Sinadurak

Antonio Casado da Rocha: "Hernani Kale Literaturaren modus operandi"

Astelehena, 2020-06-08

Duela lau urte hasi ziren literatura irakurraldi bereziak antolatzen Hernanin. Hasiera Argiako blogean deskribatu nuen, baina 11 irakurraldi egin ditugu eta bakoitza ezberdina izan da. Orain lagun askoren artean ezaugarri batzuk finkatu ditugu eta hemen paratu nahiko nituzke, beste irakurraldi batzuk lora daitezen:

1. Abiapuntua: dogmatiko jarri gabe, 3 eletan sinetsi: lagunartean, literaturan eta libertimenduan. Hirurak bat.

2. Auzolana eta talde adimena erabili: denon parte hartzea bultzatu eta erabaki guztiak elkarrekin hartu, ahal bada lagun giroan eta aurrez aurre.

3. Irakurraldiaren gaia (dena delakoa: hitza, kontzeptua, efemeridea, egilea…), data eta tokia taldean adostu.

4. Epe bat jarri irakurriko diren testuak biltzeko: liburu osoa aukeratu baduzue, osorik edo pasarteak? Berezko sorkuntza edo topatutako pasarteak badira, nork bilduko ditu?

5. Tokia prestatu: barrukoa bada (taberna, jatetxea, liburutegia, kulturetxea,…) arduradunarekin hitz egin eta egitasmoa adostu; kanpokoa bada, mapa egin, ibilaldiak eta geltokiak identifikatuz; eguraldiaren araberako kontingentziak aurreikusi. Bukatutakoan, bazkaria/afaria izango da?

6. Testuak bilduta, epe bat jarri nork irakurri nahi duen testua aukeratzeko. Praktikoa da biltegi digital batean gordetzea, eta mezu elektroniko bitartez deialdia egitea.

7. Iruditeria adostuta, afixak prestatu eta zabaldu, kalean eta Interneten. Modu askotan parte hartu daiteke: antolakuntzan, irakurle taldean, publikoan…

8. Irakurraldian erabiltzeko, asko laguntzen du testu guztiak liburuxka batean bilduta eta inprimatuta izatea. (Maketa egiteaz nor arduratuko da? Nola ordainduko da inprimaketa?)

9. Ekitaldiaren denborak eta erritmoa finkatu: kalez-kaleko zein barruko irakurraldietan, komeni da testu guztiak jarraian ez irakurtzea. Adibidez: 5 atal osatu, eta atal bakoitzean 5 testu irakurri. Atalen arteko denborak zertarako dira? Bada, geltokien artean mugitzeko, musika edo kantuak enzuteko, jan eta edateko, jolasak egiteko, etab.

10. Jolasak jolas, testu anitzak badira dibertigarria ohi da testuen egileekin “porra” bat antolatzea: antolakuntzan testuen anonimotasuna mantenduz gero, publikoak iragarri beharko du nork idatzi duen zer. Horretarako, liburuxkarekin batera kiniela egiteko orrialde bat prestatu.

11. Konplizea: gaiari beste ikuspegi bat edo ekarpen berezi bat eman diezaiokeen pertsona edo talde esanguratsu bat gonbidatu.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)