Sinadurak

Aintzane Usandizagaren kolaborazioa: "Atsegin dut, baina ez hainbeste."

Astelehena, 2020-01-20

Izarok hamaika urte ditu. Kakalardo bat, armiarma bat ikusten duen aldiro ezin dio emozio txilioari eutsi. Ezin saihestu. Atzamarretan hartzen du, eskuetan egiten dion kili-kilia gozatuz, koloreei so. Besteei kontatu nahiko die kakalardoaren inguruko hainbat datu bitxi, harentzat liluraz, sinetsi ezinez beteak. Ingurukoengandik, onenera “Aja, bitxo bat” jasoko du; edo “Zertarako hartzen duzu? Ze nazka...”; ala baten batek zapaldu egingo du zomorroa, ingurukoengandik barre batzuk jasotzeko gogoz; kakalardoarekin batera Izaroren urdail zati bat, bihotz xerra bat zanpatzen duela susmatu gabe ...

Zeren susmatuko balu... izugarria litzateke, ezta?

Haurtzaro biziko umeak nahi (omen) ditugu, kuriositatez bor-bor, gauzak egiteko, probatzeko gogotsu direnak: Ondo* eta Gaizkiren* diktadurak oraindik ez du hainbeste botere etapa honetan. Nerabezaroan -eta gero eta azkarrago etorrarazten dugula esango nuke- joera bat zabaltzen da, baina, birus bat bezala: gehiegizko grina, gogoberotasuna zigortzekoa. Are gehiago taldean partekatua ez bada. Zer esanik ez zirrara sortzen dizun horretan ona* ez bazara; edo etorkizunik* ez duen zerbaitetan denbora xahutzen baduzu. Irrigarri* geratzea da zigorra, jarrera infantilegia* dela esango da sarri, ez datorrela bat bere adinekoen garapenarekin*, interesei dagokienean. Eta Izarok bere taldekoen tantoarekin, konkistekin, interesekin txilio egiten ikasiko du, gainerakoenen artean ezkutatua, eroso. Beste aldera begiratuko du, barre txikiren bat eginez, akaso, kide batek inurriak, zango-luzeak zanpatzen dituenean; axola ez zaiola, gehiegi inplikatzen ez dela argi gera dadin. Horrela ez dute hainbeste minduko.

Argi dago helduok abiarazi eta elikatzen dugula birus hau, haurrei, nerabeei errua egoztea tentagarria den arren. Tranpatiak gara, gainera. Etengabe diogu jende sortzailea nahi dugula, saiatua, berean barrenak eta giharrak jartzen dituena. Baina hitz horietan ez dago lekurik produkturik* ez dakarten prozesu mantsoetarako, orduak eta orduak zomorro bati begira egotea, kasu; ez dira sartzen “atsegin dut”ek kotizatzen dituzten iritzi zuri/beltz kategorikoekin zer ikusirik ez duten abina gure kontraesanetan atzamarra sartzen duten hausnarketa ezerosoegiak; ezin dute argirik ikusi bikaintasunik* ez duten etxeko kaxoi sakonenean gordetako akuarela baldar, beranduegi* hasi-berriek.

Barkatzen ditugun gehiegizko* entusiasmo bakarrak euroetan, txaloetan edo “atsegin dut” zenbakarrietan kapitalizatu daitezkeenak baitira.

* Jendartean hitzoi ematen tematzen garen adiera, zama, noranzko eta lasta guztiekin izan dira erabiliak izartxodunak testu honetan

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)