Sinadurak

Goiatz Labandibarren iritzi artikulua: "Baina, zeri buruz hitz egin duzue?"

Astelehena, 2020-02-03

Baina zeri buruz hitz egiten duzue? Zer dago esateko liburu bati buruz, gustatu zaizun edo ez kenduta?

Sekula irakurle talde batean parte hartu ez dutenak zeharo harritzen ditu liburu bera irakurri, elkartu eta hari buruzko iritzia partekatzeak. Harrituta galdetu izan didate batek baino gehiagok ZER egiten ote dugun…

Baina, behin irakurle talde batean parte hartu duenak, berriz, badaki gozamen hutsa dela liburu bat irakurri, elkartu eta partekatze hori. Neurri batean, hain bakarkako edo intimo izan litekeen irakurketa ekintza sozial bihurtzen duelako Irakurle Taldeak.

Irakurle talde batean barre egiten da. Eztabaidatu. Jendea ezagutu. Bestela irakurriko ez zenituzkeen literatur estiloak ezagutu. Berretsi ez zaizkizula gustatzen halako eta halako generoak. Ez dakizula komikiak irakurtzen. Edo, alderantziz: derrepentean, poesia deskubritu.

Eta sortzen den giro berezi hori, nola azaltzen da sekula Irakurle Talde batera animatu ez denari? Afari-meriendak, liburu ezkutuak… Konfiantza sortzen da, lagunarte bat literaturarekiko zaletasuna duena puntu komun (eta agian bakarra. Baina ze puntu komun garrantzitsua den horixe!) eta azkenean, liburuetatik tiraka-tiraka, mila kontu gehiago ateratzen dira. Esperientzia pertsonalak. Eta, bai, zergatik ez, batzuetan akaso terapiarako gune ere badira Irakurle Taldeak: hitz egiten da erditzeez, psikiatrikoan dauden senideez, klandestinitateko urteez eta… nahi den guztiaz.

Literatura, azken finean, ez baita bizitza baino. Eta, irakurle taldeak, azken finean, ez baitira bizitza hori bizitzen ari direnen gizarte ttikiak.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)