Sinadurak

Jon Barberenaren iritzi artikulua: "Neurrigabe neurtzen"

Astelehena, 2019-05-13

Neurrigabe eta neurriz kanpo neurtzen gabiltza gizonok. 27 zapata Argiako blogean neurrien inguruan aritu da berriki Imanol Epelde, eta, bertan, adierazten du urtean 15.000 zakil operatzen direla tamaina luzatzeko asmoz. Nonbait, herrialde garatuetako gizon zuri, heterosexual eta maila ekonomiko ertain edo altukoek paratutako baloreen eskalan, zakilaren tamainak garrantzia handia du. Gizona gizonagoa, maskulinoagoa eta matxoagoa egiten du, eta horrek autoestimuan eragiten omen du. To!

Baina gizonak gorputz perfektuaren neurrien kotazio exijenteenak ez ditu bere buruarengan paratzen. Emakumeari agintzen dio arrakasta erdiesteko, zer nolako neurrien barnean sartu behar dituen bere hezur-haragiak. Neurri horien ingurumarian ibiliz gero, miretsiak izanen dira, lanpostuak erraz erdietsiko dituzte eta produktu desiragarriak izanen dira. Bai, produktu!

Horren adibide ditugu Nafarroa Garaian duela guti pasatako bi gertakari: Garbo Events enpresa irudi oneko bi laguntzaile emakumezko kontratatu nahian ibili zen, Nafarroako Zirkuituan pilotu bat laguntzeko. Ordutegia, 200 euroko soldata eta bularreko 95 edo 110eko neurria izatea ziren onartu beharreko ezinbertzeko baldintzak. Mingarria bada ere, emakumearen titien neurria erabakiorra zen lan horretarako. Bertzalde, Dantxarineako La Nuba diskotekan ere, emakumeendako guztiz iraingarria zen kartel bat erabili duten besta bat iragartzeko. Bertan, emakume baten hanka argal eta zuzenak ikusten ziren kuleroak kasik orkatiletan zituela. Emakumea gizonaren desioak asetzeko beti prest egon beharreko produktu sexual gisara definitzen zuen iragarkiko irudiak.

Sistema patriarkalak marrazten ditu zoriontsuak izateko erdietsi beharreko gorputzen siluetak gure inguruko ispiluetan. Eta horien islan, itxuroso, itxurakeriaz eta itsu gabiltza, baina, ahal dela, itsusi ez. Ez gaitzatela engaina! Ispilu hautsiek forma anitzak eskaintzen dituztenez, harrika zatika ditzagun. Neurriz kanpo dauden kanonei neurria har diezaiegun.

Irudiak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)