Sinadurak

Antonio Casado Da Rocharen lehenengo iritzi artikulua: "Klasikoak birziklatuz"

Astelehena, 2020-02-10

Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolarekin elkarlanean, Unibertsitate Pabiloian zabaldu dute “Walden” izeneko erakusketa bat, apirilaren 30ra arte. 31 grabatuez osatuta, artista bakoitzak Waldenetik esaldi bat aukeratu eta ilustratu du. Walden dugu Henry David Thoreauren libururik ezagunena, hamaika ediziotan munduratua izan da 1854an argitaratu zutenetik, baina tamalez oraindik ez euskaraz.

Nire ustez, klasikoak diren liburuek bi ezaugarri dituzte gutxienez: maiz aipatu arren, ia inork ez ditu leitzen, edo ez osorik; baina gutxi irakurriak izanda ere, presentzia nabarmena dute gizartean eta literarioak ez diren arteetan. Askotan, beste euskarrietan hedatzen baitira liburu klasikoak: filma bihurtuta, adibidez. Walden ez da salbuespena, eta (sinesgaitza bazen ere) bideo-joko ere bihurtu dute: Thoreauk ikusiko balu! Gaitzetsiko luke dudarik gabe. Baina Waldenen istorioa edo mitoa ez da egile batena: klasikoak denonak dira eta badakite bide berriak guregan nola ireki.

Klasikoen iraunkortasuna ez da arazoa: iraungo dute nola edo hala. Problematikoagoa iruditzen zait, ostera, klasikoak inork gutxik irakurri ez izana. Ez dut errezeta magikorik baina Waldenen inspiratutako proposamen bat egingo dut hemen. Digresioz digresio, liburuan kontatzen da nola Thoreauk eman zituen bi urte eta bi hilabete Walden izeneko laku ertzean, bertan egindako etxola batean. Etxola berak eraiki zuen, eskuz, baina beste etxola baten materialak birziklatuz. Bada, gauza bera egitea proposatzen dut: Walden izeneko liburua abordatu, zatitu, eta birziklatu beste liburuak sortzeko. Zatiak itzuliz, elkarrizketak antzeztuz, atalen arteko ordena aldatuz, parodiak edo “irakurketa erraz”erako bertsioak argitara eramanez, edo (erakusketa honen moduan) “moldaketa transmedia” bat eginez… denak balio duelakoan nago.

Ariketak ez du zertan Waldenetik abiatu; beste edozein klasiko (Gero, esate baterako) har dezakegu txarriboda egiteko. Filosofiaren klasikoak manga japoniar bihurtu badituzte, zergatik ez euskarazko klasikoak?

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)