Erreportajeak

Azkenaldiko poesiari begirada luzatuz

Ostirala, 2013-01-11

(Argazkian: Lucien Etxezaharretaren Begira liburuaren azala, xehetasuna).

Kosta egiten da poesia alerik topatzea irakurle taldeen egitarauetan, baina poesiaren inguruan antolatzen diren errezitaldi eta jardunaldi ugariei erreparatuta literatur zale askoren genero estimatua dela esan liteke. Eta poesia askorik saldu ez arren, argitaratzeari eusten zaio. Azkenaldian plazaratutako poesiari begirada luzatu nahi izan diogu lerro hauetan.

Narrazioa eta saiakera baino gutxiago, baina beti ere antzerkia baino gehiago publikatzen da poesia. Ez da generorik bisitatuena irakurle klubetan, baina urtero argitaratzen dira liburuak. Ez du jende askorik erosten, baina etengabe joaten da poesia entzuteko prest dagoen jendea errezitaldietara. Ez dira urteko liburu loriatuen zerrendetan gehiegi azaltzen, baina poesia ardatz duten aste-egun-jardunaldiak antolatzen dira etengabe han-hemenka.

Antza, kontraesanez beteriko generoa da poesiarena. Gurean kantagintzari eta musikarekin duen harremanari asko zor dio asko poesiaren gizarteratzeak, badu oihartzun sozial bat beraz; ostera beste genero batzuetan trebatu diren idazle askok poesian eman zituzten lehen urratsak (gutxiagotan edo inoiz ez alderantziz), poesiak bermatzen duen esperimentatzeko aukera eta lerro arteko indar iradokitzeak kitzikaturik agian; ibilbide idazle batzuek poesian oinarritu dute batik bat bere ibilbidea, moda eta kanonizazio joera nagusietatik landa poesiagintzari eutsiz urteetan zehar.

Euskarazko poesiagintzan literatur unibertso oso bat topa liteke beraz, bere nabardura eta aldaera guztiekin. Bitxia, arraroa, estua da poesiak izan dezakeen kultur proiekzioaren eta salmenten zein irakurle kopuruaren aldean dagoen aldea, baina irakurle klubetan programatzeko zailak badira ere ezin uka literatur zalerik zaleenen artean duen estimua.

Eta urtero iristen dira titulu berriak, krisien gainean pilatutako krisiei iskin eginez, salmenta-numeroen aginteari muzin eginez. Abenduko nobedadeen harira topatu ditugun titulu berriei begirada luzatu nahi izan diegu erreportaje honetan.

Rikardo Arregi Diaz de Herediaren itzulera

Izan gaitezen zintzoak: benetan inori axola zaio euskaraz idazten duen poeta baten, edozein poetaren, isilune luze baten osteko itzulera? Abenduan Donostian egindako prentsaurrekoari erreparatuz gero baietz esan liteke, neurri batean bederen; poesia idazle ugari elkartu zen bertan, eta bazen gertuko aire bat egilearekin, errespetu bat, ikusmin bat. Harkaitz Canok izan zuen Bitan esan beharra liburua aurkezteko ardura, hauexek izan ziren bere hitzak:Poema liburu bat beti da ospakizun bat garai hauetan, baina Rikardo Arregik poema liburu bat aurkeztea ez da ospakizun bat, akontezimentu bat da. Beraz iritsi da denok zain gauden poema liburua, irakurri gabe komentatua izan dena, eta iruzkindua. Badira beste mundu batzuk eta mundu horietan horrelako gauzak gertatzen dira. Iritsi da oraindik banatuta ez zegoenenean ere gure liburu dendetan eskatu genuen liburua, eta heldu da liburu dendetan eskatu eta oraindik iritsi ez zela erantzuten ziguten bitartean liburu saltzaileen harridura sortzen zuen liburua: 'ba ez zait agertzen ordenagailuan eta ez zara eskatu didan lehena, eta poesia liburu bat dela esaten duzu?' Susmagarria iruditzen zitzaien nonbait poesia liburu batek halako grina sortzea”.

