Sinadurak

«Oso ikusita dauzkagula uste dugun lekuetan badaude oraindik ikusi ez ditugun gauzak»

Ostirala, 2021-12-31

Kazetaria zara Berrian, eta Gu gabe ere estreinako poema-liburua argitaratu berri duzu. Zer moduz grabagailuaren beste aldean? 

Pixka bat nobedosoa egin zait. Asko begiratzen dudan leku bat izan arren, ni neu jartzea errespetu pixka batekin hartu dut; lehenago ere egin ditut gauzak ITUren bueltan, ez da zerbait berri-berria, baina sentitzen zara biluzik; sentitu dut agertzeko eta ezkutatzeko gogoa aldi berean, hanka bana norabide batean. Baina orokorrean pozik nago, konforme geratu naiz liburuarekin, eta horrek satisfakzioa eta bakea eman dizkit.

Harrera polita izan du.

Mezu ederrak jaso ditut alde horretatik. Arraroa egiten da, zoaz hainbeste denbora dokumentu horrekin aurrera eta atzera… Intriga apur bat sentitzen dut, ea nondik dabilen jendea konektatzen, zer poemekin. Baina, onena, liburua zabaltzea eta ikustea pozik nagoela eta jendea ere ari dela bere esperientzia izaten harekin. Disfrutatzen ari naiz, baina tentsio pixka batekin.

Noiz hasi zinen liburu honetan bildutako poemak idazten? 

Laupabost urtetako garaian idatzitakoak dira, ikasketen eta ITUren bukaera horretatik orain artekoak. Bi erritmotan eraiki da liburua: apurka-apurka pilatzen joan diren poemak daude, liburuaren perspektiba eduki gabe idatzitakoak; eta gero, momentu batean hasi nintzen ikusten baneukala sortatxo bat, 30 poema-edo, eta konturatzen nintzen poemetan bazegoela denbora bat nik jadanik ez neukana nirekin. Krak bat egin zidan horrek. Ikusten nintzen pixka bat despegatzen poema horietatik, eta banekien, lan bat egin ezean hori batzeko, galdu egingo zuela zentzua aurrerago. Liburua egiteko gogoa azeleratu zidan horrek. Jendea ere izan dut inguruan, eta horrek ere hauspotu nau. Aste Santuaren bueltan Leirerekin [Lopez, Susako editorea] hasi ginen buru-belarri liburuarekin lanean. Horrek estutu ninduen pittin bat eta hortik aurrera ere sortu dira poemak. Azkena, inprenta baino 2 aste lehenago.

Horixe galdetu behar nizun: hemen daude idatzi dituzun azken poemak?

Uste dut beste bat daukadala, liburua irten denetik zirriborratzen hasitakoa, baina bestela ez daukat material askoz gehiago. Liburuarekin hasi nintzenean, Leirek esan zidan poema gehiago behar nituela. Egia esan, idazteko momentu arraro samarra izan da azken hilabetetakoa, beste jarrera batekin nengoen-eta: gehiago zen bukaerak topatzera, poemak erresolbitzera, beste kontrol-mota batekin: presenteago izan dut ze tonu ari zen gainjartzen, nola irakurriko ninduten… urrutiratu egingo banintz bezala momentu batzuetan benetan kontatu nahi nuen horretatik, baina tentsio horrek ekarri du poema batzuk sortzea, igual diferenteagoak, liburuari beste kontraste batzuk ekarri dizkiotenak.

Tartean, udan, baimena hartu nuen egunkarian, eta Susan aritu naiz lanean, inguru literarioan murgilduago nolabait, eta horrek lagundu dit ere bai.

Nola idazten dituzu poemak? 

Orokorrean, oharrak hartzen ditut, eta gero ohar horiek lantzeko fasea dago. Bi pauso horiek badauzkat nahiko bereizita. Ikusi edo sumatu duzuna gorde, apunte moduan, audio moduan… eta gero idazten jartzean, landu. Nik lan konstanteagoa egiten dut oharrak batzen eta materiala edukitzen eskura, tartea daukadanerako. Eta gero, berridatzi. Azken hilabete hauetan, materiala sortu behar nuenean, diferentea izan da, ariketak jarri dizkiot nire buruari: poemak itzuli, poema baten lehen lerroa hartu eta ea nora heltzen naizen.

Leirek esaten zidan behar nuela nire bizizaletasunetik ere tira egin, ondo dagoela memoria lantzea, baina islatu behar nuela pittin bat eferbeszentzia hori, sumatzen zena dagoeneko, baina gehiago azpimarratu behar nuela. Intentzio horrekin idazten jartzea beste gauza bat izan da, eta hori liburuak ekarri dit.

