Elkarrizketak

Castillo Suarezekin solasean

Niretako ezinbesteko da irakurtzea ongi idazteko. Bizitzea ere ezinbesteko da liburu on bat egiteko.Ostirala, 2013-02-08

Gure askatasun eremua erraietara murrizten da. (‘Askatasun eremua’ poema).

Castillo Suarezek Urtebetetze festa poesia liburua kaleratu du Elkar argitaletxearen eskutik, egilearen poetikan sakontzeko aukera ematen digun lana. Otsailaren 15ean poemak zuzenean entzuteko aukera izango dugu, Donostiako Koldo Mitxelena kuturunean 19:30ean.

Castillo Suarezekin solasean

POETIKA

Iruditzen zitzaidan Souvenir mugarri bat izan zela eta ezingo nuela zerbait hoberik egin”, aipatu izan duzu. Irudipen hori zama izan da lan berri bat planteatzeko orduan?

Poesia lan dezente idatzi ditut, eta ezin diot neure buruari onartu orain arte egin dudanaren antzeko zerbait egitea. Irakurleek ez dute merezi. Nik neuk ere ez. Horregatik ez naiz ausartu lan berri bat argitaratzera liburuaren kalitateaz erabateko ziurtasuna izan dudan arte. Ondotik kritika etorri da, kritika ona; baina egia da norberaren pertzepzioa eta kritikariarena ez datozela beti bat.

Souvenirren topatutako bidean sakontzea bilatu duzu, aintzat hartu duzu aurreko lana, ala besterik gabe poetika horretako koordenatuetan kokaturik jarraitzen duzu?

Bi lanek badute antzekotasun estilistiko nabarmen bat: bietan erabili dut prosa poetikoa. Nolanahi ere, oraingo honetan saiatu naiz estilo ariketa bat egiten, eta, lehendabiziko pertsonaz haratago, bigarrena eta hirugarrena erabiltzen. Saiatu naiz ere liburuaren protagonista behatzailea izan ez dadin, behatua baizik.

Hainbat aipurekin markatu dituzu liburuko inflexio puntuak, atalak izan litezkeenak. Zure unibertso literariotik gertu dauden aipu horiek aukeratuta hasi omen zinen idazten. Hainbesteko pisua zuten aipu horiek, topatu zenituenean?

Egia da: aipu horiek osatu dute liburuaren hezurdura. Lehendabizi aipuak nituen, eta ondotik etorri dira poemak. Nolanahi ere, horien artean bada bat nabarmenduko nukeena, Yolanda Castañorena. Izan ere, aipu horrek dakar liburuaren funtsa: “Arrain ahula ibaiak eramango du leku segurura. Arrain indartsua bakarrik egongo da, biderkatzen den ahaleginean.”

Literatur unibertso hori aipatu dugularik, idazteko orduan bada idazkeran eragin dezaketen irakurgaietatik aldentzen denik, eta baita ere guztiz kontrakoa egiten duenik, eraginak bilatuz. Zer presentzia dute zure idazketa prozesuan irakurgaiek?

Niretako ezinbesteko da irakurtzea ongi idazteko. Bizitzea ere ezinbesteko da liburu on bat egiteko.

Noizean behin badira poema eta poema artean arnas laburreko aleak. Poesiaren azpigeneroa izan liteke tamaina txikiko poemena, gogoeta ezten, aforismo, haikuen munduaren eragina izan lezakeena. Zeuk horrelakoei begira egon zara, edo gehiago izan da osotasunari erritmo bat ematen laguntzeko baliabidea?

Arnasa hartzeko baliabidea izan da. Oso poema trinkoak zeuden liburuan, eta beste poema motzagoak tartekatu ditut irakurlea ez nekatzeko. Dena den, askoz zailagoa da poema motz on bat egitea, luzea baino.

Poesia idazle gisa, literatur erreferentziei dagokionez egun nora begiratzen duzu, zer zaizu interesgarri? Baduzu azkenaldian bereziki eragin duzun tituluren bat gogoan?

Esan dezaket poesia irakurlea naizela, beste ezer baino gehiago. Euskal Herrian egiten den guztia irakurtzen dut, eta Espainiar Estatuan egiten denaren zati handi bat ere bai. Elena Medel da gaur egungo nire poetarik maiteena. Mi primer bikini lana izugarria da. Baina badira beste idazle batzuk oso gauza interesgarriak egiten dituztenak: Yolanda Castaño, Miriam Reyes, Gemma Gorga, Rikardo Arregi Diaz de Heredia...

