Albisteak

Abian da Asel Luzarraga idazleari babesa emateko kanpaina

Asteazkena, 2020-03-04

Asel terrorista? Mesedez! izeneko kanpaina abiatu dute Euskal Idazleen Elkarteak eta Euskal PEN Klubak, Asel Luzarraga idazleari babesa emateko asmoz. Albiste honetan bildu ditugu Luzarragaren kasuari eta atxikimendu-kanpainari buruzko xehetasunak.

Asel terrorista? Mesedez! izeneko kanpaina abiatu dute Euskal Idazleen Elkarteak eta Euskal PEN Klubak, Asel Luzarraga idazleari babesa emateko asmoz. 2009an, Luzarraga atxilotu zuten Txilen, lege antiterroristaren abaroan, maputxeen aldeko testuak argitaratzeagatik. Zigortu eta herrialdetik kanporatu zuten. Euskal Herrian bizi da ordutik.

Luzarragak eta haren abokatu Jaime Madariagak, ez zuten amore eman, eta Ameriketako Giza Eskubideen Batzordearen (AGEB) aurrean salatu zuten Luzarragaren kasuan muntaia poliziala izan zela –su-itzalgailu bat, metxak, 7 gramo bolbora eta torlojuak aurkitu zituzten haren etxean, eta horregatik eraman zuten atxilo–. Iazko abenduan, kasua onartu zuen Batzordeak, eta horren harira abiatu dute orain kanpaina hau, “auzia irabazteko bide luze, zail, nekagarri eta garestian” laguntzak biltze aldera, izan ere badakite “aurrera jarraitzeko, ezinbestekoa d[ela] babesak lortzea, nazioarteko giza eskubideen aldeko erakundeenak, ahal izanez gero”.

Pasa den astean ostiralean aurkeztu zuten kanpaina, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Jarraian duzue hari buruzko laburpen-bideoa. Bestalde, webgune honetan daukazue kanpainari eta kasuari buruzko informazio xehea. Halaber, atxikimendua erakutsi edo kanpaina diruz lagundu nahi izanez gero, bertan duzue aukera.


 

Borrokarako prest

Luzarraga ezustean harrapatu zuen iazko abenduan AGEBek bere kasua tramitera onartu izanak, eta telefonoz azaldu digunez, kasua berpizteak kezka sortu zion hasieran: azken batean, etxean dago, eta libre, eta iruditu zitzaion ahalegin berezia egin beharko zutela, hainbeste denboraren ostean, jendeari kasuaren garrantzia nabarmentzeko. Edonola ere, berehala jaso zuen Euskal Idazleen Elkarteko lehendakari Garbiñe Ubedaren eta Euskal PEN Klubeko kideen babesa, eta jada lortu dute ikusgaitasuna. Egiteko asko badago ere, “bidetxo bat” abiatu dela esan digu.

AGEBek kasua tramitatu ostean, hurrengo urratsak zein izango diren galdetu diogu Luzarragari. Lehenik, AGEBek kasua sakontasunean azter dezan, Luzarragaren abokatuak txosten luze bat prestatu behar du; ondoren, AGEBek salaketa bat aurkez dezake Amerikako Giza Eskubideen Gortearen aurrean, eta, kasua irabaziz gero, Luzarragak absoluzioa eta erreparazioa lortuko lituzke, Interpoleko terroristen zerrendatik kenduko lukete, bidaia-mugak baliogabetu, eta izena garbitu. Idazleak badaki, hala ere, bide luze eta nekagarria izango dela.

Luzarragak aitortu digu, hein batean, déjà-vu batean bezala sentitzen dela, orain 10 urte bizi izandakoa berritzen zaiolako. Aukeran, nahiago luke bere liburuez hitz egin, baina, animoak "edonondik" atera behar direla dio; “borrokarako jantzia ipini”, eta aurrera egiteko prest dago.


 

Kasuari buruzko fikzioa, kronikak eta beste

2011an, Gezurra odoletan izeneko eleberria argitaratu zuen Luzarragak, Txalapartaren eskutik. Txilen kartzelan zegoela hasi zen hura idazten, “fikzioaren bidez Txilen anarkistek eta maputxeen jasaten duten estatu-terrorismoaren berri emateko” asmoz. Hementxe daukazue nobelaren haritik Irakurrieran irratsaioan egin zioten elkarrizketa; Luzarragaren blogean, berriz, nobelaren sorkuntza-prozesuari buruzko xehetasunak eta eleberriaren pasarte bat irakur ditzakezue.

Fikzioaz gaindi, kronika modura ere kontatu zuen Luzarragak bere esperientzia, hain zuzen ere Los buenos nos usan paraguas liburuan. Hitzen Uberan atarian, elkarrizketa egin genion lan haren harira; hemen irakur dezakezue.

2018an eta 2019an eleberri bana argitaratu zituen Luzarragak, biak ere Elkarren eskutik, eta zientzia-fikzioaren eremua landuz: Bioklik eta Inoren munduan. Bigarren lan horren harira, Garazi Albizuak egilea elkarrizketatu zuen Irakurrieran saioan; hemen entzun dezakezue.

 

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)