Gai eta giro asko landu arren, liburuak bizitzako garai baten kronika dakarrela iruditu zait. 

Aurkezpenean aipatu nuen: Jaime Gil de Biedmak esaten du poema-liburu batek denbora bat biltzen duela, ez du beti zertan horrela izan, zeren poema-liburuak denetakoak daude, baina kasu honetan iruditzen zait denbora bat batzen duela honek, lau urte hauetan ibili ditudan lekuen eta giroen zeharkaldi bat egiten duela. Ikusi nuenean, poema hauekin alderatuta, beste momentu batean nengoela, biltzeko nahia sentitu nuen. Idazketak aukera ematen du horretarako.

Familiak presentzia handia du liburuan, bai eta norbera jaio den gizartearekiko kontzientzia hartzeak ere. Bi ardatzek bat egiten dute «Oporrak» poeman, eta uste dut jende askori ezaguna egingo zaiola egoera; hala gertatu zait niri.

Badaude oroitzapen batzuk, momentu batzuk, ume-garaitik geratzen zaizkigunak iltzatuta. Ni oso-oso gutxirekin akordatzen naiz haurtzarotik, baina une edo irudi batzuk zergatik geratzen dira buruan bueltaka? Agian uste izan duzulalko ikustea hor zerbait momentuan bertan ez duzuna guztiz ulertu. Zure oroitzapen indibidualak memoria kolektibo askoren gurutzaketan kokatzen dira, eta horri heltzen diozunean beste jende asko ere batzen da. Hori garrantzitsua izan da niretzat: hain eremu gertukoan idatzitako poemak izanik, galdera bat zen ea transzenditzen zuten, ea niretzat garrantzitsua den hori esanguratsua den irakurlearentzat. Bizitzaren idazketari dagokionez, niretzat gai handi bat da nola erabili material hori, gainbaloratu gabe zure esperientzia.

Bestalde, idazteko, niri asko deitzen didate inguru horretan ikusten ditudan gauzek. Batzuetan pentsatzen dut: zergatik ez dugu baloratu behar hau ere bai? Distantzia handiagotik idazteko gai direnak, ederki, baina hurbilekoa zergatik ez? Oso ikusita dauzkazula uste duzun lekuetan badaude oraindik ikusi ez ditugun gauzak. Nik nire ahizparekin dauzkadan gorabeherak ziurrenik zure ahizparekin izan ditzazkezunen antzekoak dira. Denon gatazkak eta kontuak ez dira hain desberdinak. Gauza askori buruz pentsatzeko behaketa leku ona izan da familiako eremu hori niretzat.

Beste momentu inportante batek ere azaltzen du zergatik izan dezakeen halako pisua etxe giroak liburuan: familiako belaunaldi zaharreneko hiru pertsona oso denbora gutxian hil ziren, eta giro horretan fokua asko jarri nuen, momentuko memoria hura ere ez galtzeko, besteak beste.

Oker ez banaiz Euskal Kultur Transmisioaren masterrerako egin zenuen halako memoria-ariketa bat etxekoekin, ezta? 

Liburua idaztean ez neukan presente, 4 edo 5 urtetan gauza asko egiten dituzu eta, baina bai, lan hori egiteko, hartu nuen tarte bat gurasoekin hitz egiteko, izeba batekin… Lan horretan aztertu nahi nuen zer gertatu zen Euskal Herrian 50eko hamarkadatik 90eko hamarkadara, eta etxekoei galdetu nien ea nola bizi izan zuten haiek. Hor ikusi nituen gauza batzuk edo galdera batzuk, orain hemen daudenak.

Nola oroitzen duzu prozesu hori?

Oso ederra izan zen ikustea nola pizten ziren aukera eman nienean beren bizipenak kontatzeko. Emozio berezi bat sortzen da, oso sentsazio humano bat, haien bizitza izan denarekiko arreta erakusten duzunean edo galdetzen duzunean: entzuna izatearen sentsazio hori, denoi gustatzen zaiguna. Nik galdetu barik ere materialak ateratzen zituzten, dokumentuak, edo beste gauza batzuk kontatzen zizkidaten. Asko estimulatu ninduen. Norberaren garaiaren kontzientzia hartzearekin eta ulertu gurarekin lotuta ikusten dut prozesu hori. Jakin behar duzu nondik etorri diren gauza asko, zerk eman dion forma zure inguruari, zure pentsamenduari… Gauza batzuetan ikusten baduzu zure munduak eta haienak ez daukatela batere zerikusirik, talka horretan asko dago aztertzeko.

