Komunitatea

imanol

Artze, goian behean

Astelehena, 2016-02-01 | imanol
 

ArtzeLanaLanaLana

Kanpai-hotsak urrunean, haizearen zurrunbiloa, hitzak hegan... Modu iradokitzailean abiatzen da Ikimilikiliklik, JA Artzeren unibertsoa bideo instalazioa. Alberto Lizarraldek eta Carlos Rodriguezek zuzendu dute Donostiako San Telmo museoko erakusketa, EHUko Mikel Laboa katedrak eta Morgancreak lagunduta.

Luze zabal hitz egin daiteke Joxan Artzeren unibertso poetikoaz. Erakusketa honetan ordea, iradokizunetan dago mezuaren indarra. Lau pantaila, pareta eta zorua ari dira solasean. Artze ari du ezker eskuin, Artze ari du goian behean. Era honetan, poetaren irudi poliedrikoa agertuko zaio begien aurrean bisitariari. Artzeren unibertsoaren erakusgarri.


Mikel Laboaren itzala

Txalaparta ezinbesteko doinua izan da Joxan Artzeren ibilbidean. Eta txorien kantua. Ziurrenik, horiek dira bere soinu bandaren ikur nagusienak. Ikimilikiliklik JA Artzeren unibertsoa erakusketan, trumilka datoz hitzak, txalaparta doinuak eta txorien hegaldiak.

Soinu bandaz ari garela, Mikel Laboaren kantuek ere pisu handia dute. Azken batean, Laboaren kantuak Artzerenak beste dira. Eta erakusketan, jakina, Laboaren itzala ageri da. Maite ditut maite abestiaren doinuarekin abiatzen da, hain zuzen, ‘Hartzabal’ izeneko atala. Erakusketaren hasierako ataltxo honetan, Usurbilgo argazkiak, 60 eta 70etako gertaerak eta Ez Dok Amairuko irudiak uztartzen dira.

Garaiko grabazioei esker, Ikimilikiliklik bidekidekariaren audio zatiak entzuteko parada du bisitariak. Eta hitzen eta irudien bitartez, 1975-1978 urteetan eginiko ikuskizun haietara garamatza erakusketak. Eta konturatuko gara aitzindaria izan zela idatzitakoa paperera eramaten, eta baita idatzitakoa plazaratzen ere. Lanalanalana bucle-aren bitartez ohartuko gara performance delakoak egiten ere aurrenetakoak izan zirela Artze anaiak (eta konpainia). Orain hain ohikoa zaigun definizioa –performance delakoa– erabiltzen ez zen garaian. Pentsa.


Collage moduan harilkatua

Hitz-jokoak ohikoak dira Usurbilgo poetaren ibilbidean. Eta bideo instalazioaren egileek asmatu dute joera estilistiko hori irudikatzen. Hitzak txirikordatuz, San Telmoko pantailetan collage ikusgarriak osatuz.

Artzeren ibilbidean erreparatzen hasi eta pentsaezina litzateke Hegoak ebaki banizkio poemaz ez akordatzea. Ageri da erakusketan. Nola ez ba. Modu iradokitzailean, hau ere. Joxan Artze albora begira ageri da. Eta poema hori bera du ahotan. Ez gaztetako Joxanen ahotsean. Gaurko Joxanen ahotsean baizik. Hitzez eta irudiz. Erakusketa honetarako propio eginiko grabazioa dela ematen du. Eta Artzeren bozak harrapatuta, poemarekin batera datozen hitzekin, irudiekin eta doinuekin bustitzen joango da ikuslea. Xirimiri betean. Artze ari du San Telmon. Eta Mikel Laboa, eta Ez dok Amairu, eta Jexux anaia… Artze ari du Donostiako San Telmon. Artze, goian behean.


Beste bi astez ikusgai

Erakusketa otsailaren 14ra arte egongo da ikusgai San Telmo Museoaren bigarren solairuan, Laborategi Aretoan. Oraindik agertu ez bazarete, bi aste dituzue aurretik. Asteartetik igandera irekitzen dute museoa, 10:00etatik 20:00etara. Bideo-instalazioak ordu erdiko iraupena du eta bucle-an dago ipinia. Sarrera doan da.

Argazkia: Imanol Ubeda.


Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)
  • 64x64

    Erakusketak angelu guztiak biltzen dituen bozgorailuak baditu, baina bidean galdu zaizkie antolatzaileei Artzeren emanaldiek ahotsetan eta soinuetan zuten estereofonia indartsua; are, koadrafonia, "Hitzez eta hotsez" emanaldia ezin baita ulertu koadrafonia hori gabe (aitzindaria horretan ere).

    Eta, Artzeren etxera joan direnez gero, ez ote dute soinuen polidimentsionalitateaz hitzegin harekin? Ez die esan nahi izan? Ezjakintasuna, galdetzeko? Alferkeria?

    Light hutsa iruditu zait, emoziorik gabea, erakusketa hori. Eta, hura bai izaten zela zirrara, ilunpe isiletik leherketa hura sortzen zenean!

    Oportunitate galdua. Zain geldituko gara, norbaitek pulamentuz zerbait egin arte. Norbaitek haren katedra aintzat hartu arte.

    2016-02-14 19:00Mielanjel Harana

Zer da Komunitatea? Nola izena eman?

Zer da uberan.eus web orriko Komunitatea?

uberan.eus web orrian euren sormen lanak partekatu nahi dituzten kideek osatuko dute Komunitatea.

uberan.eus web orriaren baitan propio sortu den atal honetan, beraz, sormen lan horiek denak batuko dira. Eta bertan egongo dira erakusgai.

Komunitateko kideez gain, uberan.eus web orrira hurbiltzen den edonork ere bisitatu ahal izango du uberan.eus web orriko Komunitatea.

Zeintzuk dira Komunitateko kideak?

  • Norbanakoak. Norbanakoak dira izen-abizena duten erabiltzaileak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.
  • Kolektibo literarioak, elkarteak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.

Zer egin Komunitateko kide bihurtu eta edukia gehitzeko?

Kide izateko eskaera bideratuz: beherago dagoen formularioa bete eta igorri behar duzu. Benetako datuak eman dituzula konprobatu ondoren, Komunitateko kide izateko eskaera onartuko zaizu.

Gida liburuxka bat bidaliko zaizu, eta gida horren bitartez zure sormen lanak uberan.eus orriko Komunitatera igotzeko xehetasunak jasoko dituzu.

Hortik aurrera, zure sormen lanak uberan.eus-era lotzeko aukera izango duzu.

Oharra: Ezingo da mezu iraingarririk argitaratu. Halakoetan, post hori ezabatzeko eskubidea izango du administratzaileak. Eta arazoa errepikatuko balitz, kidetza etengo litzateke.