Hamabi urteren ostean kaleratu du Rikardo Arregi Diaz de Herediak Bitan esan beharra, bere hirugarren poesia liburua. Canok berak aipatu zuenez “geruzaz geruza osatutako liburu bat da hau, destilazio urtetsu bat, umotu bat, aurreko poema liburutik hona pasa diren urteak jasotzen dituena, eta urte horien aurreko urte batzuk ere jasotzen dituena, eta etorriko diren beste urte batzuk ere bai”. Poesia idaztearena bestelako erritmoa izan liteke, pausatuagoa, merkatuaren erritmoekin zerikusirik ez duena “urteak pasa dira Kartografia argitaratu zuenetik, baina urteak pasatzea berez ez da meritua, edo bai, apur bat bai, isiltasun poetikoa gauzatzen bada urte horietan izan liteke urteak pasatzea meritua, poeta bere poemei behar duten denbora ematen saiatu bada agian bada meritua urteak pasatzea. Destilazioa urtetsua bada edo poemen geruzetan urtaroak kateatua geratzea lortu badu bada meritua agian. Beraz utzi bakean poetak, beren liburuak idazten urte luzeak pasatu arren”. Rikardo Arregik berak honakoa dio liburuari amaieran lotutako akaberakoan: “Beti pentsatu dut literatur genero honek, poesiak, gaur duen abantaila handiena, beste generoekin erkatzen badugu, askatasuna dela, merkatutik kanpo baitago, ia-ia merkaturik kanpo. Baina poetaren isiltasuna ez da mutua, azken urteetan han-hemen irakurri eta entzun dugu Rikardo Arregi Diaz de Herediaren ahotsa, 'Ez donk armairu' errezitaldian kasu, edo Eako poesia egunetan, edo Hizkuntzaren keinua liburuaren orrietan, adibide batzuk jartzearren.

Rikardo Arregik berak aurkezpenean azaldu zuenez hiru atal -edo liburutan- banatu du lan berria: 'Bizitza = Artea' da lehena, “norberak egin behar du artea bizitzarekin, eta era berean artea ez badago bizirik ez dakit zertarako balio duen”, 'Amodiozko poemak edo' izenekoa da bigarrena “ariketa bat egiten saiatu naiz, nola egin gaur egun amodiozko poemak, amodiozko poesiagintzan egon diren hainbat tradizio aintzat hartuz, poesia probenzala tartean”. 'Requiem' da hirugarrena, 'heriotzaren gaineko atala. Literaturak izan dituen gai topiko horiei buruzko hausnarketa bat egiten saiatu naiz, bizitza, heriotza eta amodioa nire ikuspuntutik azalduta'.

Atalen tituluek argiro iradokitzen dituzte poemen ardatzak, edukien motorrak; haiei gehitu musikaltasuna, gogoeta, sentsualtasuna, une eta paisaien lerro artea. Eta haien artean poesia bera, 'poeta' hitzarekiko kezka, metapoesia. 'Poetak eskari bat onartzen du azkenik' izeneko poema irakurri zuen aurkezpenean, hain zuzen ere, ‘poeta’ hitzarekin arazoak dituen poetak:

(...)

Ikaratu nintzen ikusi nituenean

Arbanassi-tik gertu

Veliko Tarnovo-ra doan bidean hegan,

ene oinen inguruan betiko moduan,

tximeleta txiki zuri beldurgarri haiek.

Informazio sistema sofistikatua

izango zutela pentsatu nuen,

zerbait genetikoa,

kontinentez kontinente eskari zoroa

setatsu zabaltzeko:

Rikardo Arregiri poema bat eskatu,

Rikardo Arregiri poema bat eskatu.

(...)

Sentikortasunez, eta ironiaz, eta umorez ere.

