Sinadurak

Antonio Casado da Rocharen iritzi artikulua: "Silotik ekosistemara"

Astelehena, 2020-03-09

Duela gutxi irakurri dut Irati Labaien irakaslearen pieza eder bat, zeinak “ikasle konprometituak eta aktiboak” izatearen zailtasuna laburbiltzen duen: helburuak helburu, zaila da erronka berriei ikuspuntu anitzetatik erantzuna ematea nor bere zuloan edo siloan jarraituz gero. Zorionez, egon badaude zirrikituak, mikro-espazioak eta eraldaketarako giltzarri diren pertsonak. Iragan otsailean hainbat lagun bildu ginen (besteak beste, Irati bera) egoera horri buelta eman nahian, hezkuntzan eredu berriak ezagutzeko eta eratzeko gogoz. Maria Alvarez irakasleak (argazkian), Windesheim Unibertsitateko “Balio Sortzaileak” eredua azaldu zigun, praktika komunitateak eta “U teoria” oinarri dituen programa berritzailea. Praktika komunitateei buruz idatzi izan dut Argian, U teoriaz hitz egin berri dugu Euskadi Irratian, eta nago euskal idazleen komunitatean ere iradokitzailea izan daitezkeela.

Izan ere, siloen metafora ez da nirea, U teoriaren sortzailea den Otto Scharmerek maiz erabiltzen baitu, “egosistematik ekosistemarako” trantsizioak nola egin azaltzerakoan. Teoria izateaz gain, mundu mailako gizarte mugimendua ere bada. Gaur egun, U teoria landuz gizarte eraldaketa sustatu nahirik gabiltza 50 lurraldetan 10.000 lagun baino gehiago. Beraz, teoria bat baino gehiago da. Alde batetik, teoria multzo bat delako. Bestetik, praktikaren bidez gizartearen eraldaketa prozesu bat bideratzen duen metodologia delako, maila pertsonalean hasten dena gero gizartera zabaltzeko ekintza zehatzekin. Tabakaleran iaz sortu genuen taldean, askotariko proiektuak ziren: antzerki mundukoa bata, enpresakoa bestea, beste batek elkarte gastronomikoen bitartez nahi du auzoan beharra dutenei bideratu laguntza… denetik badago, zergatik ez euskal literaturarekin zerikusia duten proiektu kooperatiboak?

Behar bada, euskalgintzan eta euskal literaturan arreta gehiegi jartzen ari gara produktuan: euskaraz idatzitako lanen edota hiztunen kopuruan. Agian komeni da berriro indarra eta gogoa prozesuetan jartzea. Eta harreman horien kalitatearen iturria, U teoriaren arabera, pertsonen “barne egoeran” datza: komunitatean sortzen diren konpromisoan eta ikuspegi sistemikoan, azken finean.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)