Sinadurak

Eider Perezen laugarren sormen lana: "E-7 erregistroaren transkripzioa"

Astelehena, 2019-12-02

E-7 ERREGISTROAREN TRANSKRIPZIOA

Esan zenidan nire burua marrazteko. Marraztu ditut sudur lodi bat, gorbata bat, bi zapata beltz. Izerdia ez nekien nola marraztu. Ilea nahastua eta betondoa zimurtua jarri dizkiot nire aurpegiari. Bekain-zimur joan ohi naiz kaletik, serio, nahigabe. Erakusleihoen aurretik pasatzen naizenean ikusi egiten naiz. Serio elkarri begira ni eta ni. Kopeta zabaldu, bekainak erlaxatu, gorbata zuzen jarri eta bekain-zimurtzen naiz berriz ere. Ile nahastua daramat. Orrazien existentziari ezikusiarena egin eta gustura noa itsusi. Tripa atera egiten zait alkandoratik, baina hori ez dut marraztu.

Burutik beste biribil bat ateratzea pentsatu dut gero. Zirkunferentzia txukun bat egiten saiatu naiz buruaren alboan, baina ez zait atera. Horrelaxe utzi dut. Hor nire ideiak marraztu nahi nituen.

Nire memoria da hori. Irudi solteak marraztu ditut. Gogoratzen naizena. Bizitza sinple bat izan da. Sudur lodi bat, gorbata bat, bi zapata beltz. Entusiasmorik ez.

Marraztu dut Triskys pakete bat, nire ama da horko hori, ondoan loreontzi batekin. Beste hori, baso beltz eta marroi batetik ateratzen ari den otso zuria. Asko gustatzen zaizkit otsoak. Ez dut inoiz bat etxean eduki. (...) Hondartza bat eta arrainak daude hor, nire komuneko horma-paperean daude hondartzak eta arrainak. Negarra ere marraztu nahi nuen, baina izerdia bezalaxe ezin da marraztu. (...) Gutun-azal bat jarri dut erlojuaren gainean. Nire lanekoak dira. Gutun-azalak eta erlojuak. Postaria naiz. Postari gorbataduna. Azenario bat irudi duen hau nire boligrafoa da, tinta ere marraztu diot. Helbide zerrendak idazten ditut egunero. Calle Gran Sol, Hermanos Urrestarazu kalea, Arrandegi 14, 6.B.

Agian ez da bizitza hain sinplea. Nire memoria mekanismo bat da. Bizirik irauteko mekanismo bat. Behar ez dudana fuera. Ahazten dudana joan egiten da bakarrik. Erakusleihoetan gogoratzen dut nire aurpegia.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)