Albisteak

Slavenka Drakulic-en «Sekula ez liokete euli bati hegalik kenduko» kaleratu du Txalapartak

Osteguna, 2021-10-14

Slavenka Drakulic idazle kroaziarraren Sekula ez liokete euli bati hegalik kenduko liburua argitaratu du Txalapartak, Amaia Apalauzaren itzulpenean. Bihar aurkeztuko dute, Iruñeko Karrikiri elkartean, irakurketa dramatizatu batekin.

 

Sekula ez liokete euli bati hegalik kenduko: Gerra-kriminalak auzitan argitaratu du Txalapartak. Slavenka Drakulic idazle kroaziarrak Balkanetan pasa den mendearen amaieran izandako izugarrikeriak aztertzen ditu liburu horretan; gerra haren ondorioz, «berrehun mila bizitza inguru galdu, bi milioi lagun bizilekuz aldatu eta estatu berriak sortu ziren». Epaiketetako lekukotzen bidez eta hainbat iturritan oinarrituz, «Drakulicek heriotza, bortxaketa, tortura eta beste hainbat krimenez akusatutakoei ahotsa eta gorputza jartzen die, argitasun asaldagarriz».

Amaia Apalauza Ollok euskaratu du liburua. Aurrez, Drakulicen beste lan bat ere ekarri zuen euskarara: Han ez banengo bezala (Pasazaite, 2018). Orduko hartan fikzioaren bitartez azaltzen zuen idazleak Balkanetako gerraren alderdirik gordinenetako bat: emakumeen aurkako bortizkeria. Hemen irakur dezakezue Apalauzari beste liburu haren harira egin genion elkarrizketa. Besteak beste, zera kontatu zigun, bi liburuak lotuz:

«[Han ez banengo bezala] liburua gogorra den arren, asko gozatu dut itzultzen. Itzuli ahala eta istorioan barneratu ahala, gero eta galdera gehiago etortzen zitzaizkidan burura, gero eta zalantza gehiago. Esate baterako: istorioaren zati bat emakumeen kontzentrazio-esparru batean garatzen da, Bosnian, eta han orotariko ankerkeriak gertatzen dira, benetan krudelak, baina bada pertsonaia bat, kapitaina, esparruaren arduraduna dena, egoera jakin batzuetan bere alderdi gizatiarra agerian uzten duena, hau da, gai da denik eta makurkeriarik handienaz jokatzeko, baina aldi berean familia bat dauka, seme bat, eta une jakin batzuetan gai da barneko sentimenduak azaleratzeko eta hunkitzeko. Zirraragarria da pentsatzea pertsona «normalak» gai izatea gerra-egoera batean gizatxar bihurtzeko, halako doilorkeriaz jokatzeko, eta horrek garbi erakusten du bortizkeria ez dela pertsonen baitan dagoen zerbait (edo ez hori bakarrik), baizik eta sistema bera dela bortitza eta botereak bortizkeriara daramala pertsona. Ildo horretatik, Drakulicen Sekula ez liokete euli bati hegalik kenduko liburua gomendatuko nuke, Balkanetako gerra bultzatu zuten pertsona (gehienbat gizon) horien psikologian arakatzen baitu».


Aurkezpena eta irakurraldi dramatizatua

Liburu aurkezteko ekitaldi bat antolatu dute bihar, hilaren 15ean, Iruñeko Karrikiri elkartean. 19.30etan izango da. Liburua aurkezteaz gainera, zenbait pasarteren irakurketa dramatizatua eskainiko dute. Apalauzak eta Oier Guillan antzezleak hartuko dute parte bertan.


Albiste honen uberan

Txalaparta argitaletxeak liburuari buruzko artikulu jakingarri bat plazaratu du, 30 urte pasa direlako «Jugoslaviako Errepublika Federal Sozialista ohia zatikatzeko bidean jarri» zenetik. Hemen irakur dezakezue: «Indarkeriari buruzko gogoeta, Jugoslavia zenaren desegiteaz harago».

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)