Sinadurak

Ugaitz Agirreren iritzi artikulua: “Eta aurtengo urrezko saria...”

Astelehena, 2019-12-16

Bi anaietan zaharrena naiz. Behin baino gehiagotan dantzako entseguetara goazenean, esana digute “anayak ematezue”. Ironia kutsuaren azpian antzekoak garela esan nahi izaten du batek baino gehiagok, baina ezberdintasunak nabarmentzea gustatzen zaigu hain berdinak ez garela adierazteko. Eta ezberdintasunak aurkitze horretan, azkena Durangoko Azokatik bueltan topatu nuen. Gidatzerakoan, berak ez du irratia pizten, zero musika. Isiltasunean joaten da, eta soinu gabezia apurtzeko, bat-bateko bertsoak. Nik, aldiz, ezin dut musikarik gabe gidatu. Momentu gutxi egongo dira egunerokoan musikarik entzun gabe pasako ditudanak.

Halere, bada momentu bat musika gaizki geratzen zaiona: telebistako kirol albistegiak. Eta oraindik gehiago izorratzen dit euskal telebistakoan egiten dutenean.

Moda hau Espainiatik etorri zen (ez dakit Espainiara nondik iritsi zen, baina bost axola horrek). Gogoratzen dut duela urte batzuk Cuatro kanaleko kiroletan, praktikoki Real Madrid eta Bartzelona futbol talde maskulinoei buruz hitz egiten zutenean, pelikula belikoetako soinu banda epikoak jartzen zituztela jokaldiak erakusteko. Hor ikus zenezakeen Messi zelai erdia korrika gurutzatu ostean lurrera erortzen, minduta, aurkariak egindako sarrera tarteko, eta atzetik Gladiator filmeko musika. Horri gehitu esatariaren narrazioa: epikaren epika, negar tanta sorrarazteko intentzioarekin.

Afaltzeko zerbait prestatu, telebista piztu, ea munduan zer gertatu den, kaka! kirolak hasi dira, txiolandian enteratu beharko, “binakako txapelketaren hirugarren jardunaldiko partidak...”, hori ez al da Hans Zimmer-en musika? Eta Altuna lurretik arrastaka ezinezkoa zirudien pilota altxatzen.

Guy Debord situazionistak ez dakit kirolak egun duen espektakularitate dosi barregarri hau aurreikusi ote zuen. Hala ere, bere tesietan ageri den gizarteak izatetik edukitzera eta edukitzetik irudikatzera egindako bilakaera kirol kazetaritzak egin duenaren zalantzarik ez dut. Laster zine sarietarako izendapenak jasoko dituzte.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)