Sinadurak

Garazi Ugalderen sormen-lana: «Ibiltzeko moduak»

Astelehena, 2021-11-22

IBILTZEKO MODUAK

 

Emakume hegoduna naiz,

sustrairik gabeko hegoen miresle,

haizea dudan aldiro,

urrunera abiatzen dena

itzultzeko arrazoi on baten bila.

 

Aintzane Galardi

«Emakume hegoduna»

Hegodun poemak, 2018, Denonartean

 


 

Hegoak eta sustraiak

Horregatik zartatuak ezpainetan

maletak erdi deseginean beti

hanka bat herren, ihes-gogoz bestea.

 

Horregatik «hemen naiz orain»

eta iraungitze-data daramaten

baieztapen zitalen segidak.

 

Horregatik koadernoa aldean nahitaez

memoria ahulari isuriko zaiona

nola xurgatuko.

 

Horregatik kirrinkak sabelean

eta udazkeneko haizeteen

erraiak astindu beharra.

 

Horregatik agur-kantuen letania

eta gauaren begi meheak sorgor

biharamunaren atarian.

 

Hegoak behar ditugulako

sustraitzen garen aldiro.

 


Ihesaren eskola

 

Sabeleko errailen bidazti ginen,

hatz-mamietan generaman oraina.

Titiriteroen noranahiko abileziaz

zapaldu genituen asfaltoa eta mendea.

Baginen nor zubi gaineko dantzan,

helmugatik urrun beti baina lorez

apain horniturik etxea, zer gerta.

Su eztitan utziak genituen

jakin ez arren

itzulera baten osagai guztiak

eta zaindarien gaubeila.


 GARAZI UGALDEREN AURREKO KOLABORAZIOAK

«Erortzeko moduak»

«Habitatzeko moduak»

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)