Erreportajeak

Album ilustratuak, bideak marrazten

Ostirala, 2018-06-01

Haur askok liburuekiko erakarpena sentitzen dute artean irakurtzen ez dakitenean ere. Liburua ez da kontatzen duen istorioa bakarrik, objektua da; usain bat, tamaina bat, eta deskubritu genueneko testuingurua.

Album ilustratua esanda, zenbaitek haurrentzat dagoen eskaintza izango du buruan; baina albumena ez da haurren generoa. Adibide ederra da Harkaitz Cano eta Maite Gurrutxagaren Tigre batekin bizi izenekoa (Elkar, 2017). Antxiñe Mendizabal Aranbururen eta Iraia Okinaren Emakume burugabea eskutan hartzen duenak ere nekez lotuko du haur literaturarekin.

Mendizabalek dio aspaldi zerabilela istorioa buruan: “beti iruditan ikusi izan dut, film batean bezala. Azken finean, emakume baten barne bidaia kontatzen du eta mugimenduan ikusten nituen irudiak. Iraiarekin harremanetan jarri nintzenean, ez nion testurik aurkeztu; istorioa ahoz kontatzen nuen bitartean, zirriborroak egiten nizkion, horixe izan zen lana azaltzeko modua. Beti pentsatu izan dut dantzan jakingo banu edo marrazten era horretan adiraziko nuela”.


Aitziber Alonso: “Ilustratzailea ere idazlea bezain sortzailea da”


Genero hau sustatzeko ahalegineta dihardu Etxepare sariak urterik urte. Iaz, Azpiazuk eta Paula Estevez-ek irabazi zuten, Arraroa lanarekin eta aurtengo irabazlea hilabete honen amaieran jakinaraziko dute. 2016an Isaak Martinezen eta Liébana Goñiren Zerua gris dago albumak jaso zuen garaikurra eta 2015ean Pello Añorgak eta Jokin Mitxelenak Munstroek pixa egiten dute ohean lanari esker.


Ainara Azpiazu: “ Idazleekin lan egitean orain, ezberdin ikusten dut nire lana”


Ilustratzaile fina delako ezaguna da Azpiazu, baina saritutako lanean idazle lanak hartu zituen bere gain. Bere esanetan, gehienetan ilustratzaileei testua emana datorkie eta haiek testuaren gai, tono eta ezaugarrietatik sortzen diren ideietatik egiten dituzte irudiak: “Bigarren urratsean kokatuta gaude, eta horrek baldintza batzuk sortzen ditu. Nik, ordea, albumaren ideia zerotik sortzeko gogoa nuen, uste nuelako badudala zer kontatua eta idazten oso trebea ez banaiz ere, albumak eskatzen duen testu mota egin nezakeela iruditu zitzaidan. Azken batean, komikiak sortzen ditut eta komikietan neronek egiten ditut gidoiak”. Biko-teka ikastaroa izan zuten prozesu hura lantzeko aitzaki: “Oso ariketa interesgarria iruditu zait, niretzako albumak sortzeko modu adostu bat suposatu duelako, lehen hitza idazten hasi aurretik hasten den prozesu bat. Proba bat izan zen, aukera berriak ikusten dizkiot albumari orain, tarteka nire testu eta irudiekin sortutakoren bat egitea gustatuko litzaidake. Eta idazleekin elkarlanean segi ere bai, noski. Idazleekin lan egitean orain, ezberdin ikusten dut nire lana”.


Zer da album ilustratu bat?

Teresa Duranek dio album ilustratua objektu kultural bat dela, liburu-formakoa, irudien eta testuen hizkuntzen arteko esperimentazio baten emaitza den”. Maiz, liburu ilustratuekin nahastu izan dira, baina Xabier Etxanizek, EHUko irakasleak, honela azaltzen du bereizketa: “Liburu ilustratuan testu bat dago, berez ulertzen dena. Hau da, irudiak erakutsi gabe ipuina konta dakioke norbaiti (liburu ilustratu ederrak dira, esaterako, Makilakixki, Sorgin gaiztoa, Gizon harrigarriak… bildumakoak). Albumean berriz testua eta irudia interpretatu behar dira mezua guztiz ulertzeko”.


Xabier Etxaniz: “ Testuak dioenaren kontrako mezua adierazi dezake ilustrazio batek”


Etxanizek nabarmentzen du informazio gehigarria dakarrela irudiak; “batzuetan testua dioenaren kontrako mezua adieraziz: Esaterako Willy lotsatia albumean zera esaten zaigu Willy aldatu egin dela, indartsu egin dela, lotsa galdu duela… baina gero, benetan, irudietan kontrakoa adierazten zaigu. Edo Buruko hura… albumean testuak inoiz ez du esaten zer den satorrak buruan duena, irudietan argi eta garbi ikusten dugu zer den zera hori; alegia, aipatzen ez den gauza hori (kaka, alegia). Horregatik albuma liburu ilustratua baino zerbait gehiago da, bi kodeak irakurri behar diren produktua. Testua eta irudia”.  Ilustrazioa idazketaren azpian kokatu izan da maiz, baina albumetan parean behar lukete bi elementuak. “Badira testurik gabeko albumak ere. Irudien bidez hain garbi adierazten da istorioa ezen ez baita testurik behar”.


Albumaren herrenak 

Argitaletxeek zailtasunak dituzte halako lanak argitaratzeko. Salmenta baxuak izan ohi dira, eta kostu handiko argitalpenak izaten dira. Mendizabalek Elkar-en egiten du lan eta baieztatzen du helduei zuzendutako albumek are zailtasun handiagoak dituztela: “Normalean kosta egiten da argitaletxe batek albumean inbertitu duen dirua berreskuratzea. Halere, argitaletxea prest egon liteke zenbait salbuespen egiteko”.

