Albisteak

Ekitaldi bat antolatu dugu azaroaren 26an, #HitzenUberanek10Urte ospatzeko

Osteguna, 2020-11-19

Uberanek 10 urte bete dituela ospatzeko, ekitaldi bat antolatu dugu azaroaren 26an, Viktoria Eugenia Clubean: gurekin izango dira Goiatz Labandibar, Ixiar Rozas eta Mikel Soto.

2010eko azaroan abiatu zen Hitzen Uberan, euskal literaturaren espezializaturiko ataria, Euskal Idazleen Elkartearen eskutik. Hainbat langile izan gara bertan (Uxue Alberdi, Oier Guillan, Danele Sarriugarte eta Imanol Ubeda), eta kolaboratzaile-sare zabal bat izan dugu hasiera-hasieratik. Eskerrik asko denoi. Urteurrena ospatzeko, zuzeneko ekitaldi bat antolatu dugu.

Gaur zortzi izango da, azaroaren 26an, Donostiako Viktoria Eugenia Klubean, 18:30etan. Orain lau urte egin genuen ospakizunari helduta, Hau ez da poeta bat (edo bai) izenburuaren pean elkartu ditugu hiru lagun: Goiatz Labandibar, Ixiar Rozas eta Mikel Soto. Solasaldia egingo dugu haiekin, eta, amaitzeko, poema batzuk irakurriko dizkigute.

Etorri nahi baduzu, gonbidapena eskatu beharko duzu, eie@idazleak.eus helbidera mezu bat idatzita.


 

Goiatz Labandibar

Oiartzun, 1985. Ipuin-liburu batekin atera zen literaturaren plazara; horren ostean, era askotako lanak idatzi ditu: narrazioak (argazkietan oinarriturik), antzezlanak, poesia... Hemen irakur dezakezue Labandibarren poema bat eta hemen, berriz, bere azken narrazio-liburuaren harira egin genion elkarrizketa. Gainera, Uberanen parte hartu izan du kolaboratzaile moduan. Idazlea ez ezik, kazetaria ere bada.


Ixiar Rozas

Lasarte-Oria, 1972. 2000ko hamarkadaren hasieran argitaratu zituen lehen prosazko lanak, eta harrezkero bide oparoa egin du euskal literaturan. Generoen arteko gurutzaketa da bere ibilbidearen ezaugarrietako bat. Azken urteetan, ahotsaren inguruko esperimentazioan aritu da, eta bide horren erakusgarri dira bere azken liburuak: Beltzuria (2014) saiakera eta Unisonoa (2020) poema-liburua. Hemen irakur dezakezue azken horretaz egin genion elkarrizketa.


Mikel Soto

Iruñea, 1978. Historia ikasi zuen, eta, hain zuzen, Unamunori buruzko liburu bat izan zen bere lehen argitalpena. Halere, lotura estua du literaturarekin ere: Hamahiru urtez aritu zen Txalaparta argitaletxeko editore (2018an utzi zuen). Aurten, Suak pizten direnean izeneko poema-liburua argitaratu du. Hona hemen liburuaz egin genion elkarrizketa.

 

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)