Sinadurak

Eider Perezen bigarren sormen lana: "E-2 Erregistroa"

Astelehena, 2019-10-07

E-2 ERREGISTROA

Subjektua 2: Urduritasun batek min egiten dizu bularrean.

Analista: Nola?

Subjektua 2: Biriken inguruan sentitzen duzu ezinegona. Bertan nahasten zaizkizu bizi izan ez duzun aukera fikziozkobakoitza eta denboraren abiadura. Pertsona grinatsua zara. Lasai egoten ez dakizun hori zara. Bizitzari estimuz erantzuten diozu, baina zeru gorri bat erortzen zaizu begi-zulotik behera etorburu bat galtzen duzun bakoitzean. Olatu berde konpaktu bat datorkizu bizkarretik, gandorrak buru-gaina pasa eta harrapatu zaitu.

Hor duzu zure arrarotasuna, segur bezain akonplexatua, joan-etorriko naturaltasunean. Miresten duzu jendearen ibilkera, begien jokoa eta azala. Haragiak. Denak batu zaizkizu hor, ezkerreko birikaren eta eskuinekoaren mintzak erre egiten dizu. Eta etorkizunak ez zaitu arduratzen, baina iraganean fosilduko ez zaizkizun kontakizunak bizitzeko nahi konstante bat duzu. Nahiz eta 'gure garaian...' hasten den esaldi bati diozun gorrotoa ikusgarria den. Telefonoko piii bakoitzari adi egon beharrak gaixotzen zaitu. Jakin-minak ez zaitu bakean uzten eta dena jakin nahi duzu.

Errealitatea eskuz ukitzeko zailtasunak dauzkazu, ikusi eta desagertzen den diaporama bat da zure aurrean gertatzen ari dena. Eta ez duzu gelditu nahi, zentzua aldatu besterik ez. 'Nola?' galdetzen duzu baina. 'Nola?' ez dakit nik ere, baina atera zaitez behingoz zure biriken artetik faborez.

Obsesio zehaztugabe bat duzu maite dituzunekiko eta beldur bat. Ahaztearena. Haiek zu edo zuk... Denak emanda bizitzearen eginahal honek nekatu egiten du. Erotasun autentikoa ere hor nonbait gorde zaizu, aspergarria zara askotan.

Sentsazioa irudi batean azaldu beharko bazenu perrexil hostotxoz betetako listua irudikatzen duzu. Zaila dena irensten. Edo neke beroa. Edo palomitaz betetako kartoi busti bat. Bihotz- irekiko ebakuntza. Datil baten testura ahoan.

Analista: Barkatu, bigarren pertsonan mintzatu zara. Baina nori zuzentzen ari...?

Subjektua 2: Ez... inori ere ez. Niri buruz ari nintzen. Niri buruz. Niri buruz nire bigarren pertsonan.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)