Kanpoko hirietan kokatutako poemak ere bereziak dira, asko gustatu zaizkit. Deskribapenak dirudite, baina badago hor beste zerbait…

Norbere bidea egitearen aldarri hori badagoela uste dut, atzealdean bibrazio bat bezala. Lehen aldiz bidaiatzearen poza aipatzen da, adibidez, ‘Plaza’ poeman. Autonomiaren sentsazio hori oso gauza ederra da; ingurukoekiko ardura eta harremana ahaztu gabe, eta bata bestea baino gorago jarri nahi gabe, baina bilaketa horren beharra eta onura azpimarratzeko gogoa badago:

Kanpora joateak, zauden lekutik mugitzeak, aukera ematen du zure eguneroko bizimodua, zure gogoak, mamuak… beste leku batetik begiratzeko, horiekin bestela konektatzeko. Uste dut liburu osoan badagoela dialogo bat aurreko belaunaldiekin, amona biei eskainita ere badago, eta haien bizitzen inguruan pentsatuta latza egiten zait konturatzea euren autonomia hori garatzeko eta ahal beste elikatzeko zein marjina estua eduki duten. Konplikatua da, elementu askok baldintzatzen duten zerbait, baina, gaurko garaira itzulita, iruditzen zait oso inportantea norberak bere lekua bilatu eta elikatzeko lan hori presente izatea, betiere ahaztu gabe inguruarekiko ardura eta jarrera indibidualistetatik aldenduta. Konturatzen naiz askotan zarata asko izaten dugula inguruan hori oztopatzen.

Hizkuntza oso zaindua dagoela nabarmenduko nuke, hitzak tentu handiz hautatuta. Oso naturala ematen du, baina aldi berean ez dago ezer soberan. Oso landua dagoela nabaritzen da. 

Nire helburua hori lortzea da. Eguneroko hitzak erabiltzea, baina eguneroko hitzek esan dezatela egunerokoan esaten dutena baino gehiago. Hori da ariketa. Askotan, poetikotzat hartzen den hori tonu altuekin eta barrokismoarekin lotzen da, baina nik ez dut hor topatu izan esateko modu bat. Niretzat poesia gehiago da nola egin eguneroko hizkuntzarekin eguneroko hizkuntzan esaten duguna baino gehiago. Hor topatu izan dut gako bat. Asko mareatu gabe; uste dut idazkera on askoren gakoa hori dela, garbitasuna, jariotasuna, leihoa zabalik uztea jendea sartzeko. Lauegi edo soilegi geratzearen mugara hurbildu naiz, eta hori izan da erronka idazketa aldetik: hitz soilekin lan egitea, baina ea gero hegaltxo bat jartzen diedan gorantz, poema bihurtzeko.

Zeintzuk dira zure erreferenteak? 

Ez dakit erreferente garbirik dudan. Etengabe segitzen dut izen eta obra berriak deskubritzen. Liburuan agertzen dira Yannis Ritsos, Jose Luis Otamendi, Cristina Peri Rossi, Vivian Gornick… eta idatzi bitartean inguruan izan ditut beste asko ere, Jaime Gil de Biedma, Anne Carson, Chantal Maillard, Isabel Bono, Susako poema bilduma… Uste dut irakurketa denak filtratzen direla gero, Gornicken kasuan bezala. Askotan liburu batetik bestera gehiago aritzen naiz mokoka, egile jakin baten inguruan ganoraz sakondu baino, eta ez dakit onegia den. Berdin zineman, musikan… Gero nekez egiten dut, baina pentsatzen dut hobeto litzatekeela erreferentzia gutxiago izan, baina horiek hobeto ezagutzea.

Plazara ateratzeari buruzko beste lan bat egin zenuen orain dela urte batzuk, Mikel Ayllon, Ekaitz Goienetxea eta neroni elkarrizketatuta. Nola ikusten duzu orain? 

Kazetari moduan argitaratzen hasi nintzenetik beti bizi izan dut lan publiko hori modu problematikoan. Inbidia ematen didate askoz modu naturalagoan edo ausartagoan bizi dutenak Feminismoari esker gauza asko ulertu ditut, noski, nondik datozen deserosotasun horietako asko. Horrek ere ematen du indarra leku hori hartzeko, eta, tira, baita pentsatzeak ez zaiola eman behar duena baino inportantzia gehiago ere. Ez gehiago, ez gutxiago. Tokatzen denean, leku hori ahalik eta lasaien hartzen saiatu, eta aurrera.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)