Sinadurak

Alazne Arrutiren lehenengo kolaborazioa: "Inguratzen gaituena"

Astelehena, 2020-02-24

Batzuetan nahi baina gehiago kostatzen da, inguratzen gaituen munduarekin harremantzea. Akaso izango da lanaldiaren zama, errepidean arretaz gidatu nahia, nekea edota gogo gabezia. Baina zenbaitetan, errutinatik irten eta erraietan eramateko modukoak bizi eta bazkatzen ditugu. Irratian, abesti berriren batek barrenak nahasten dizkigunean. Bilera batean sorturiko proiektu eta konplizitatearen zirraran galtzen garenean. Edota, asteburu batez Madrilera eskapadatxoa egin eta pasioan ari garela, zaparrada atertu bitartean ezezagun zaigun artista baten obran aterpe hartzea erabakitzen dugunean, demagun.

Egungo gizarte likidoaren bustitasunaz jabetzea kosta egiten den arren, baziren eta badira, Tetsuda Ishida margolaria bezalako pertsonak. Eta eskerrak. Bakoitzak barrenean daraman mundua, ez da kanpoan bizi dugunaren ispilu soil bat besterik, eta zinez margolari hark inoiz barrenean eraman zuena ezagutzea eskertu egin nuen une hartan. Koadro bakoitza, leiho baten antzera zabaldu zitzaidan parez pare, kanpoko zeru beltzaren preludioa atzean utzi ostean. Iluntasunak, bakardadeak, kapitalismoaren gordintasunak eta mundu Kafkiar batek inguratu ninduen abisurik eman gabe.

Bitxia den arren, ohituegi gaude obra bat beranduegi, gehienetan sortzailearen heriotzaren ostean, balioan jartzera. Baita zenbaitetan, gehiegi loriatzera ere. Tetsudaren kasuan baina, artistak berak mantendu zuen kontzienteki distantzia eta isolamendu kontziente bat 90ko hamarkadako arte merkatuarekin. Bere argudio errealenetako bat gorpuztuaz. Egunez margolari eta gauez inprimategi bateko guardia zenak lan egiten zueneko espazio bera zuen bizitoki. Pinturak saltzen zituen biltegi handi batetik gertu kokatzen zen langile-auzo bateko pisu txiki bat zuen estalpe. Eta haragitan bizi zuen alienazio modu oso eraginkorrean adierazteko gaitasun izugarria zuen. Bai eta gure dekadentziaren onena, pasa ote dugun pentsatzerainoko bidaian abiaraztekoa ere. Halakoetan, pintzelkaden zaplada are goxoagoa izaten da. Eta eskerrak.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)