez lan eske zetorren gizona aurkitu zuen. Ezustean, "Pepita" meatzeko nagusia, balde linearen abiada egiaztatzen ari zena, lekuko bihurtu zitzaien. Beraiengana hurbildutakoan, pertsonak baldeaz lekualdatzea erabat debekaturik zegoela esan zien. Nagusiak, araua hausteko baimena ezagutu bezain laster, Atxuriagako geltokiko arduradunari interfonoz deitu zion zeharo haserre, lagun hurkoaren bizitza arriskatu izana eta honako mehatxua egotziz:

-Oraintxe jaisten banaiz, hortik kenduko zaitut.

Noizbehinka bi baldeetako bat edo biak batera, kabletik berez askatuz gero, lurrera erortzen ziren altuera desberdinetatik, tartearen arabera. Beraz, Atxuriagako geltokiko arduradunak egindako zabarkeriaren aldean zigor eredugarria itxaron zitekeen; baina, ezta odol hotzean ere, ez zen inolako neurririk ezarri. Gizon langabeak kale gorrian iraun zuen, ustiategia gainbehera zihoalako, burdin-hobia jadanik agortzear egotearen ondorioz eta azken urteetan mea erauzteko aukerak urritzeagatik.

Bestalde, Urallaga eta La Magdalena Mea Bazkunaren ugazabek, uztailaren hogeitabiko ospakizuna zabal zedin, egoki zeritzoten "Pepita" meatzea eta aire-tranbia ixteari, Andre Maria Magdalenaren omenez. Antolatzaileek, jaiegunaren atarian, Urallaga haitzuloaren baitan bi txosna eraiki orduko, Atxuriagako geltokiko arduradunaren eraginez hornitzen zituzten, zenbait salgai balde hutsaren barnean garraiatuta.

Mutil kozkorretan, jaialdiko mezan, aitak Urallagako baselizaren zaindariarekiko gurtza irakatsi zidan, Arboleda (Trapagaran) herritik tabernaz taberna bukatu arte. Haietako batean edariz zintzurra bustitzeaz gain, txorizo eta hestebete anoa jan genuen, ogiarekin, Trianoko mendietara bion txangoetan bezala. Gogoan dut tabernariak berak eta bere ahaideek ekoizturiko odolkiei esker etxerako bidea errazagoa iruditzen zitzaigula. Barraz haraindi erregositako hestebete ospetsuek bizkortzen gintuzten; alta, taberna horrek bazeukan erakartzen ninduen beste berezitasunik. Sarritan tabernariaren sendiko kideak erruz liskartzen ziren, gurasoak seme-alabekin mokoka, bezeroen begiradapean. Nik atsegin handiz entzuten nituen elkarri jaulkitzen zizkioten ohiuak eta irainak.

-Aita, noiz itzuliko gara garrasien etxera? Galdetzen nion aitari.

Konfiantzan oinarrituriko adiskidantza zutenez, aitak behin hurrengoa itaundu zion tabernariari:

-Aizu, eta esango al zenidake zein den hain hestebete onak prestatzeko sekretua?

Eta hark honako hau erantzun zion, txantxetan:

-Hemen dena da txerria, eskulana eta guzti.


Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)

Zer da Komunitatea? Nola izena eman?

Zer da uberan.eus web orriko Komunitatea?

uberan.eus web orrian euren sormen lanak partekatu nahi dituzten kideek osatuko dute Komunitatea.

uberan.eus web orriaren baitan propio sortu den atal honetan, beraz, sormen lan horiek denak batuko dira. Eta bertan egongo dira erakusgai.

Komunitateko kideez gain, uberan.eus web orrira hurbiltzen den edonork ere bisitatu ahal izango du uberan.eus web orriko Komunitatea.

Zeintzuk dira Komunitateko kideak?

  • Norbanakoak. Norbanakoak dira izen-abizena duten erabiltzaileak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.
  • Kolektibo literarioak, elkarteak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.

Zer egin Komunitateko kide bihurtu eta edukia gehitzeko?

Kide izateko eskaera bideratuz: beherago dagoen formularioa bete eta igorri behar duzu. Benetako datuak eman dituzula konprobatu ondoren, Komunitateko kide izateko eskaera onartuko zaizu.

Gida liburuxka bat bidaliko zaizu, eta gida horren bitartez zure sormen lanak uberan.eus orriko Komunitatera igotzeko xehetasunak jasoko dituzu.

Hortik aurrera, zure sormen lanak uberan.eus-era lotzeko aukera izango duzu.

Oharra: Ezingo da mezu iraingarririk argitaratu. Halakoetan, post hori ezabatzeko eskubidea izango du administratzaileak. Eta arazoa errepikatuko balitz, kidetza etengo litzateke.