Albisteak

Irunen eta Donostian, "Hitzak hegan"

Asier Serrano eta Castillo Suarez arituko dira aurtengo edizioanOsteguna, 2013-02-07

Hain gorabeheratsuak diren garai hauetan, badira sustraituak dauden hainbat ekitaldi. "Hitzak hegan" poesia jardunaldiak, esate baterako. Urte hasierarekin batera Irungo Kabigorri Ateneoan eta Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egin ohi direnak. Aurten, Asier Serrano eta Castillo Suarez idazleak ageri dira gonbidatuen artean. Otsailaren 12an hasiko dira jardunaldiak.

Irun eta Donostia lotzen ditu poesia topaketa honek. Egitaraua ere, elkarlanean osatzen dute Irungo Kabigorri Ateneoak eta Donostiako Koldo Mitxelena Kulturneak. Euskaraz zein gaztelerazko ekitaldiak uztartzeko ohitura dute. Hauxe da aurtengo ediziorako iragarri duten egitaraua.

Konturatuko zareten moduan, badira bitan iragarriak diren ekitaldiak. Asier Serranoren "Hoteleko kantu eta kontuak" esate baterako, bi hirietan eskainiko da. Otsailaren 12an asteartean Donostiako KMn,  eta otsailaren 14an osteguna Irunen. "Guztira hamabi kantek, bost poemek eta lau ipuin laburrek osatzen dute ikuskaria", adierazi digu Asier Serranok.

“Hoteleko kantuak” izeneko diskoa plazaratu zenuen duela urte batzuk Oihukarekin. Disko horretako abestiak eskainiko dituzue topaketa hauetan, ala berriagoak ere tartekatuko al dituzu?

Asier Serrano. Disko hartako abesti pare bat erreskatatu ditugu emanaldirako, eta aurreko bi diskoetako (“Ez esan inori” eta “Gerrari bai”) beste zenbait kantu moldatu ditugu. Azken urte hauetan egindako abesti berriak ere tartekatuko ditugu. Emanaldiak hotel imajinario batean kokatzen diren istorioak kontatzen ditu, eta istorio guztiak daude hari batekin kateatuak. Guztira hamabi  kantek, bost poemek eta lau ipuin laburrek osatzen dute ikuskaria.

Kantuak ez ezik, “kontuak” ere iragarri dira. Kontuen artean, zure poemak izango dituzu hizpide?

Asier Serrano. Kantuetan bezala, testuetan denetik dago: ikuskarirako espreski egindako poemak eta 2001ean argitaratu nuen “Hoteleko kontuak” libururako idatzitako ipuinak. Gure lana, bai testuetan bai musikan, kontzeptua elikatuko zuketen aukeraketa bat egitea izan da.

Olerki Topaketa hauetan, bitan eskainiko duzue saioa: Donostian lehenik, Irunen ondoren. Emanaldi gehiago eskaintzeko asmorik al duzue ala propio topaketa hauetarako saioak izango al dira?

Asier Serrano. Egia esan, duela lau urte utzi genion Antxonek eta biok emanaldia eskaintzeari. Duela sei urte ekin genion proiektu honi eta hogei bat emanaldi eman eta gero atseden hartu genuen. Zuzenekoetara itzultzeko pizgarri bat behar nuen. Irungo eta Donostiako gonbidapen hau jaso genuen eta material berria eta zaharra hasi ginen biltzen; ikuskaria zaharberritzen nolabait esateko. Gabonetan lagun artean erakutsi genuen Eibarko Karrikan, eta Gasteizen Otsailaren 6an aurkeztuko dugu Artiumen. Asmo irekia da honako hau, hotelekoen kontua aitzakia da testu eta kantu berriak txertatzeko, kentzeko edo aldatzeko. Etor daitezela gonbidapenak eta gustura hartuko ditugu.


Olerki Topaketak 2013

Otsailak 12 asteartea, 19:30

"Hoteleko kantu eta kontuak", Asier Serrano

Koldo Mitxelena Kulturenea, Donostia


Otsailak 13 asteazkena, 19:30

"Nefoé. Mujer: mala hierba", Mariluz Secilla

Koldo Mitxelena Kulturenea, Donostia


Otsailak 14 osteguna, 19:30

"La poesía de Irazoki", Francisco Javier Irazoki

Koldo Mitxelena Kulturenea, Donostia

"Hoteleko kantu eta kontuak", Asier Serrano

Kabigorri Ateneoa, Irun


 

Otsailak 15 ostirala, 19:30

"Urtebetetze festa", Castillo Suarez

Koldo Mitxelena Kulturenea, Donostia

"La poesía de Irazoki", Francisco Javier Irazoki

Kabigorri Ateneoa, Irun


Otsailak 16 larunbata, 19:30

"Un lenguaje total", José Blanco

Kabigorri Ateneoa, Irun


Otsailak 17 igandea, 19:30

"Concierto poético", Luis García Montero

Kabigorri Ateneoa, Irun

Antolatzaileak: Irungo Kabigorri Ateneoa, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunea

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)