Amaia Apalauzaren apalategian
Asteazkena, 2021-12-01Apalategian atalean, beren liburu kuttunei (eta ez hain kuttunei) buruz galdetuko diegu idazle eta itzultzaileei hilean behin. Gaurkoan, Amaia Apalauza.
Mesanotxean daukazun liburua: Bost ditut: Nagib Mahfuzen Mila eta bat gauen gauak, Hannah Arendten Indarkeriaz, John Irvingen Besteen ametsak, Simone de Beauvoirren Besteen odola eta Mikhail Zostxenkoren Cuentos sentimentales.
Zure bizitza aldatu zuen liburua: Hitz larriak dira horiek, baina duela urte batzuk asko markatu ninduen Mary Shelleyren Frankensteinek. Azkenaldikoen artean, Aleksandra Kollontairen Erle langileen amodioak, Adrienne Richen Emakumeagandik jaioak eta Paul Kingsnorthen Confesiones de un ecologista en rehabilitación aipatuko nituzke.
Hainbat aldiz irakurtzen hasi arren, inoiz amaitu ez duzun liburua: Vladimir Nabokoven Lolita.
Gogotik oparitzen duzun liburua: Ez daukat beti liburu bera oparitzeko ohiturarik, baina askotan gomendatzen ditut, adibidez, Steinbecken Saguak eta gizonak, Irène Nemirovskyren Arimen maisua eta Nancy Hustonen Jaiotze markak.
Haurtzaro edo gaztaroko liburu kuttuna: Harkaitz Canoren Pasaia Blues. Egia esan, Canoren edozein liburu aipa nezake, baina gogoratzen dut Pasaia Bluesek halako inarrosaldi bat eragin zidala eta oso ongi pasatu nuela nire lagun Karmelerekin hari buruz eztabaidatzen, batez ere istorioaren bukaeraren harira.
Itzuli nahi zenukeen edo nahi izango zenukeen liburua: The Grapes of Wrath, John Steinbeckena (lagun berezi baten omenez).
Negar eginarazi dizun azken liburua: Mohamed Xukriren Ogi hutsa. Aspaldi irakurri nuen, baina uste dut harrezkeroztik ez dudala parekorik irakurri. Xalamoven Kolymako kontakizunak ere aski gogorra da, egia esan.
Barre eginarazi dizun azken liburua: Nikolai Gogolen Sudurra eta Quim Monzóren El perquè de tot plegat.
Irakurri ez izanaz lotsatzen zaren liburua: Fiodor Dostoievskiren Krimena eta zigorra. Euskaraz irakurri nahi nuke egunen batean, ea…
Aldarteak aldarte, sekula hutsik egiten ez dizun liburua: Sergei Dovlatoven edozein; adibidez, Els nostres.
Albiste honen uberan
Eskarmentu handiko itzultzailea da Amaia Apalauza. Azkenaldian, Slavenka Drakulicen Sekula ez liokete euli bati hegalik kenduko (Txalaparta, 2021), Ursula K. Le Guinen Oihan hitzean mundua (Igela, 2021) eta Olga Tokarczuken Erabili goldea hilen hezurren gainetik (Elkar, 2020) —azken hori Sonia Kolaczekekin lau eskutara– itzuli ditu, besteak beste.