Sinadurak

Euskal teatroa(k) VI: "Pentsamendua eta transmisioa"

Ostirala, 2020-07-03

(Argazkia: Amets Badiolaren "Preposta" liburutik).

Nola lortu ez galtzea argazki hau. Argazki hau, edo bestea. Nola esan geure buruari: hemen bada titularrak gainditzen dituen kultur errealitate bat. Hemen bad(ir)a agenda kulturalak gainditzen ditu(zt)en euskal teatro bat(zuk). Hemen badira ikusiak, irakurriak, ezagutuak, transmitituak izatea merezi duten euskal teatroak. Etorkizuneko ikerlariek ezin dituzte soilik antzokietako programazioak aintzat hartu. Euskal teatro garaikidea(k) ulertzeko ezin zaio soilik begiratu agendako hemerotekari. Euskal teatroa bere geruza guztietan osatzen dugunok (oholtza gainekoak, eta antolatzaileak, eta ikerlariak, eta laborategietakoak, eta sormen espazioetakoak, eta amateurraren zakura bultzatutakoak, eta eskola antzerkiak, eta publikoak) badugu botere bat teatroa pentsatzeko eta transmititzeko orduan, orainean ezagutzera eman eta etorkizunera proiektatzeko orduan. Teatroa oholtza gaineko errituala da, arte bizia. Zuzeneko bizipena ordezkaezina da. Horren lagungarri, bideoa oroimenaren osagarri izan daiteke kalitatezkoa denean, liburuak ekar dezake iraganeko esperientzietara bueltatzeko zeharbide bat. Kontraesana dirudien arren, batzuetan idatzizkoak salba lezake ahozkoaren memoria, gorputzen izerdien transmisioa.

Zuzeneko ekitaldia beti da ekintza soziala, jendarte batek, gorputz batzuek, une eta leku berean elkartzen diren heinean. Norabide berean doazen txaloak, edo isiltasunak. Nabarmen geratu da hori koronabirusaren garaiotan: zuzeneko emanaldirik gabe antzerkia ez da. Bideoak eta enparauak, kasu, larrialdi egoera bati erantzuteko tresna izan dira, baina argi eta garbi esan beharra dago, udazkenari begira batez ere: ez konformatu hor, hori ez da teatroa. Itxialdi egunetan agerian geratu da kulturgintza jendartearen ezinbesteko sostengua dela. Elkarrekin gertatzen ari zaiguna pentsatzeko modu bat da kultura, komunikatzeko eta emozioak partekatzeko bidea, jendartea osatzeko pentsamendu sarea. Kultura entretenimendua baino gehiago da. Horregatik, diot, antzerkia ezin dela agenden hemeroteketatik soilik pentsatu etorkizunean.

Ez kasualitatez, EHAZE elkarteak urteetan izan du euskarazko antzerkiaren dokumentazio zentroa helburu. Iraganaren gordailu izateko ez ezik, oraina pentsatzeko eta etorkizunera proiektatzeko tresna baten gisan. Funtsean, agian, antzerkiak behar duena ahalduntzea da, bere burua pentsatzea, geruza guztietako eragileak saretuta gertatzen ari denaren inguruko kontakizun bat ematea. Bere buruari, ondokoari, biharkoari. Eta berriz ere, ez kasualitatez, azken urteetan euskarazko teatroa liburura eramateko ahalegin zenbait saretu da. Ez soilik testua, literaturaren zentzuan, ez soilik dialogoak orain arte gehienetan egin izan den bezala, baizik eta kokatze historikoa, kronika, egileen gogoetak, talde esperientzien dramaturgia oharrak. Teatro esperientzia bera. Susak eta EHAZEk egindako GANBILA bilduma, EHAZEk berak bakarka egindako kolekzioa, EZTENA-LIBURUAK saila, Maiatz argitaletxearen GARAZIN ANTZERKI, sarean Cafe Bar Bilbaoko lan sarituak eta Teatro-testuak.com. Liburu bidezko teatro transmisioari jarraikortasuna emateko xedez sortutako ekimenak denak; baina ez dira bakarrak. Azken urteetan modu isolatuan publikatu dute antzerkia EDO! argitaletxeak, Txalapartak, Denonarteanek, Elkarrek, Kutxa Fundazioak eta Donostiako Udalak, eta aurretik baita Artezblaik ere. Ganbilak udaberri honetan paperezko plazara dakarren hirukotea, kasu, belaunaldi baten ahotsaren isla izan daiteke: Eneritz Artetxe Aranaz (Dxusturi), Galder Perez (Gilkitxaro), Kepa Errasti (Xake produkzioak).

Dena dago asmatzeko. Azpeitiko “Euskal Teatroaren Lekua” jardunaldian batera aurkeztu ziren Garazin Antzerki eta Ganbila bildumak. Ondorengo solasaldian aipatu zen, agian, antzerki liburu garaikidea saiakera izan behar litzatekeela: sortze prozesuen inguruko gogoeta ekartzea paperera, eta talde prozesuen garrantzia. Bestetik, Antton Lukuk aipatu zuen agian asmatzeko dagoela oraindik benetako antzerki liburua; akaso liburua egingo duen artista, ez ezinbestean idazlea, bidali behar genukeela antzerki taldearekin batera biran, eta agian bere ardura izan behar litzatekeela antzezlan horren esentzia sormenaren bitartez liburuko obra berri batean islatzea. Barrenak astindu zizkidan ideiak.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)