Sinadurak

Euskal teatroa(k) I: "Sarrera gisa"

Ostirala, 2020-07-03

(Irudia: Hannah Hoch).

Euskal teatroa(k)erleek ateratako argazkietan

 

I. Sarrera gisa

Hau ez da artikulu zientifiko bat. Jarraian irakurriko duzuna, irakurle, ez da numeroetan oinarrituko dudan tesia, edo informazio nahi hutsez egingo dudan erreportajea. Jarraian irakurriko duzuna urtebetez luzatutako begirada subjektibo baten kronika da.

Uste dut ez dagoela euskal teatro bakar bat. Uste dut euskal teatro batzuk daudela. Niri gustatu ala ez, haiekin bat etorri ala ez, euskal teatroan elkarbizitza egiten duten errealitate ezberdinak daude. Sarriegi, elkar ukitzen ez dutenak. Errealitate horietako batzuk, ez guztiak, ekarri nahi izan ditut lerro hauetara. Ez guztiak, diot, irakurri nahi nituzkeelako beste begirada batzuk ere. Bertakoa begirada posible bat da, nahiz eta ez bakarra. Zentzu horretan, jende gehiago animatu nahi nuke beren begiradak partekatzera, euskal teatro posibleen inguruko gogoetak egitera.

Egoera berri bat

Koronabirusak ekarri duen ezusteko krisialdiaren erdian, guztia izan dira galderak: terrazak mukuru dauden bitartean, antzokiak zabaltzen hasi dira baldintza surrealistetan, kulturgintzarekiko babes falta instituzionala eskandalagarria da, han eta hemen astintzen ari dira udazkenean eta 2021ean etor litekeenaren mamua. Ziurgabetasunak markatzen duen garai honen aurreko egunetan, ordea, euskal teatroaren argazki posible bat ari zen marrazten nire buruan: ez dakit noiz izango den berriz ere posible argazki hori bere osotasunean. Horregatik, pixelak nire buruan desegiten hasi baino lehen, lerro hauetara ekarri nahi izan dut. Artikulu honetan ikuslearen eserlekutik mintzo naiz eta, kasu batzuetan, proiektu batzuetan luzatutako kanpo begiradatik. Egongo dira seguru ezagutzen ez ditudanak, ikustera iritsi ez naizenak. Nire desiorik onenak haientzat ere, dauden lekuan daudela.

Bi eztanda eta artikulu bat

Urtebeteren buruan gertatu zaidan eztanda bikoitz batek bultzatu nau lerro hauek idaztera. LEHENENGO EZTANDA barrukoa, pertsonala, etapa baten bukaera izan da. Miss Karaoke antzezlanaren ibilbidea amaitutzat eman genuen 2019ko udaberrian, bere bidea abiatu zuenetik hiru urtera. Energia handia eskatu digun lana izan da: Metrokoadrokak Pez Limborekin eta Atx Teatroarekin egindako elkarlanari esker inoiz baino jende gehiagok ikusi du gure lan bat. Inoiz baino “urrunago” iritsi gara, baina, berehala, kristalezko sabaia: euskarazko antzezlan, esan dezagun, “ez ohiko” dramaturgiadun batekin zaila da egin ditugunak baino emanaldi gehiago egitea. Amaitu da lanaren ibilbidea, eta berehala datoz galderak: Nola jarraitu aurrera? Gure aurretik hamaika lagunek bere buruari egin dizkioten galdera. Koronabirusak ekarritakoak, galdera hori larriagotu egin du.

Baina jarrai dezagun egoera honen aurreko egoeran. Kreaziotik baino, produkziotik datoz atoan zalantzak: gehiago egiteko, bizirauteko, proiektu berri bat baldintza ekonomiko minimoki txukunetan egin ahal izateko, industriaren ikuspegirik murritzenean murgildu behar zara. Emanaldiak nahi baldin badituzu sare jakin batzuetan modu jakin batzuetan sartu behar zara. Enpresa antolatu, hasi politika egiten, ate egokiak jotzen, ahal dela norbait kontratatu banaketa lana egiteko... Pentsatu modu batera edo bestera “salgarriagoak” izango diren lanak, ahal dela zure urteetako bilaketa kreatiboa guztiz traizionatu gabe. Saiatu produzitzen urtero zerbait, (ia) berdin dio zer. Baina egin. Diru laguntzak ezin dira galdu. Diru laguntza berriak lortu behar dira, eta horretarako estuak dira pasabideak. Bide posible bat da hori, errespetu osoa merezi duena, talentu handia eskatzen duena, baina... ez dago alternatibarik? Ez dago kultura ikusteko beste modu batzuentzako espaziorik? Sormen prozesuaren garrantzia, mediazioa, hezkuntza, transmisioa, kreatiboki arriskuak hartzeari denbora eskaintzea (ikerketa, esperimentazioa) gehienetan ez dira sartzen ekuazioan.

