Ane Zubeldia Magriñaren poema: «Kale bat, zatika»
Astelehena, 2021-09-13
Kale bat, zatika
Eta beste susmo batek egiten digu tira:
zerbait galdu dugu.
Margaret Atwood, “A Place: Fragments”
Oroitzen ditut prostitutak
callefuenterrabiako ateetan zain,
eta gu maldan behera
korrika pasatzen,
lehenengo mozkorraldia begietan
14 urterekin
etxera bueltan oinez,
eta gorputz haiek
atarietan,
gizonak sartu eta atera,
frantsesa entzuten zen
eta hotzak zeuden izterrak,
goizeko ordubiak edo hirurak,
korrika berotzen ziren gureak
etxera bidean,
callefuenterrabian behera
oihuka
uxatu nahian
zer zen jakin gabe
kitzikatu eta izutzen gintuen hori,
atari haiek
eta emakume haiek zain.
Nik uste dut bagenekiela
haien gorputzak izan zitezkeela gureak,
eta aldi berean,
ezinezkoa zela hori.
Utzi zure iruzkina