EDUKIAK

Oso presente dago bakardadea, aldaera ugarirekin: abandonua, pertsonen arteko distantzia, traizioa…

Nire obsesioetako bat da bakardadea, edo hobeki esan, norberak (hartzen) duen tokia inguruarekiko eta inguruan ditugunekiko. Nire lan guztietan oso agerian dagoen gaia da, baita haurrendako idazte ditudan liburuetan ere.

Liburuan topa liteke, testutik testura, nolabaiteko lotura kronologikorik: ahots poetikoa eta hari buruzko testuinguruaren xehetasunak aldatuz doaz, tarteka adin erreferentzia ezberdinak iradokiz. Badago nolabaiteko sen kronologiko -edo osotasunari dagokionez, narratibo- bat?

Poemak hurrenkera kronologikoan daude antolatuta. Badago bilakaera kronologiko bat. Dena den, haurtzaroa liburu osoan zehar oso presente dagoen aro bat da. Gure nortasuna eraikitzen hasten garen garaia da. Bakardadea ezagutzen duguna. Asko sufrimendurik gabeko garaia dela uste dute, baina ez dut uste horrela denik. Gure ahuleziak gainditzen hasten gara orduan.

Poesia bera izan ohi da oro har poesiagintzaren gai handietako bat. Zeuk ere poesiari buruz, idazteari buruzko gogoetak agertzen dituzun hainbat poematan. Zeri erantzuten dio horrek? Autoironia, distantzia hartzeko modu bat?

Metaliteratura egin izan dut nire lanetan. Gogoeta (ironiko) bat idazteari buruz eta idazle izateari buruz (ez baita gauza bera). Izan ere, poesia bada hausnartzeko bide bat niretako eta, zer esanik ez, idazkuntzari buruz.

POESIA IDAZTEA

Dezenteko jarraikortasunez argitaratu izan dituzu poesia liburuak. Poesia liburuak idazten jartzen zara, edo poemak idatzi ahala liburuak bidean harrapatzen zaitu?

Zorte handikoa naiz ez dudalako argitaratzeko arazorik izaten; areago, idatzita ez nituen liburuak argitaratzeko eskaintzak izan ditut. Neure burua behartu egiten dut liburu bat osatzera. Horretarako argitaletxe baten eskaintza izatea funtsezkoa da. Lehiaketetara aurkezten nintzen, garai batean. Bestela ez nituzke poemak idatziko. Igerian edukiko nituzke, buruan, baina paperera eraman gabe.

Haur eta gazte literaturako hainbat lan argitaratu duzu, baina helduen kasuan poesiaren arloan kokatu duzu ibilbidea. Bazarete batzuk bere literatur ibilbidea poesian soilik (edo ia soilik) oinarritu duzuenak. Sarritan definitzen da poesia beste genero batzuetarako abiapuntu edo zubi gisa. Zer iruditzen zaizkizu poesian soilik oinarritu diren idazleen ibilbideak, liburutik liburura poetika bat sortzeko eta sendotzeko aukera ematen du horrek?

Ematen du eleberri bat beharrezkoa dela idazle titulua eskuratzeko. Nik neuk ez dut neure burua poesiatik aparte ikusten, baina horrek ez nau ardura. Aparteko zerbait da niretako poesia, gehigarri bat, arlo askotan gainera (intelektuala, soziala, afektiboa...), handitzeko eta garatzeko balio didana. Horiek horrela, iruditzen zait hobekuntza hori nabariagoa dela genero bakarrean arituta. Baina hori nire hautu pertsonala da. Ez dut iritzi osaturik beste idazle batzuen ibilbideari buruz.

Numeroei begira poesia esker txarreko generoa dirudi (salmentak, balizko irakurle gutxiak, irakurle taldeetan presentzia eskasa…). Era berean, kontraesana badirudi ere, poesiaren inguruan ekitaldi ugari antolatzen da: zu zeu Eako Poesia Egunetako lan taldeko kide aktiboa zaitugu, errezitaldi ugari antolatzen da, argitaletxeek oro har eutsi egiten diote poesia argitaratzeari. Nola bizi duzu zuk (ustezko) kontraesan hori?

Oso irakurle onak ditu poesiak, ausartak eta fidelak, eta argitaletxeek zaindu egiten dituzte. Krisi garaian bizi gara; hala ere, argitaletxeek eutsi diote poema liburuak argitaratzeari. Gainera, oso gauza ezberdinak plazaratzen ari dira azkenaldian, oro har kalitate onekoak. Sinetsi nahi dut irizpide literarioak galdu ez dituzten argitaletxeak ditugula gurean. Bestalde, poesia da musikatik eta iruditik gertuen dagoen generoa, eta horrek errazten du bere zabalkundea.

Albiste honen uberan:

Elkarrizketa Berrian

Liburuaren aurkezpena

Erreportajea: Azkenaldiko poesiari begirada luzatuz

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)