Sinadurak

Alazne Arrutiren iritzi artikulua: "(Su)rrealismoa"

Astelehena, 2020-03-23

Egunerokotasunak maiz surrealismotik nahi baina gehiago du. Azken egunetan pelikula edota liburuek, errealitatea gainditzen dutenaren sentsazioa lausotzen ari da. Dela muturreko klima katastrofikoen gorakada, birus biralen epidemia edota robot adimenduen garapen geldiezina. Eta batzuetan pentsatu ohi dut, zerk banatzen ote duen denaren eta ez denaren arteko tarte hori. Nolatan egun, aurrerapenen aroan ez garen balazta zanpatu eta gauzei euren lekua emateko gai. Zertarako larritzen ote garen hainbeste, bizitza nahigabeko erabaki eta hautu kontzienteen nahaspila izanda ere. Kaosak bai baitu ezkutuko ordena indartsurik erroan.

Duela gutxi Raymond Queneau idazle frantziarraren berri izan dut. Inor engainatu nahi gabe, aitortu beharra dut, ez dudala bere biografiako lerro bakar bat ere irakurri. Eta hala eta guztiz ere, bere izena lerrootan hartzera ausartu naizela, egungo informazio zurrunbilotsuaren erruletaren eraginez.

Raymondek, orrialde bakan batzuk baliatuz munduko libururik luzeena idatzi zuen. Cent mille miliards de poèmes osatzen duten 10 orrietan, soneto bana izkiriatu eta errima bereko esaldiak mantendurik, xaflatan moztu zituen, gainerako orrien xaflekin nahastu zitezen. Beraz guztira, 1014 konbinazio posible batu zituen liburuan. Inork, bizitza osoan irakurri ezingo lukeen liburua erdituaz.

Eta jakin nahi nuke, datu konkretu horren jakitun izandakoan, ni bezain txiki sentitu ote zen. Edo huraxe ote zuen helburuetako bat. Eta oroitarazi dit haurtzaroan izandako eskola agenden eskuin behealdeko izkina zein erraz ebakitzen nuen. Egunak berea egin aurretik, tarrat, hiruki formako paper zati zulatuari nola egiten nion tira ardurarik gabe.

Bada alarma-egoera honetan, egun eta orduak, halaxe pasa nahi nituzke. Bai eta zuoi hala bizitzeko gonbita luzatu ere. Konfinamenduan ere, bizitza, liburu haren gisan ulertu dezagun. Egun surrealistok, aurrez sortu gabe konbinazioak eratzeko baliatuz, eta kaosaren erdian, geure ordena ezarriaz.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)