Sinadurak

Ugaitz Agirreren kolaborazioa: "Hamaika koloreko errealitate ilunak"

Astelehena, 2020-01-27

Noizbait poema bat idatzi nuen hitz hauekin hasita: “Pesimista jarrita idatz nezake. Gorrotoz eta panfletismoz zera jator, goxo eta puta hau iraindu eta mehatxatu erosotasunaren tribunatik. Axola handirik ez gainerakoak.”

Hartara bultzatzen nauten berriak egunero ate joka ditut, bata bestearen atzetik. Eternoa da, eta nekagarria, azkenerako.

Fernando Sesmarena irakurri dut. Zer nahi duzu esatea? Konturatzen naiz haserretzen naizela absurdoak diren jarrerekin, eta xede ezkutuen bila bi konspirazio bururatu zaizkit.

Bat: tentelkerien bitartez jendea politikatik urrunarazi eta azkenerako gizartearen administrazioa klase politikoaren esku geratuko litzateke nahi dutena egiteko.

Bi: tentelkeriak handituz joango direnez, azkenerako immune izango gara eta psikiatrikoko zuzendariaren txistea izango da gizartea.

Batean edo bestean, demokrazia izena duenaren aitzakian, XX. mendeko distopia literarioak errealitate bihurtuko dira, nahiz eta guztiz edulkoratutakoak izan. Hamaika koloreko errealitate ilunak.

Ez dakit asmatuko ote dudan, txarra izateaz gain, zaila baitago etorkizuna asmatzea (galdegin meteorologoei). Jada ez dakigu datorren astakeria zenbatekoa izango den, ez eta nondik etorriko den ere. Dena dela, okerrena zera da: egileari berdin izango zaiola nola eragingo dion Besteari. Egia denen gainetik, bakarra baitago: momentuko probetxu pertsonala beste ezeren gainetik. Amen.

Egoki etortzen dira amaitzeko Mikel Urdangarinen hitzok: “Baina ekatzu maria dena ezberdin ikusi dezadan”.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)