Sinadurak

Lizar Begoñaren sormen-lana: «Palmondoak atzerrian»

Astelehena, 2021-09-20

PALMONDOAK ATZERRIAN 

Landare tropikal bat atzerriratu nahi dut nire lurralde aberatsera. Exotiko itxura eman nahi diot leku honi, diru eske dabiltzan umeen artetik urrun, oso urrun, atlantikoaz bestalde. Berotegi zuri batean landatu; luzatu dadila mikroklima epelean, benetako itxura hartu arte. Kostalde pazifikoko ama-dortokak ekarriko ditu berarekin, berarekin ekarriko ditu urakan basatiak geldo-geldo, eta irlak; azukrezkoak. 

Hazi esportatu baten souvenir-irrika. Lumaz edo ilez haziko den ez dakit, urik eta eguzkirik gabe haziaraziko dut norabide guztietan. Titia ere emango diot jatorriratu dadin, eta hosto helduek apurka ahaztuko dituzte zurtoinak, enborra eta sustraiak; lurretik urrunago egongo dira beti. Inguratzen zituzten agaveak ahaztuko dituzte, kokodriloak, moskitoak, sumendiak eta kaktusak. 

Galdera bat espainolez: “Allá donde usted vive, las flores, los pájaros, los insectos y los árboles son como los de aqui?”. Zerbait sentitu dugu zizt baina Gin Tonic-ari eman diogun tragoa handiagoa izan da. Tenpluak ere txikiegiak dira alkoholen ondoan. “¿Y las cocinas, y las camas?” Bigarren zerbait sentitu dugu zizt baina bertoko zein kanpokoentzat; badago droga, eta jan, jaten da. 

Palmondoak landatu genituen gure itsaso bazterretan, etxe hesituetan, hainbat hotel eta jatetxetan. Eta hazi ziren urrezkoak balira bezala. Haien inguruan edan genituen koktelak erre genuen tabakoa, dastatu genuen azukrea. Tropikoa etxe atarian kokatu genuen, irudikatuz, imajinazio handiz, lurralde urrun hori. 

Oaxaca de Juárez, Mexiko 

2021eko irailak 6

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)