Maiatz, begiratzeko moduak

Maiatz-ek poesia asko jarri digu aspaldian eskura, hala liburu euskarrian nola aldizkariaren orrietan. Maiatz argitaletxeak bi poesia lan plazaratu berri ditu: Ainara Maiaren Chansons d' amour izenekoa, zeinean maitasunaren gaian murgiltzen den zeharo, eta Lucien Etxezaharretaren Begira izenekoa, zeinean bere idazle ibilbide osoan zehar idatzitako poemak eta prosa poetikoak bildu dituen.

Zerk bultzatzen du poeta Begira liburuan? Zein da poesiak tresna gisa eskaini dezakeen bidea? Deskribapenen bitartez oroimenaren xehetasunetan murgiltzen da liburu honetan Etxezaharreta, tarteka prosa poetikoaren bisaia atxikiz. Honakoa dio egileak berak aitzin solasean “hitzak axal baizik ez dira, apaltasunak erakasten du eta gure ezintasuna munduaren erraiteko onartu behar da. Hala ere, hitzek norberarena eta guziena kondatzen baitute, kaldan eta maiz irakitan den gure bizi eta munduaren oihartzun dira. Horrela ditugu izendatzen gure esperantza, etsipen, maitasun, haserre, min eta atseginak”.

Poesia zentzu horretan bada arriskuei aurre egiteko modu bat, desagertzeko beldurrari begirada eusteko, ekiteko senari erantzuteko bide bat. Idatzi gabe utzitako historia gordetzeko era, sentimenduen memoria.

Atxagak poesia, baina ez soilik

Bernardo Atxagak Javier Muguruzarekin elkarlanean kaleratu du Paradisua eta katuak izeneko DVD-liburua. Pamiela argitaletxeak eskutik datorkigu lan hau plazara, litera&musika sailean. Paradisua eta katuak bi sortzaileek hainbat lekutan egindako emanaldien isla da, kasu honetan zehazki Euskal Idazleen Elkarteak eta Donostia Kulturak antolatutako Poesia Orduak ekimenean 2012ko irailaren 3an eskaini saioaren grabaketa.

Honakoa topa liteke liburuaren azalpenean: “Paradisua eta katuak, lehenengoz eta behin, kontaera bat da. Ez ordea tonu edo forma beti berdinekoa, osagarri baititu hainbat atal berezi: ipuinak, poemak, pasarte komikoak eta gogoetak. Batzuetan, katu kontuak aipatzen dira; bestetan, adineko andre batenak edo zeharo pozik dagoen apaiz batenak...”. Atxagak 70. hamarkadan kaleratutako poemak euskal poesiagintzan erreferentzialak izan ziren, zeharkakoa izan da ostera Atxagak poesiarekin izan duen harremana, gehienetan han-hemen egindako agerpenetan generoaren mugak lausotzera, edo zabaltzera, edo deuseztatzera eginez. Atxagak berak honakoa esan zuen Paradisua eta katuak lanaren aurkezpenean (Berriatik ekarritako lerroak):

Poema liburu asko ez argitaratu arren, Atxagak uste du bere lanean «garrantzirik handiena» poesiak duela. «Beti izan da nire kezka nagusia nola egin poesia esaten diogun hori», adierazi zuen atzo, DVD-liburua aurkeztean. «Ez dut erabat konpondu auzia, baina bidean gauza batzuk aurkitu ditudala uste dut, eta hemen dago, irakurlearen eskura, nire saio bat, nola egin daitekeen poesia 2012. urtean». Atxaga, adibidez, aspaldi jabetu zen poesiara joateko duen modu bakarra prosatik abiatzea dela.

Paradisua eta katuak lana beraz ez da agian Atxagaren poesia proposamenik adierazgarriena, baina bai idazleak egun poesiarekiko duen kezkaren isla.

