Sinadurak

Antonio Casado da Rocharen hirugarren iritzi artikulua: "Balkoi literatura"

Astelehena, 2020-04-06

Badago literatura ona, literatura txarra, eta erdipurdikoa. Eta badago kale literatura: irakurzaletasuna espazio publikoan aldarrikatzeko ekintzak, Hernani Kale Literatura kuadrillan egin ditugun bezalakoak. Eta orain, halabeharrez, balkoi literatura asmatu dugu.

Antzinako Japoniako terrazetatik renku generoa datorkigu: festa txikia, non egun seinalatu batean lagun talde bat elkartzen den estrofaz estrofa poema bat osatzeko. Izan ere, haiku formaren jatorria bertan izan zen, zeren 5-7-5 silabako poema hori baita renku bati hasiera ematen diona. Gero beste lagun batek haikuari erantzun behar dio 7-7 silabako jarraipenarekin (tanka bat osatuz), beste lagun batek tankari erantzuten dio beste haiku batekin, eta horrela denok poesiaz ase arte.

Edukia ez da guztiz librea, Japonian ulertzen baitute renku batek unibertsoaren aniztasuna eta zikloak islatu behar dituela. Horregatik une zehatza markatzen duten elementuak bilatzen dira, loreak edota ilargiari erreparatuz. Baina ez dago gai poetikoen eta ez-poetikoen arteko bereizketarik. Dena kabitzen da renku batean, eta bereziki estimatzen da gai eta estilo anitzak erabiltzea, estrofen arteko ezusteko loturak eta jauziak izan daitezen.

Jakin mina duenak, Uztaro aldizkarira jo dezake renkuaz eta haikuaz ikasteko. Helburu literarioaz gain, praktikoa ere izan liteke. Egun hauetan komunitate gosea dugu, eta renkuaren zera ez da goiko literatura egitea, esperientzia estetiko bat partekatzea baino; horregatik Hernaniko lagunak urtaro bakoitzean elkartzen gara renku bat osatzeko. Azkena egin dugu modu telematikoan, nor bere txokotik, mahai aurrean edo balkoian eserita, telefono konpainiek garesti saldutako datuak agortuz. Ezin genion elkarri usaindu baina bai ikusi gure islaren dir-dira adiskidearen betaurrekoetan. Ez da gauza bera baina aurrez-aurrekoa egin ezin dugun artean, balio izan digu. Isolamenduaren kontrako txertoa izan liteke, elkarrekin egoteko beste modu bat.

renku txikia

Poemaren egileak: Josu Landa, Antonio Casado, Ibon Zapiain, Iñaki Armendariz, Andoni Tolosa, Marta Luxan.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)