Sinadurak

Erreferentzia egokien garrantzia

Astelehena, 2020-09-28

Macondo

Turismoa dela eta ez dela, motxila hartu, zenbait gauza sartu, eta, batek daki nola, hona, Macondora heldu naiz. Arcadio Buendía familiarekin elkartu nahi dut, ez naiz ziur zein belaunaldi topatuko dudan orain boterean, baina, hemen izanda, horrelako pertsonaia inportantea ezagutzeko aukera ezin galdu.

Esan didate Jose Arcadio lehenengoa nahiko hurbil dagoela; asmakizun berri bat sortzen. Bidean, Ursula Iguaránekin gurutzatu naiz. Agurtu eta solasalditxoa izaten saiatu naiz, baina, lana eta familia, familia eta etxea, horrenbeste ardura ditu, ezen, agur bakarrik esaten asmatu duen. Jose Arcadiok, ostera, nahiko pozik hartu nau bere tailerrean; Melquiades ijitoaren laguna edo asmakizuna ote nintzen galdetu dit. Bere asmakizuna izatearen beldurra hazi zait. Gogoeta egin dugu, azken finean emakumea naiz, eta ez naiz inoren ama, ezta alaba galdua, ezta maitalea ere; ez eta prostituta; gaiztoa ere, ez naiz, eta, inork ez luke esango sorginkeriarako dohainik dudanik.

Jose Arcadiok begira dut, zigarroa erre, kea bota, eta Melquiadesi gizon bihurtzeko eskatzea gomendatu dit. Orduan, akaso, bai izango dut zeregina Macondon.

Hausnarketa ilun honetan galduta, Pilar Ternerorekin egin dut topo! Pertsonaia jakintsurik badago Macondon, bera da, horregatik, nire izatearen inguruan galdezka hasi natzaio, berak argi du, hoberena da kartei galdera luzatzea. Burdelera lagundu, mahai inguruan eseri, eta kartak atera ditu. Etorkizunaren irakurketa zuzena egin dit. Hots; bidaiatzean, kontuz ibili behar dut, literatura klasikoko obrekin. Izan ere, bertako istorioetan sartzekotan, prest izan behar naiz laguntzaile, ama, maitale, gaiztoa eta bigarren mailako pertsonaiaren rola neureganatzeko. Emakume izaten jarraitu nahi badut, behintzat.

Izututa alde egin dut bertatik. Apenas agur edo eskerrak eman gabe; ihes.

Motxila hobeto aztertu eta topatu dut nire ondoezaren arrazoia: gaztaroan literatura klaseetan irakur beharreko eleberriz beteta dut. Literatur klasiko gorena, omen.

Motxila hustu egin dut.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)