Urtebetetze festa, Castillo Suarezen bosgarrena

Poesiaren arloan garatu du Castillo Suarezek, batez ere, bere literatur ibilbidea. Urtebetetze festa du emaitzarik berriena, Elkarren eskutik plazaratua. Beñat Sarasola izan duen bidaide liburuaren aurkezpenean “pasa den hamarkadako poesiarik osatu eta interesgarrienetako bat da berea. Ia bi urtean behin eskaintzen digu emaitzaren bat. Patxada gehiago hartu du oraingoan, Souvenir niretzat gogoangarri hartatik. Iruditzen zait Urtebetetze festa hau Souvenir haren ildotik doan poema liburua dela; orduko hartan zehaztasun poetiko maila altu batera iritsi zela iruditu zitzaidan, eta honetan zehaztasun horretan sakondu egin duela”. Liburuaren barrunbeetan ere murgildu zen Sarasola “gai nagusietako bat bakardadea da. Pertsonaia isolatuak dira gehienak, ez geografikoki baina bai sozialki eta afektiboki. Ematen du esaten digula Castillok guztiok dugula gure eta munduaren artean halako amildegi bat irekirik, bizitzan disimulatzen saiatzen garen arren”.

Suarezek berak azaldu zuenez bakardadeari ematen dion zentzuak ez du zertan terriblea izan “niretzat bakardadeak ez du zentzu ez tragiko, ez negatibo, ez penagarririk. Poema batean esaten dut: Bikotea bakarrik geratzeko beste modu bat da”. Urtebetetze festa izenburua hain zuzen ere hortik dator, 'bakarrik gaude baina jendez inguraturik aldi berean “bi gai daude liburuan: bakardadea eta inguratzen gaituen unibertsoak'. Unibertso literarioaren berri eman nahi izan du Suarezek poesia lan berrian 'hori nabaria da liburuaren egituratzean, nik hasieran liburu hau egiteko baneuzkan bost aipu eta izenburu bat, ez neukan poemarik. Nik poema liburu bat egiteko lehenbizi egitura bat daukat'. Haurtzaroa ere oso presente dago liburuaren hasieran batez ere, beraz esan daiteke bilakaera kronologiko bat dagoela bertan “batzuetan ez naiz liburuaren protagonista, baina bai behatzen dagoena, horregatik aipatzen da askotan bigarren pertsona, edo batzuetan hirugarrena. Nik uste hitz gutxikoa naizela eta poemetan ere hori nabaritzen dela, saiatzen naizela gauza gutxi esaten eta garbi esaten. Nire poetika ere horrelakoa da; zaila egiten zait hitz bat kentzea nire poemetatik, ez zaizkit gustatzen ez luzamenduak ez apaingarriak”.

Bada poesia eta poeten arrastorik liburuan, poema hauxe horren lekuko:

Hedoi Etxarteren bigarrena, Sinplistak

Hedoi Etxarterena da Susak plazaratu duen poesia libururik berriena: Sinplistak. Liburuaren izaeran murgildu baino lehen, interesgarria da gogora ekartzea Susako editoreak Durangoko Azoka amaitu berritan Gara egunkarian egin zuen gogoeta: “Susaren hiru standetatik bat guztiz poesiari emana da, eta nobela hain genero `zapaltzailea' denez, arrakasta duenean poesia zapaltzen du, Hedoi Etxarteren `Sinplistak' indar handiko lan ederrarekin gertatu den bezala. Eta arantzatxo hori dut, poesia gure genero kutuna da-eta, gehien maite duguna». Gogoetak islatzen du poesiak literatur zaleen artean duen estimua, baina genero gisa beste batzuen aldean dituen zailtasunak.