Handitu ala hil, industrialki egituratu ala bazterrean jarraitu, undergroundean, ez omen dago erdibiderik. Eta zenbat aguantatu dezakezu, dagoeneko hain gazte, hain indartsu, hain etorkizun zabala ez duzun horrek bazterreko dinamiketan? Eta honatx nire lehenengo eztanda, barrukoa: GELDITU. EZ EGIN EZER. Guztiak mugitzera, konpetizioan sartzera bultzatzen zaituenean (ustez) eboluzionatzeko, sektorean nor izateko, geratu makineria. Hartu denbora pentsatzeko, mugarik gabe. Biziraungo dugu nolabait, egin dugu lehenago ere: ikastaroak eskaini, kanpo begiradak besteen proiektuetan, kolaborazioak saretu han eta hemen... Geldiune politiko bat egin beraz, ingurura begiratu, disfrutatu besteek egindako lanaz publiko-begirada aktibo batekin; barrura bildu, entzun erraietan aurrerantzean zer egin eta, batez ere, NOLA.

Une horretan bertan, koronabirusa etorri da, aurretik geldirik zetzana guztiz paralizatzera.

greba

BIGARREN EZTANDA, beraz, kanpokoa: gelditasun erabatekoa, frustrantea, kezkagarria. Izan ere, zaila baita etorkizunik gabeko gelditasun ez hautuzkoa kudeatzea, zaila da etorkizunera begirada luzatu ezin denean itxaropena fabrikatzea. Baina, aste batzuetan, halaxe izan da. Shock egoeraren erdian hasi zen amiltzen guztia: antzoki itxiak, agendetatik domino baten gisan erortzen diren kultur hitzorduak, kulturgintza greba, politikari batzuen hitz erdiak eta hitz hutsak. Zin emandako kultur laguntzen zozketa Hegoaldearen parte batean, eskandaloa.

Oroz gain, orain arteko kultur politiken herrenak gordinki agerian geratu direla esango nuke, eta batez ere, kulturgintza grebak, une jakin bateko ekintza sinbolikoa izanda ere, gogoeta arrasto bat utzi duela: batetik, kulturak funtzio sozial bat betetzen du, hezkuntzak edo osasungintzak bete dezaketen moduan, ezin da entretenimenduzko industria huts baten gisan hartu; eta bestetik, kulturgintzaren eremuan bada gero eta ozenagoa den ahalduntze behar bat. Erakunde publikoekin egin beharreko elkarlana errealitatearen parte da, noski, kudeaketa administratibo publikoa da haiena; baina ezin da haien esku egon kulturgintzaren definizioa, kulturaren kudeaketa ideologikoa eta soziala. Ezer ezin da haien zain egon, izan izateko; baina, antzerkiaren kasuan, nola egin antzokiak behar direnean, alegia, gehienetan kudeaketa publikoa duten oholtzak, euskara gutxi edo ia ezer ez duten programazio publikoak? Kulturgintza zabal batek (oholtza gainetik publikora eta eskoletara doana) erabaki behar luke zer den kultura, nola den kultura. Hori nola saretu eta ahaldundu daitekeen da orain misterioa, baina esango nuke ez dela berehala itzaliko ideia horien arrastoa. Kulturgintzaren beraren esku dago kulturgintza ahalduntzea, hori da zailena, eta zirraragarriena.

Eta eztanda bi horien artean, ingurura, dauden proiektuetara, haiek euskal teatroaz esaten dutenera zabaldutako begirada duzue honakoa. Kanpotik barruak asaldatu dizkidaten teatroak. Has gaitezen.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)