Goiatz Labandibarren iritzi artikulua: "Badira norbaitzuk"
Astelehena, 2019-12-23Inor ez andreak titularra jarri zion Amagoia Gurrutxaga kazetariak Berria egunkarian publikatu zuen artikulu bati (2018ko maiatzaren 27an). Bertan, 1930ean Zarautzen ospatu zen Andereño Idazleen Biltzarraren berri ematen zuen. Eta hara non, artikulu horri esker jakin nuen bazirela nire herriko bi emakume ere horien artean. Behin ere ez nuen entzun gure herrian idazle emakumeak ere izan zirenik…
Artikulua irakurri nuenean, erabaki nuen baietz, ahalegindu behar nuela emakume horiei izen-abizenak ematen, haien biografia bat osatzen. Kendu zioten izaera berreskuratzen. Herriak jakin behar zuela emakume horien berri.
Daitort ez dela erraza izengoiti bat eta kalitate kaxkarreko argazki bat bakarrik dauzkazunean, nonbaitetik tiratzen. Baina, pixkanaka hari batetik eta bestetik tiraka, beste emakume batzuk agertu zaizkit bidera, azalera, argitara. Erdigunera: Pepita Martiarena, Euskalerria aldizkariak birritan saritua -izen-abizenekin hau-, Enara -Argian Oiartzungo kronika idazten zuena… Eta, susmoa badut, oraindik gehiago agertuko zaizkidala.
Mirentxuk eta Pillipak oraindik ez dute izen-abizenik. Ez dute bizitzarik. Jaiotegun, lagunarte, argazki, seme-alaba, testurik. Ez dute biografiarik. Existitu ez balira bezala da, ia. Baina izan ziren.
Tristatzen nauena da jakitea hau ez dela nire herrian gertatu den kontu hutsa. Herri askotan egon zirela idazle emakumeak, eta haien izenak ahaztu egin direla. Batzuetan, akaso, inkontzienteki. Baina, esango nuke ia gehienetan, kontzienteki. Zigortu zituztelako. Galtzaile izendatu zituztelako. Beren inguruko gizonak famatu zituztelako. Bizi ziren gizartean “hala behar zuelako”. Eta orain, akaso gauza batzuk aldatu dira, baina ahanzturatik ez ditugu erreskatatu oraindik.
Mirentxu, Pillipa, Enara, Pepita Martiarena… izen batzuk baino ez dira. Ez dira inor ez. Norbaitzuk dira. Zuengatik, garelako.