Sinadurak

Euskal teatroa(k) III: "Belaunaldikideak"

Ostirala, 2020-07-03

(Argazkian: Horman Posterren "Antigone").

Hasteko eta behin, gutxi-asko adin aldetik belaunaldi-kide ditudanen artean, zirrara sortu didaten proiektu batzuk aipatu nahi nituzke, hitz gutxitan bada ere:

Heriotza bikoitza (Doble malta) antzezlana taularatu zuten Ze Onda antzerki taldekoek 2017an. Ez zuten lortu emanaldi asko egitea, terriblea bezain esanguratsua da hori. 2017koa da aurrenekoa, baina nik 2019ko udaberrian ikusi ahal izan nuen egin zuten azkena, Ertzak antzerki jaialdian, fresko samar daukat beraz. Hainbat lagunen artean sortua, Miren Gaztañaga, Eneko Sagardoy eta Zazpi t’erdiko bideogileak oholtza gainean, Alvaro Ledesma eta Paula Olaz bezalako artisten presentzia lantaldean, Iñaki Zumetaren dramaturgia, Jon Ander Alonsoren bultzadaz eta bulkadaz elkartuak guztiak. Ikusi orduko, dramaturgia berrien ikuspegitik familiakoa sumatu nuen lana; oker agian baina zintzo, inoiz baino ozenago sentitu nuen gure ingurukoak ez geundela bakarrik dramaturgia berrien ahalegin horretan.

Horren aurretik, azken urteetan Bilbo aldean sentitu dugu konplize handi bat: Horman Poster kolektiboa. Iruditzen zait haren ibilbidea ezezagun handi bat dela euskarazko publiko zabalarentzat, baina niri behintzat kolpe eder askoak ekarri izan dizkidana: Iragan perfektua Eztena arte eszenikoen jaialdian ikusi nuen, Arriagan egindako Lehergailuaren teoriak liluratu egin ninduen, -oso gutxitan ikusi ahal izan den lana hori ere-. Eztena arte eszenikoen jaialdian iaz zuzendu zituzten Eraikitzen gaituzten hitzak laborategia eta haren emaitza eszenikoa, proiektu batean sormen prozesuak emaitzak bezainbesteko garrantzia (edo handiagoa) izan dezakeela adierazten duen adibide argia. Lerro hauek idazteko unean, Horman Posterrekoak Antigone edo ezetzaren beharra estreinatzear dira. Publikotik, kanpo begirada aktibo batetik ari naiz idazten lerro hauek, eta Antigonerekin zinez hala izan da: otsailaren bukaeran work in progress pase bat ikusi ahal izan genuen antzoki batean, publiko txiki batekin, taldekoekin gure ikusle sentsazioak partekatze aldera, horrelako lan prozesuetan sarritan egin ohi den legez. Luxua, ez daukat hitz hobeagorik. Ez dut hemen spoilerrik egingo, baina zelako poza, zelako pieza puska. Plastizitatea, umorea, lan fisikoa. Oholtza gainean Matxalen de Pedro, eta Dantzertiko lehen labealditik atera diren hiru izen: Maite Aizpurua, Xanti Agirrezabala eta Jon Ander Urresti. Gogoan hartu izen horiek, gero bueltatuko bainaiz haietara. Igor De Quadraren begiradapean egindako pasean Antigone oso aurreratua zegoen, hala ere, udazkenerako dute aurreikusia estreinaldia, azaroaren 5ean Arriagan. Eskuetako zein oinetako hatzak gurutzatzen ditut, posible izan dadin.

Itxialdiaren aurretik ozta-ozta, kostata, baina Iruñean ikusi ahal izan nuen Ma kolektiboaren Lua Kastore. Emanaldi hibridoa dela esango nuke, akaso generoen mugan dagoena, dantzatik gertu, dramaturgia berrietako zakuan lan askorekin gertatzen den bezala. 2017an Joseba Jaka Beka antzerkiari dedikatu zitzaionean saritutako lana. Oihane Enbeitaren ahotsa testuetan. Lan kolektibo baten fruitua. Dramaturgia berriei luzatutako begirada zabal, feminista bat. Interdisziplinarra, eta plastikoa. Iruditzen zait oso oharkabean pasa den lan bat dela, eta pena itzela da. Horrelako lanak gure kroniketan, urteko kultur balantzeetan kontuan hartuko bagenitu, erabat aldatuko litzateke euskal eszenaz -eta kulturaz- dugun ikuspegia. Emanaldia ikusteko unean azkena zuten, hau ere (oraingoz) gutxiegi ikusi den lana beraz. Zentzu horretan, aipagai izan nahiko nuke Iruñeko Udaletik sortu den Garaikide zikloa. Lengoaia artistiko arriskatuak hartzen dituzten euskarazko lan eszenikoei egiten diete lekua, diziplinartekotasunaren ikuspegi zabal batetik. Borondatea egonez gero, erakunde publikoetatik bultzatu daitezkeen ekimen interesgarrien adibide on bat.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)