Sinadurak

Antonio Casado da Rocharen iritzi artikulua: "Trabatua"

Astelehena, 2020-05-11

Egunotan idazketa praktika berri batekin esperimentatzen ari naiz: “Trabatua” (stuck) izeneko teknika edo ariketa, jatorriz Arawana Hayashik garatu zuena Gizarte Presentziaren Antzerkiaren (Social Presencing Theater) barruan.

Theater” hitza bere zentzu etimologikoan ulertu behar dugu hemen: grezierazko theâsthai aditzatik dator, “begiratu” alegia. Zentzu horretan, antzokia da begiratzeko lekua. Gizarte-artea metodo honetan, antzerkian elkarrekin zerbait agertzen zaigu: egoera edo sistema konplexu bat modu kontzientean aurkeztuz eta sentiaraziz.

Antzerkia denez, beste lagun batzuekin egitea komeni da, iritziak jaso ahal izateko, elkarren arteko distantzia mantenduz (modalitate honetan, ez da kontaktu fisikorik behar). Nork bere txandan, parte-hartzaile bakoitzak gorputz osoarekin posizio bat hartzen du, egungo errealitate problematiko bat islatzen duena. “1. eskultura” deitzen diogu horri, eta bizitza arazoak edo trabak non dauden irudikatzen du. Eskultura hori problematikoa da, ez baita jasangarria, eboluzionatu egin behar du. Pentsatu gabe, beste posizio batean (“2. eskultura”) egonkortu arte bere kasa uzten dugu gorputza. Ariketan zehar, eskulturak hitzez adierazi ohi dira, abiapuntua eta amaiera irudikatzen duten sentsazioa edo pentsamendua esaldi bilakatuz. Eta 1etik 2rako igarobide hori ere hitzetan jar daiteke, posizio batetik bestera eraman gaituen indarra nolakoa izan den adieraziz.

Ariketa ez da artistikoa soilik, eraldatzailea baizik. Helburua da mugimenduaren indar hori ulertzea, horren bidez inplikazio praktiko indibidualak zein kolektiboak bilatzeko. Baina, literaturaren ikuspegitik, esan dezaket ariketak lehen esaldia ematen didala, gero azken esaldia, eta batak bestearengana nola eraman nauen. Mugimendu hori –testua, hain zuzen– ez da gogo gertaera soilik izan, baizik eta gorputzezkoa, mugimenduan eta mugimenduaren bidez pentsatzea izan da.

Gorputzak idatzi duen testu hori, orain hitzetara eraman beharko da mikro-aldaketa baten kronika gorde eta komunikatzeko. Aldaketa guztiak mikro-aldaketa batekin hasi zirelakoan.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)