Nolanahi ere, Etxarteren Sinplistak bere bidea egin du, eta kasu askotan irakurleen arreta eskuratu ere. Suzko lilia poesia liburua izan zuen lehena Etxartek, kasu hartan surrealismoaren ezaugarrietara lerraturik. Oraingo honetan ahots eta estetika propio baten bilaketan barneratu eta proposamen estetiko eta ideologiko sakona egin du egileak, liburuaren orrietan ezezik aurkezpenaren egunean ere ikusi ahal izan zenez. Ohikoan liburuen prentsaurrekoek ez dute tramitetik haragoko ekarpenik izaten, baina Etxartek erakutsi zuen egin daitezkeela bestelakoak ere. Donostian eztabaida bizia piztu zen manifestu-gisako aurkezpenaren ostean; Ahotsenean bide beretik heldu zion idazleak, eta deigarria egin zitzaion askori.

Sinplistak-ek bi gai ditu: politika eta sexua. (...) Sinplistak liburu intelektual bat da, gizakiaren askapena nahi duen pertsona oro intelektuala delako, eta ezin duelako egin nahi duena. (...) Sinplistak-ek uste du kulturako murrizketak normalak are logikoak direla artistek ez badute egiten lana okinek bezala nolabaiteko zentzuarekin, gizarterako zentzuarekin, hau da, haien buruarentzat soilik ari badira lanean eta ez badute kontenplatzen horren helburu soziala nik ulertzen ditut eta alde nago murrizketa horiekin”.

Liburuak hiru zati ditu, triptiko bat nolabait esanda, sinfonia bat, atal bakoitzeko gaiak bariazio moduan garatu eta osatuko dituelako egileak. Zati bakoitzak hamalau poema ditu, beraz simetrikoak dira. Lehendabiziko parteko lehen poemak antzekotasun handia izango du bigarren ataleko lehenarekin... horrela datoz lotuak poemak, eta bitarte horietan arnas luzeko aleak topatzen ahal dira, interludioak. Bestetik, oso habitatua dagoen liburua da Sinplistak, kaleko jendeaz eta bizimodu arruntaren erretratu zorrotza egiten baitu.

Eta honela jarraitu du Amaia Martinezek:

«Psikologoa eta Poeta, biak dira tranpatiak.

Euren jokoaren arauak asmatu dituzte

baina poeta ez da hilaren amaierara helduko

eta psikologoak xanpainaz poteatuko du

Irungo kaleetan, heroi-martiri bihurtu aurretik».

Psikologoa eta poeta eta Pertur’ poematik.

Tomas Tranströmer, bizientzat eta hilentzat

Zaila da poesia itzulpenik topatzea paperean (bestelakoa litzateke Interneten esatea). Nobel sariak itzultzea xede duen Jokin Zaitegi sariari esker heldu zaigu Tomas Tranströmerren poesiagintza paperera: Bizientzat eta hilentzat, poema guztiak 1954-2004. Elkar argitaletxeak bere poesia sailean argitaratu du Juan Mari Aguirreurretak itzulitako lana.

Aguirreurretak liburuaren hitzaurrean eta kontrazalean zera nabarmendu du, Tranströmerren poetikaren adierazle “metaforaren eta irudiaren erabileran maisu, idazleak hizkuntza trinkoa dakar, elisio askorekin, esaldi laburrekin, soberako apaingarririk gabe. Baina ekonomia liriko hori ez da, horratik, freskotasunerako eta naturaltasunerako oztopo. Hizkuntza ez du korapilatzen, ez du zailtzen; alderantziz, estilo arina erakusten du, hizkuntza idatziak ahozkotasuna bilatuko balu bezala. Poesia prosarantz lerratzen da, baina, nolanahi den, zaindu egiten du poemaren egitura, esaldien ebakera, paragrafoen forma eta bertsoen marrazkia. Poemek musikaltasuna eta erritmoa oso markatua dute, indarra daukate”.

Honela amaitzen da Tranströmerren Goizeko txoriak poema, :

(...)

zuriunerik ez da hemen inon.

Zoragarria da ikustea nire poema handitzen

ni txikiagotzen naizen neurrian.

Handitu eta nire lekua hartu du.

Baztertu nau.

Habiatik bota.

Poema amaitu da.

Eta amaitu da, azkenaldiko poesiari luzaturiko begirada labur hau ere.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)