Errepo04

Haurrak eta ilustrazioak errazago lotzen ditu irakurleak eta irteera hobea izaten dute argitalpenok. Hala ere, lanetako asko itzulpenak dira. Argitaletxeek nahiago dute apustu seguru samarra egin eta klasikoak euskaratu ohi dituzte. Ezagunak dira Hervé Tullet-ek koloreak ardatz hartuta osatutakoak , Chen Jiang Hong-en Han Gan-en zaldi magikoa edo Michael Grejniec-en Nola dastatu ilargia?.

Goi-mailako itzulpenak egiten dira tarteka. Esaterako, Kalandrekarako Arkaitz Goikoetxeak Maria Nuñezen Kokoriko (Txo!, 2009) liburua maisuki itzuli zuen.


Errepor05

Ilustratzaile bikainak

Ilustratzaileen uzta oso oparoa da Euskal Herrian. Elena Odriozola, adibidez, saritua izan da maiz Euskal Herrian eta hemendik kanpo. Lan hauetan nabarmendutako  Aitziber Alonsok  dio Euskal Herriko ilustratzaileen  maila oso ona dela: “Nabari da ilustratzaile berriek ilustrazio ikasketak egin dituztela. Geure garaian ez zegoen aukera hori eta arte ederrak edo diseinuko ikasketak egiten genituen”. Lanbidearen ikusgarritasuna ere handitu dela dio: “Beste ilustratzailearen lana geroz eta ezagunagoa da, beraz, jende gehiago animatzen da lanbide honetara. Bestalde, sare sozialak direla-eta mundu osoko ilustratzaileen lana eskura dugu”.

Abiapuntuari dagokionez, testua edo marrazkia, bietarik edozein izan daiteke hasiera, baina Alonsoren esanetan “normalean ilustratzailea idazlearen mende egon da orain arte. Idazlearen lana iristen zitzaizun eta harekin hitz egin gabe geure lana egiten genuen”. Dena den, harremana estutzen joan dela dio eta  gaur egun idazle eta ilustratzaileak proiektua bien artean aurrera ateratzen dutela, elkarren proposamenak entzunaz: “modu honetan emaitzak askoz ere aberatsagoak dira, eta behingoz alde batera uzten dugu ilustratzailearen lana testu bat apaintzea denaren ideia. Ilustratzaileak testuari bere ikuspuntua ematen dio eta gauzak gehitzen dizkio testuari. Ilustratzailea ere idazlea bezain sortzailea da”.


Eider Eibar: “Asteak pasatu ohi ditut teknika, trazoa, kolore gama eta pertsonaien ezaugarriak erabakitzen”


Hala ere, oraindik ere gehienetan idazlearenak dira lehen pausoak. Eider Eibarrek dio testua jasotzen duenetik asteak pasatu ohi dituela teknika, trazoa, kolore gama eta pertsonaien ezaugarriak erabakitzen: “Testua hainbatetan irakurri eta bertan aipatzen diren ezaugarri fisikoak zein koloreen erreferentziak apuntatzen ditut lehenengo. Gero pertsonaien diseinua eta marrazkien ezaugarriak erabakitzeari ekiten diot. Ondoren testua berriz irakurtzen dudan bitartean ilustrazio bakoitzaren konposaketa erabaki eta zirriborroa irudikatzen dut eta, azkenik, ilustrazioak egin”.

Esandakoa, album ilustratuak ez dira haurren jolasa bakarrik.


Gomendatutako album ilustratuak:

Aitziber Alonso: Sendak Maurice - Piztiak bizi diren lekuan.

Ainara Azpiazu: Valerio Vidali eta Violeta Lopez - 'El bosque', Kitty Crowther - Ama Medusa, Marta Altés - 'Soy un artista'. 

Xabier Etxaniz:   Werner Holzwarth-en Buruko hura nork egin zion jakin nahi zuen satortxoa eta  David McKee-ren Elmer.

Eider Eibar: Jokin Mitxelena, Pello Añorga - Munstroek ere pixa egiten dute ohean.

Errepo02

Errepo03


Album ilustratuaren aldeko manifestua

  1. Edozein pertsonak, duen adina duela, artea eta edertasuna behar ditu munduan bizitzeko.
  2. Lagunekin edo familian egiten diren irakurketak maitasuna dira, nahiz eta bakarka irakurtzearen plazerra ere gauza ederra izan.
  3. Testua eta irudia elkartzeak kodigo perfektua lortzen du eta pentsatzen, esanahiak ematen eta hunkitzen laguntzen digu.
  4. Album ilustratu batek urtebetetzetako tarta batek edo kaba botila batek baino gutxiago balio du, eta bizitza guztia irauten du.
  5. Berreraikitze narratiboarei esker pertsonek mundua ulertzen ikasten dugu eta gure existentziari zentzua ematen.
  6. Orrialde batetik besterako jauziak gure irudimena kitzikatzen du eta amaieran, gehiagoren gosez geatzen zara.
  7. Istorio ilustratuek pertsona gisa kokatzen laguntzen digute, gertaeren protagonista izaten, eta bakarrik ez gaudela konturatzen.
  8. Heldu batek liburuan gertatzen dena ulertzen ez badu, haur batek azalduko dio.
  9. Albuma kaxoi batean ahaztuta daukan pertsonak, berriro topatzen dutenean, berriro jasoko du opari horren poza.
  10. Mundua behatzeko gelditu egin behar da, hausnartu, pistak bilatu, eta album batek denbora geldiarazten du.
  11. Album ilustratuek sentsibilitate artistikoa aberasten dute, izpiritu kritikoa garatzen dute eta askabide dira.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)