Albisteak

"Inguratzen nauen unibertso literarioaren berri eman nahi izan dut"

Urtebetetze festa poema liburua plazaratu du Castillo SuarezekLarunbata, 2012-12-08

Souvenir plazaratu zuenetik lau urte pasa direnean iritsi da Castillo Suarezen poema liburu berria: Urtebetetze festa (Elkar). "Souvenir mugarri bat izan zela uste dut; ezingo nuela hobeagorik egin”. Yolanda Castaño galiziar poetaren aipu batekin topo egin zuen arte. "Eta aipu horixe izan zen liburuaren sorburua: arrain ahula ibaiak eramango du leku segurura / Arrain indartsua bakarrik egongo da, biderkatzen den ahaleginean”. Bakardadea da gai nagusietako bat liburuan. Inguratzen gaituen unibertsoa, bestea. "Eta ni", zioen liburuaren aurkezpenean Castillo Suarezek, "inguratzen nauen unibertso literarioaren berri eman nahi izan dut liburu honetan".

Urtebetetze festako gai nagusietako bat bakardadea da. "Familian bizi garela esaten da, sozialak garela… baina hein handi batean, gure bizitza bakarrik eraikitzen dugu. Eta niretzat bakardadeak ez du zentzu tragikorik, ez negatiborik, ez penagarririk", argitu nahi izan zuen Castillo Suarezek. 

Bakardadeaz mintzo da. Liburuari Urtebetetze festa izenburua ipini dio, ordea. “Bakarrik gaude baina jendez inguratuta gaude aldi berean", argitu du idazle nafarrak. "Eta denok ditugu buruan haurrak gineneko urtebetetze festak horiek. Nortzuk gonbidatzen genituen gure urtebetetze festara, eta nortzuk ez gintuzten gonbidatzen. Espazio batzuk galdu egin genituen txikiak ginenetik. Eta gehienak ez ditugu berreskuratu”, hala adierazi zuen aukezpen ekitaldian Castillo Suarezek.

Lehenbizi egitura, ondoren poemak

Bakarrik egonik ere, ingurune batean bizi gara. Eta horrek ere badu bere itzala poema liburu honetan. Inguratzen gaituen unibertsoa litzateke, beraz, liburuko beste erreferentzia nagusia. "Eta ni inguratzen nauen unibertso literarioaren berri eman nahi izan dut liburu honetan. Hori nabaria da liburuaren egituratzean”.

Lehenbizi egitura finkatu zuen. Ondoren iritsi ziren poemak. "Liburu hau egiteko baneukan kontzeptu bat, urtebetetze festarena, eta banituen bost aipu: Yolanda Castaño, Helena Medel, Xabier Gantzarain, Iñigo Aranbarri eta Kerobiaren kantu batena. Nire egungo unibertso literarioa edo poetikoa zedarritzen duten egileak dira", aitortu zuen Castillo Suarezek.

Egitura hori finkatu ondoren iritsi ziren poemak. Eta poemetan zehar, beste idazle batzuei egindako keinuak ageri dira, bere poetikan eragina izan duten hainbat idazleen hitzak: "Estankonaren Tundra, Otamendiren Polderra, Medelen Bikinia... Hamaika aipu edo hitz daude, nik keinu gisa erabili ditudanak. Nolabait horiek dira nire urtebetetze festara gonbidatu ditudan egileak".

"Hitz gutxikoa naiz"

Haurtzaroa oso presente dago liburu hasieran. Hori ere liburuko gaietako bat dela esan daiteke. Poemek bilakaera kronologiko bat jarraitzen dutenez, orrialdeetan aurrera egin ahala haurtzaroko gauzak desagertuz doaz liburuan.

Souvenir liburuarekin parekatuz, "estiloari dagokionez iruditzen zait badela alde bat. Souvenirren nitasunetik edo lehenbiziko pertsonatik idatzitako testuak daude", hala dio Suarezek. Liburu berrian, aldiz, "ni behatzailea naizela esango nuke. Ez naiz protagonista; behatzen nagoen pertsona naiz”. Hortik bigarren eta hirugarren pertsonaren erabilera.

Ez da apaingarrietan erortzen den poeta. “Hitz gutxikoa naizela uste dut", dio, "eta poemetan hori nabaritzen da: saiatzen naiz gauza gutxi esaten eta esan beharrekoa garbi esaten. Nire poetika ere halakoxea da. Zaila egiten zait hitz bat kentzea nire testuetatik. Ez zaizkit luzamenduak ez apaingarriak gustatzen”.

Patxadaz irakurtzeko liburua

Beñat Sarasolak egin zituen liburuaren aurkezpen lanak. Patxadaz irakurtzeko liburua dela uste du idazle eta kritikari donostiarrak. "Ezarian hitz bakoitza, lerro bakoitza bere ñabardura guztiekin jasotzekoa. Presak jota irakurriz gero letra artean ezkutatzen den mundu iradokitzaile bezain zorrotz hori galtzeko arriskuan izango zara. Ez da, ez, urtebetetze festa baten zalaparta bitartean irakurtzeko liburua.”. Beñat Sarasolaren aurkezpen-idatzia oso-osorik jasota dago bere blogean. Hauxe esteka: Separata.

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)