Sinadurak

Eider Perez-en lehen kolaborazioa "Sinadurak" atalean

Astelehena, 2019-09-09

E-1 ERREGISTROA

Subjektua 1: Zein da lehenengo galdera?

Analista: Itxaron, mesedez. Bat subjektuaren elkarrizketa. […] Ze arraio! Ez dabil. Ze arraio, ze arrai… Bat subjektuaren elkarrizketa. Ez du ahotsik harrapatzen honek. […] Bat subjektuaren elkarrizketa. Bat subjektuaren elkarrizketa! BAT SUBJEKTUAREN ELKARRIZKETA! Orain bai, joño! Bat subjektuaren elkarrizketa. Erregistroaren hasiera: arratsaldeko hirurak, hogeita hamabost minutu, berrogeita hamabi segundo. Berrogeita hamahiru segundo orain, hamalau, hama... Hamazazpi. Nahiko. E-1 erregistroan. Ja.

Subjektua 1: Grazia egin dit. Nik gehiago zehaztuko nuke: subjektu aktiboarekin elkarrizketa. Nahiz pasiboa ere izan naitekeen –erretzaile pasiboa, sexualki pasiboa, pasiboa naiz igande arratsaldeetan, geldoa–. Baina gustatu zait subjektu aktiboarena. Errepikatu: ni subjektu aktiboa naiz. Uau. […] Grabatu behar al nauzu? Ez dut inoiz ahots politik izan. Polita edo. Eta egon izan naiz bestelako sesioetan, baina ez gintuzten grabatzen. Datuak babesten beti, baina babesik ez inon, ohitu naiz. […] Bi astetan argaltzeko hipnosia egin nuen behin –gaizki, desastre, hipnosiak zotina eragin zidan eta utzi egin behar izan nuen– eta gero flotazio bidezko terapia probatu nuen estresarentzat, baina ipurdia ur-azalean mantentzearena da benetako estresa eta ur azalean itotzeak beldurra ematen dit.

Analista: Zure beldurrei buruz galdetzea pentsatua nuen.

Subjektua 1: Beldur bakarra dut, baina egoera askotan errepikatzen dena. Goitik zerbait erortzearen beldur naiz.

Analista: Zehaztu.

Subjektua 1: Kaletik noanean, adibidez. Teila bat eroriko balitzait buru gainera? Edo lorontzi bat? O lorontziak! Lorontzi bat erori eta agur. Eta hau gertatu da, ez da txantxa! Eta lo nagoela liburuz betetako apala aurpegi gainera jausteari panikoa diot, panikoa! Txori-kakei ere bai, tximistei, pinuen erretxinari, esekitokiko pintzei. Eta zoriari zeresanik ez.

Analista: Joño, berriz! Grabagailu zikina. Itxaron, mesedez. […]

Subjektua 1: Zein zen lehenengo galdera?

Esti Unanue

Irudia: Esti Unanue

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)